Ipurtzuloraino, goazen gerrara

Drogak kontsumituz soldaduek mina eta Herioarekiko beldurra gainditzen dituzte/EFE
Drogak kontsumituz soldaduek mina eta Herioarekiko beldurra gainditzen dituzte / EFE

Hainbat zientzia aldizkarik aztertu berri dute zer droga kontsumitzen dituzten ISISeko soldaduek. Horren harira, dozenaka ikerketek gogorarazi dute gerraren eta drogen arteko harreman estu, mehar, gorri, historiko eta itsua

BEGOÑA DEL TESODonostia

Arretaz irakurtzen baduzue Homeroren Odisea (1985ean Santi Onaindiak euskaratua, Euskaltzaindiak argitaratua), laster asko aurkituko duzue nephentés hitza. Ahanzturaren edaria esan nahi du grekoz eta opioaren eta espeziadun ardoaren arteko edabe gozoa zen. Hartzerakoan, soldadu eder eta presto horiek mina eta Herioarekiko beldurra gainditzen zituzten.

Arretaz leitzen baduzue Buero Vallejok gaztelaniaratu zuen Orson Wellesen Campanadas a medianoche ingelesez idatziriko filmaren gidoia, errez asko ere aurkituko duzue nola Falstaff barrabas halakoak bere hala-moduzkoa armadarentzat ardoa, pontxea eta sherry (jereza) baino ez dituen aho gora, garrasika eskatzen, exijitzen. Pikaro horren usteetan, urak soldaduaren tripak eta bihotza izozten dituen bezala, ardoa, pontxe beroa eta sherry zaporetsua kementsu iristen dira hezurretara zein muinetara eta lehortu egiten ditu hor beratzen diren izu eta nagikeri oro, Soldaduen edabea da ardoa. Baita jereza eta pontxea ere. Horien bitartez suak hartzen du odola, suspertu egiten dira zangoak eta kontent, inolako arduratik libre, hiltzeko prest doa armada gerrara.

Agorturik izan arren tabakoaren inguruko liburu ederra den Richard Kleinen Cigarettes are Sublime hura topatuko bazenuten aurkituko zenukete, harriturik baina konplize, bai lubakietako borroka odoltsua izan zen I. Gerratean bai Bigarrenean, amore emateko zorian zeudenez, troparen adorea berpizteko edo galtzen ari ziren sasoiari eusteko tabakoa baino ez zietela eskatzen soldaduen aldamenean ziren kapitainek guda zelaietatik horren urrutitik erabakiak hartzen zituzten goiko jaun eta koronel horiei. Tabakorik gabe gerra eramatea ezinezkoa baita.

Egun esan, esaten da garaipen baten berri emateko 42 kilometro 195 metro korritu zituen Filipides mezularia ez zela existitu baina hemen legenda edo ipuina errealitatea baino ederragoa bada, legendari eusten diogu. Eta legenda horren barruan artzain batekin egiten du topo korrikalariak eta honek, burutu behar duen balentriak sorgindua, gazta, ogia eta Nemean egindako ardo tanta batzuk eskaintzen dizkio indarra berreskuratu ahal izateko. Ardoa, Herculesek lehoia akabatu zuen lekuan sortutako ardoa. Mitoaren arabera, lehoi haren odolak busti zituen bertako mahastiak. Ondorioz, Filipiadesek edandako edari beltza kasik magikoak leher leher eginda zen inor indarberritzeko balio zuen.

Apocalypse Now filmaren lehendabiziko eszenekin (hondartzarenak) akordatzen bazarete (Maite dut maite egunsentiaren napalm usaina!!) ez duzue duda izpirik izango: kokaz, haxixez eta heroinaz ipurtzuloraino zeuden B. Kilgore teniente koronela eta bere konpainia osoa. Vietnamgo gerran, izan ere, Estatu Batuetako Pentagonoko buruzagiek anfetaminak zabaltzen zituzten barra barra soldaduen artean eta batailoietan erreza baino errazagoa zen marihuana edo heroina lortzea. Soldaduen %90 a drogatzen ziren.

Vietnam baino askoz lehenagoko II. Mundu Gerran, armada naziak jan-edanaz gain D-IX nahastea ematen zien Wehmachteko soldaduei. Adorearen mantenurako. Zer ote D-IX hura? Hiru miligramo kokaina. Beste hiru metanfetamina eta bost Eukodal izeneko opiazeo. Egindako ikerketen arabera, 35 milioi D-IX pilula banatu ziren gerran jardun zuten bitartean.

Nekea ez nabaritzeko

Antzekorik egiten zuten Japongo armadan. Are gehiago kamikazeekin, jakin badakigulako haiek euren buruaz beste egiten zutela Enperadorearen alde. Bi motako drogak izan ziren famatuenak, erabilienak. Alde batetik gerrarako tresnak sortzen lan egiten zutenei Philopon izeneko metanfetamina ematen zitzaien nekea nabari ez zezaten. Infanteriakoek, berriz Katubegiak (nekamojo) izeneko metanfetaminak aise asko hartzen zituzten. Eta hegazkin gidari suizidek, Erasorako pilulak (lotsugeki-jo o tokku-jo), metanfetamina hautsen eta te berdearen nahasketa sinestezina.

Pearl Harbour baino askoz, askoz lehenago, Napoleonen armada jaun eta jabe zebilen Europan eta harago. Tripa alkoholez gainezka. Baina Egiptora iritsi orduko bertan ardorik ez zela aurkitu zuten. Edonolako droga beharrak jota, kilometro zero delakoari, haxixari, heldu zioten soldaduek. Baina haxixak ez dizkizu indarrak suspertzen, makaltzen baizik. Beraz mundua konkistatu behar zuten horiek, nagikeriak jota ez zien jaramonik egiten ez Bonaparteri ez euren agintariei. "Kakalardoak dirudite", aitortzen zuten goi mailako aholkulari militarrek. Napoleonnek erabaki gogorra hartu zuen: Haxixa eta antzeko produktu kannabikoen salmenta eta trukea debekatu zituen zigor larrien mehatxupean eta patxarra eta ardoa egingo zituzten bi destilategi eraikitzeko agindua eman zuen.

Borrokarako seinalea

Eta hemengo gerra zibilean? Afrikatik etorri ziren Errepublika deuseztatu nahi zuten horiek. Eta Espainiara noiz pasako zain zeudela ipurtzuloraino jartzen ziren Morokon hain ezagunak diren kifez eta grifaz. Bazuten ere saltalubakiak izeneko edabea ohiko, betiko moduan egina: ardo eta pattar merkeak nahasten ziren piperbeltzez, kanelaz eta bolboraz. Gerran izandako askok kontatua, ziurrenik opiazeoez eginiko pilula ematen zieten fronte errepublikanoan borrokatu behar zuten brigadista eta miliziano guztiei. Asko horiek esanda, behin hartuz gero, ez zuten ez beldurrik ez minik, ez sosegu eza sentitzen. Esaten zuten ere pilula hartzen zuten bakoitzean jakin bazekitela aurrean etsaia zutela zain. Eta etsaiarekin batera, arriskua eta herioa. Droga zen borrokarako seinalea. Gerra amaitu eta gero, porrotaz ahazteko eta kartzeletan jasandako sufrikarioa leuntzeko asmoz, beste batzuk esanda, morfina zen droga guztietan gehien kontsumitzen zena Frankoren ziegetan.

Eta Afganistanen? Eta Iraken? Zer hartzen zuten errusiarrek eta amerikanoek? Dexedrina pastilletan. Ekintzarako pilulak izenpean ezagutzen ziren guda zelaietan. Albo ondorioak (I. Gerratean bezala, Vietnamgoan bezala) egundokoak izan dira. Euren herrialdetara itzuli orduko, soldadu guzti horiek drogen menpekoak ziren eta sarri,(sarriegi) droga premia larriari, monoari ezin eutsiz ibiltzen ziren noraezean ofizialki abegikorra izan behar zuen aberriko leku ilun eta galduetan.

Eta egungo ISISeko gerlariek, buru-erahileek, Paradisuarekin amets egiten duten hiltzaile horiek zer hartzen dute? Captagon izeneko anfetamina. Ikaragarriak dira bere efektuak: minik ez, beldurrik ez, logurarik ez, antsietaterik ez. Indar fisikoa, ordea, bai. Fenitilina horren ondorioak areagotzeko, edari energetikoekin nahasten dute. Baita efredinarekin ere Horrela bere buruaz beste egiteko jarrera eta joera handitzen dira eta auto defentsarako taktika bat ere ez ez dute erabiltzen. Hilezinak direla pentsatzen dute askok. Beste askok Verdiren Otello operaren Yago petsonaiak bezala pentsatzen dute: 'La morte e nulla', Herioa ez da ezer

Ez bide da dopatu ez den ziklistarik. Ez bide da Historian zehar drogatu ez den/duten armadarik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos