Irakasleak trebatuko dituzte euskarazko irakurzaletasuna susta dezaten

Markotegi Galtzagorri Elkarteko presidentea, Suarez idazle eta Galtzagorriko kidea eta Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea/
Markotegi Galtzagorri Elkarteko presidentea, Suarez idazle eta Galtzagorriko kidea eta Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea

Eusko Jaurlaritzak eta Galtzagorri Elkarteak euskarazko haur eta gazte literaturaren ezagutza hedatuko du hezkuntza zentroetan

IDOIA DÁVILA UZKUDUN

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Galtzagorri Elkarteak proiektu berri bat jarri dute abian euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko haur eta gazteen artean. Helburu horrekin, elkarteko profesionalek hezkuntza zentroak bisitatuko dituzte irakasleei lantegi praktikoak eskaintzeko, haien artean literaturaren ezagutza heda dezaten.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Iñaki Markotegi Galtzagorri elkarteko presidenteak eta elkarteko kide den Castillo Suarez idazleak aurkeztu dute proposamena, gaur goizean, Donostiako Haur Liburutegi Nagusian.

Azaldu dutenez, ekimenean parte hartzea erabakitzen duten hezkuntza zentro guztiek Galtzagorriko aholkulariaren bisita bana jasoko dute ikasturtean zehar. Bisita horietan, eskolek jasoko dituzten 40 liburuen gaiak eta ildo nagusiak aurkeztuko dira, eta material horrekin jorra daitezkeen dinamiken eta estrategien proposamena egingo da.

Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du, eta 70 saio eskainiko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan; 35 Bizkaian, 21 Gipuzkoan eta 14 Araban. Saio guzti horietatik erdia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako izango da, eta beste erdia, ordea, Haur Hezkuntzakoen eta Lehen Hezkuntzakoen artean banatuko da.

Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, ekimenak euskara gaitasuna hobetzea eta hizkuntzaren erabilera bultzatzea ere baditu helburu, Dobaranek azaldu duenez. Horrez gain, irakasleen irakurketarako motibazioa ere sustatu nahi da, «hauek erakinkorragoak izango baitira ikasleak motibatzeko», Markotegiren hitzetan.

Irakasleak «bitartekariak» izango dira proiektu honetan, baina Dobaranek dioenez, «irakurzaletasuna helburu partekatua da», eta ezin da soilik haien esku utzi; «azken finean, umeek eta gazteek etxekoa kopiatzen dute». Orain arte udal liburutegiekin izan den elkarlana eta harremana ere estutzeko nahia azaldu du Markotegik.

Galtzagorri Elkarteko presidenteak ekimenerako prestatutako liburu-zerrendaren kalitatea azpimarratu du: «Liburu on batek irakurzale bat sor lezake». Suarezen ustez «zaila izaten da liburu onak aukeratzea», baina euskarazko azken nobedadeen eta klasiko ezagunen aukeraketa batekin lortu dutela uste dute. Alaine Agirre eta Maite Gurrutxagaren ‘Martin’ eta Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren ‘Tontolapiko’ nabarmendu dituzte nobedadeen artean. Klasikoen artean, aldiz, Else Holmelunden ‘Hartz txiki’-ren itzulpena hautatu dute, esaterako.

Datorren astelehenean, hilak 15, zabalduko da eskolentzako izen-emate epea, eta otsailaren 5ean amaituko. Izen-ematea ordenaren araberakoa izango da, eta eskaera kopurua egin daitezkeen saioak baino ugariagoa izango balitz, itxaron zerrenda bat irekiko litzateke hurrengo ikasturtera begira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos