Iruñean osatuko da finaleko zortzikoa

740.5 punturekin abiatzeak sekulako lasaitasuna eman behar dio bertsolari gipuzkoarrari./JOSE MARI LÓPEZ
740.5 punturekin abiatzeak sekulako lasaitasuna eman behar dio bertsolari gipuzkoarrari. / JOSE MARI LÓPEZ

Joan den astetik daude agortuta 17:00etatik aurrera Anaitasuna kiroldegian jokatuko den azken finalaurrekorako sarrerak

Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre. Sei bertsolari horien aukerak ez ezik, gaur banatutako puntuen arabera finalean edo finaletik kanpo gera daitezkeen beste batzuen etorkizuna ere izango da jokoan arratsaldeko 17:00etan Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken finalaurrekoan.

Hortxe osatuko da, hain zuzen, abenduaren 17an BECen jokatuko den finaleko zortzikoa. Amets Arzallusen ondoan finalista izan daitezkeen zenbait bertsolariren izenak ia ziurtzat jo daitezke, gaur ariko direnak sekulakoa eginda ere nekez lortuko baitute horiei tokia kentzeko behar duten puntu mordoa lortzea.

Edonola ere, gauzak dezente alda daitezke Anaitasunan epaile lanetan ibiliko direnek banatutako puntuen arabera. Hortaz, gaurko saioa izango da bertsotarako, baina baita ere kontuak egiteko. Gogoratu oholtzan azalduko direla lehen itzulian lortutako puntuekin, eta horiei gehituko zaizkiela, behin betiko puntuazio erabakigarria lortzeko, gaur jasotakoak. Une honetan, honelaxe daude gauzak:

Bigarren saioa gaur jokatzen dutenak:

Aitor Mendiluze 740.50

Aitor Sarriegi 705

Miren Amuriza 678.50

Oihana Iguaran 671

Unai Agirre 667,5

Alaia Martin 651

Behin-behineko sailkapena, sei horien faltan:

1. Maialen Lujanbio 1.457,5

2. Igor Elortza 1.413,5

3. Sustrai Colina 1.406,5

4. Beñat Gaztelumendi 1.389

5. Jon Maia 1.356,5

6. Jon Martin 1.339,5

7. Julio Soto 1.339,5

8. Nerea Ibarzabal 1.338,5

9. Jone Uria 1.337,5

10. Agin Laburu 1.324,5

11. Iñaki Apalategi 1.281,5

12. Etxahun Lekue 1.271,5

Sarrerak joan den astean amaituta, ez da lehiatilarik zabalduko, eta saioa Bertsoa.eus atarian eta ETB4n jarraitu ahal izango da zuzenean 16:55etik aurrera Aitzol Barandiaranen eta Uxue Alberdiren eskutik. Saioko aurkezlea, berriz, Alaitz Rekondo izango da.

Saioaren ostean, ez da animaziorik faltako Iruñean. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertsoaroa zikloaren baitan ez ezik, Euskarabideak eta Iruñeko Udalak Euskararen Egunerako prestatu duten egitarauaren barruan dago Iruñeko finalaurrekoa. Hala, egun horren inguruan hainbat ekitaldi prestatu dituzte bi erakundeok eta, besteak beste, finalaurrekoaren ostean Esne Beltza eta Trikidantz taldeen kontzertua izango da, Iruñeko Antoniutti parkean 23:00etatik aurrera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos