Firma-bilketa, Iruña-Veleiako grafitoen azterketa independentea eskatzeko

Ostegun honetan Gasteizen egin dute agerraldiko argazkia./
Ostegun honetan Gasteizen egin dute agerraldiko argazkia.

'Iruña-Veleia Argitu' ekimena kulturako eta beste eremu batzuetako izen ezagun ugariren babesarekin abiatu da

Benito Lertxundi, Eñaut Elorrieta, Fermin eta Javier Muguruza, Aiora Renteria, Alex Sardui, Olatz Zugasti, Gorka Knörr edota Gontzal Mendibil musikarien artean, besteak beste. Bertsolarien artean, izen gutxi batzuk aipatzeko, Xabier Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña edo Unai Agirre. Pako Aristi, Joan Mari Irigoien, Edorta Jimenez, Toti Martínez de Lezea edota Patxi Zubizarreta idazleen taldean. Garbiñe Biurrun epailea. Patxi Zabaleta eta Patxi Uribarren euskaltzainak. Irakasleak, aktoreak, kazetariak, artistak, ingenieriak, arkeologoak, ikertzaileak... Ia 150 sinadurarekin abiatu da Iruña-Veleiako auzia argitzeko, bertan aurkitu ziren grafitoen azterketa independentea eskatzen duen ekimena.

Iruña-Veleia Argitu plataformak jarri du abian firma-bilketa, horren kide direkarik SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria, Martin Ttipia eta Lurmen zenbait independenterekin batera. Plataformak, hain zuzen, uste du Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohika eta haren bi kolaboratzaile grafitoak faltsutzea egotzita auzipetu badituzte ere han azaldu ziren 400 piezak faltsuak direla ez dela frogatu.

Bi eskaera zehatz

Hainbat sinatzaile tartean zirela ostegun honetan Gasteizen egin den agerraldian bi eskaera oso zehatz plazaratu dituzte. Batetik, «piezen lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea» eta, bestetik, «parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela Lurmenek grafitoen agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan». Aurreneko proposamenari dagokionez, haien ustez «hiru laborategi ezberdinetan egin beharko lirateke analisiak, kasu berezietako protokolo zorrotzak ezarriz».

Sinatzaileen ustez, alegia, «ezin da denbora gehiago egon auzia argitu gabe; batetik, begi-bistako arrazoi humanitarioengatik, eta bestetik, garrantzi ikaragarrikoa delako grafitoak benetakoak ala faltsuak diren jakitea. Eta ez bakarrik euskararen historiarentzat, baita beste ezagutza-arlo askorentzat ere». «Badakigu jakin erraza dela egia aurkitzea datazio teknika modernoak erabiliz, ohikoak gaur egungo arkeologian» diote baina, salatu dutenez, auziak zabalik daramatzan urteetan ez dira egin eskatzen dituzten azterketak.

Eta Iruña-Veleiako afera orain dela urte asko piztu zen. Agerraldian aurkeztu duten manifestuak gogoratzen duenez, «Arabako Foru Aldundiak, 2008ko udazkenean hartutako erabaki baten bidez, ofizialki faltsutzat jo zituen 2005 eta 2006ko jardunaldietan Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako «ezohiko grafitoak», eta indusketa-baimena kentzea erabaki zuen Lurmen S.L. enpresari. Handik gutxira, zigor-espedientea irekiz, auzibidean jarri zituen enpresa horretako hainbat kide eta kolaboratzaile».

Erabaki hura «Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) irakaslez ia guztiz osaturiko Batzorde Zientifiko Aholkulariaren zenbait txostenetan oinarrituta» hartu zuen Foru erakundeak. «Piezak faltsuak zirela eta Lurmenen arkeologia jarduna txarra izan zela» esaten zuten txosten haiek. Horri aurre egiteko, «2009 eta 2013 artean, Lurmenen defentsak hogei bat txosten aurkeztu zituen epaitegian guztiz kontrakoa esaten zutenak, hau da, piezak benetakoak izan daitezkeela eta Lurmenen arkeologia jarduna egokia izan zela». «Hainbat naziotakoak dira txostenon egileak eta horietako gehienak izen handiko adituak grafitoetan agertzen diren gaietan», nabarmendu dute.

Hala ere, ez dirudi eragin handirik izan dutenik txosten horiek, auzia instrukzio fasean bederatzi urtez egon ondoren -«gure herrian irekita dagoen auzi judizial zaharrena» dela ekarri dute gogora- auzipetuek maiatzean jaso zuten akusazio-idatzian zigor handiak eskatzen baitira haientzat. Eliseo Gilentzat Arabako Foru Aldundiak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 285.000 euroko isuna eskatzen du, eta Estatuko Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela eta ia 300.000 euroko isuna. Oskar Escribanorentzat berriz, bost urte eta erdiko kartzela eta antzeko isunak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos