Irene Larraza izendatu dute Etxepare Euskal Institutuko zuzendari

Irene Larraza bere jaioterrian, Tolosan/Lusa
Irene Larraza bere jaioterrian, Tolosan / Lusa

Kazetari tolosarra Etxepareko Kulturaren Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria izan da orain arte, eta hemendik aurrera Miren Arzalluzen kargua beteko du

DV

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Irene Larrazaren izendapena onartu du astearte honetan saioan, Etxepare Euskal Institutua zuzentzeko. Kazetari tolosarra Etxepareko Kulturaren Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria izan da orain arte, eta orain Miren Arzalluzen kargua beteko du. Arzalluzek erakundea utzi du Parisko Palais Galliera moda museoa zuzentzeko.

Irena Larraza (Tolosa, 1970) Komunikazio Zientzietan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta kulturaren eremuan ibilbide luzea egin du. Erantzukizuneko lanpostuak bete izan ditu komunikazioaren eta kultur kudeaketaren eremuetan.

Hasieran, Herri Irratian esatari eta erredaktore lanetan aritu zen hiru urtez. Ondoren, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Sustapenaren eta Hedapenaren arduradun izan zen hiru urtez, eta zortzi urtez izan zen Syntorama musikarien ordezkaritza agentziako Sustapenaren, Komunikazioaren eta Editorialaren arduradun.

2008 eta 2012 artean Tolosako Udalean egin zuen ibilbide profesionala Kulturako koordinatzaile eta zuzendari gisa, eta 2012tik Etxepare Euskal Institutuaren taldeko kidea da. Bertan, Komunikazio arduraduna izan zen aurrena, eta 2016ko azarotik Kulturaren Sustapen eta Hedapen zuzendaria hurrena.

Izendapen honekin, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak jarraipena eman nahi dio duela urtebete Miren Arzalluzekin hasitako etapari, erakundea, herrialdearen kultur ehuna eta bere premiak sakonetik ezagutzen dituen pertsona honen bitartez, bere aurretik kargua bete zuenak abian jarritako proiektua ondo asko ezagutzen duela kontuan hartuta gainera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos