Irakurketa eta kultura, denon eskura

Irakurketa errazerako egokitutako hiru liburu./
Irakurketa errazerako egokitutako hiru liburu.

Irakurketa Erraza Euskadi elkarteak hainbat liburu eta material egokitzen ditu irakurtzeko zailtasunak dituztenen beharretara

I.D.U.

Urtero argitalpen berrien eskaintza zabala izaten du Durangoko Azokak, bai fikziozko istorioen zaleentzat eta baita irakurle akademikoagoentzat ere. Adinaren arabera ere sailkatzen dira liburuak; umeentzako Gabonetako opari ugari izaten ditu aukeran Azokak, helduentzako argitalpenez gain. Baina bada askotan jaramonik egiten ez zaion kolektibo bat, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonena, alegia. Gabezia horri erantzuten dio aurten Irakurketa Erraza Euskadi elkarteak.

Landako gunearen erdian kokatu du elkarteak bere standa. Bertan, braillez idatzitako liburuez gain, poesia itxura duen prosa ere aurkitu daiteke. Irakurketa erraztearren, testuek lerro berri bati ematen diote hasiera arnasgune bakoitzean –ez soilik koma eta puntuetan–, letra 12 puntukoa dute eta ertzak, berriz, zabalak. Ertz horietan, gainera, ulertzeko zaila izan daitekeen lexikoaren argibideak ematen dituzte.

Elkartekoek dioetenez, biztanleriaren %30ak ditu irakurtzeko zailtasunak, eta ez soilik ikusmen arazoak dituztenek, hasiera batean pentsatu daitekeen bezala. Adimen ezintasunak dituztenei, gorrei, analfabetoei, ikasketetan gorabeherak dituztenei, Lehen Hezkuntzako ikasleei, adinekoei eta afasikoei ere badaude zuzenduta Irakurketa Errazeko material, liburu, dokumentu eta web orriak. Horrela, «irakurketaren bidez hainbat talderen gizarteratzea ahalbidetzen da», izan ere, «informazio eta ezagutzan oinarritutako gizartean, ulermen zailtasunek pertsona asko baztertzen dituzte».

Duela urte gutxi batzuk ekarri zuten egitasmoa Kataluniatik Euskal Herrira, eta momentuz material gehiena gazteleraz eskaintzen dute. Besteak beste, 'Lazarillo de Tormes', 'La Odisea', 'Peter Pan' eta 'Ivanhoe' bezalako obra klasikoak moldatu dituzte, eta hizkera xehera egokitzen dituzte ere testu legal eta dokumentu instituzionalak. Dena den, euskarazko hainbat obra ere hasi dira ekoizten orain, baina momentuz ez dituzte nobela ezagunak, espreski irakurketa erraztuan pentsatzen sortutako narrazioak baizik. Hala ere, eskaintza hori zabaltzen joateko asmoa adierazten du elkarteak.

Azokak antolatutako 'Kultura, denon eskura' ekimenaren helburua euskal kultura bisitari guztientzako eskuragarriagoa eta irisgarriagoa izatea da, eta horren baitan antolatutako egitasmoen artean dago Irakurketa Erraza mugimendua. Beste ekimenetako bat Manos K Rien talde artistikoaren eskutik dator. Kukai Dantza Taldeak ere integrazioa landuko du Azokan eskainitako tailerretan, eta Bilboko FormArte sormen artistikorako formakuntza zentroak bere lekua izango du.

Horrez guztiaz gain, eta honen harira, Azokak berak 'Ezberdintasunean hezi' film emanaldia eta 'Minus ukittua' mikroantzerkia antolatu ditu. Gainera, egunero bisita gidatuak egingo dira gaitasun ezberdinak dituzten pertsonekin, eta hauen ekarpenak jasoko dituzte Azokaren irisgarritasuna hobetze aldera. Izan ere, aurten eman dira honetarako lehenengo urratsak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos