Iruña-Veleiakoa, "irekirik jarraitzen duen auzirik zaharrena"

Aztarnategian lanean, 2006 urtean. /J. TXABARRI
Aztarnategian lanean, 2006 urtean. / J. TXABARRI

Eliseo Gil eta Idoia Filloy aztarnategitik bota zituzteneko 9. urteurrenean, "gai honen inguruan dagoen isiltasuna hauts dadila" eskatu du SOS Iruña-Veleiak

M. IMAZ

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu berri dute Iruña-Veleiako aztarnategiko lanen jarraipena sustatzeko. Jaurlaritzak, hain zuzen, 100.000 euro jarri ditu eremu harresituaren hegoaldeko atea berreskuratzeko, Aldundi arabarrak diseinatutako 2010-2020 planaren baitan.

Etorkizunerako planak aurkeztu zituzten erakundeek, baina badira taldeak aztarnategi polemiko honen iragana behar bezala argitu gabe dagoela uste dutenak. Hala, ohar bat zabaldu du SOS Iruña-Veleiak, eskatuz "hauts dadila gai honen inguruan dagoen isiltasuna". Azaroaren 19an betetzen dira hain zuzen bederatzi urte "Iruña-Veleiako aztarnategitik Lurmen bota eta gaia auzibidean jarri zutela", eta data hori baliatu dute gogoratzeko "Eliseo Gil eta Lurmeneko bi kolaboratzailek epaitegiaren erabakiaren zain" jarraitzen dutela, "sekula heltzen ez den erabaki horren zain". Hori da, diotenez, "gure herrian irekirik jarraitzen duen auzirik zaharrena da askogatik. Une honetan auzia Arabako Audientzia Probintzialaren eskuetan dago, erakunde honek erabaki behar du behin betiko artxibatu ala epaiketara eraman".

Horrenbestez, "Arabako Epaitegiaren geldotasun etsigarria salatu" nahi dute, eta erakunde horri exijitzen diote "hartu dezala behingoz erabakia. Kasua artxibatzea eta ondoren piezen lagin bat Arkeometrian espezializaturiko laborategietara eramatea da, gure ustez, hartu daitekeen erabaki bakarra". Eliseo Gilen egoera ere badakar gogora oharrak: "bederatzi urteko 'aulki-zigorra', mediatikoki kondenatua, bere lanbidean jarduteko de facto ezgaitua, sekula iristen ez den erabaki judizialaren zain. Benetako kalbarioa, benetako tortura"

Gilek eta Filloyk egindako lana ezbaian jarri zuten txostenen "nola-halako kalitatea eta objetibotasuna" zalantzan jarrita, SOS Iruña-Veleia elkarteak uste du gauza asko gertatu direla 2008ko azaroaren 19az geroztik. Haien ustez, "garrantzitsuena izan da grafitoen benetakotasunaren eta arkeologoen praktika onaren aldeko hogeitaka txosten egin eta aurkeztu direla, nazio askotako ikerleek idatziak".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos