Ipuinak bizi duen bolada ona islatuko da Azokan

Ipuinak bizi duen bolada ona islatuko da Azokan

Aurkeztuko diren nobedadeen erdia baino gehiago liburuak dira, 400dik 297. Helduen literaturan, indartsu datoz aurtengoan ipuingileak

FELIX IBARGUTXI

Ipuin-bildumak joera eta tendentzia bihurtzen ari ote dira berriz? Azkenaldian horrelako ale interesgarri batzuk agertu dira. Hasiko gara aspaldikoenarekin, Juan Luis Zabalak apirilean plazaratu zuen 'Ospa' liburuarekin. Ipuin autonomoak dira horkoak, 23 guztira eta azken hamar urteotan zehar idatziak, baina ba omen dute alde komun bat: "Gehienetan, badago ihes egin nahi duen norbait, edo ihes egiteko gogo bat». Hortik izenburua. Gainera, azkoitiarrak ezin izan omen du saihestu protagonista batzuk bere oso antzekoak izatea.

Azken ipuin-bilduma aspaldikoa zuen: 'Sakoneta' (1994). Harrezkero nobelak lehenetsi zituen. 'Sakoneta'-n Europa Erdialdeko idazle batzuen eraginak ikus omen daitezke, hala nola Franz Kafka eta Peter Handkerena. Oraingo 'Ospa'-n, aldiz, Julio Cortazar, Anton Txekhov eta Jorge Luis Borgesen oihartzunak omen daude.

Ekainean, Asier Osinalde donostiarrak bere lehenbiziko liburua plazaratu zuen, hamabi ipuinez osatua: 'Baina ez lukete han egon behar'. Narrazio guztietan, pertsonaien barrua arakatzea izan omen du helburu. "Izan ere, hortxe dugu gordeta benetan inporta zaigun guztia, hortxe dauzkagu giltzapetuta gure buruarekin soilik parteka-tzen ditugun sekretu eta esperantzak, inori sekula aitortuko ez dizkiogun bekatu eta miseriak", esan zuen idazleak aurkezpen-ekitaldian.

Hamabi ipuinotako pertsonaiak askotarikoak dira, eta pertsona arruntak: fundizioko langile bat, jostun bat, argazkilari bat, bizitza hobe baten esperoan bere herrialdetik ihes egiten duen tabernari bat, enpresaburu bat, futbol-jokalari bat, Erasmus ikasle bat, heriotzari iskin egin nahi dion lorezain bat, preso ohi bat, bizkartzain bat, maitasunaren hondarrei nola eutsi ez dakien jubilatu-bikote bat, txirrindulari bat, alzheimerrak jotako agure bat...

Peru Magdalenak lehengo urrian aurkeztu zuen 'Ametsondoa', 79 ipuin laburren bilduma; horietako batzuk oso-oso laburrak. izenburuak adierazten duen bezala, liburuan dezente dago onirikotik. Ipuin batzuk guztiz onirikoak dira, ametsen munduko irudi oinarrizko horiekin eginak, eta, hartara surrealistak edo absurdoak. Beste ipuin batzuek kutsu filosofikoa daukate..

Eider Rodriguez ipuingile petoa da. Narratibako lau liburu ditu, laurak ipuin-bildumak, eta azkena azaro honetako 'Bihotz handiegia', sei istorioz osatua, lotura ageririk gabekoak. Liburuari izenburua ematen diona da seietan luzeena. Abiapuntua, berriz: Ixabel emakume bat bere senar ohia zaindu beharrean aurkitzen da, gogoz kontra, alabak hala eskatuta. Badira hogei urte aparte bizi direla, eta orain sentimendu kontrajarriak sortu zaizkio Ixabeli. 'Paisaiak' delakoan, berriz, ginekologoarenera doa protagonista eta mioma bat duela esaten diote.

Oro har, bikote zein familia harremanak dira kontakizunetako gai nagusia. Liburuan muga oso presente dagoela esan du baita ere Rodriguezek. Ez kontagai moduan, baizik eta zeharka, paisaia gisa. Muga-usaineko eremuan kokatuta daude kontakizunak, Hendaiatik Donostiara bitartean, baina bizitza eta heriotzaren arteko muga ere ageertzen da, "eta emozioen eta arrazoiaren arteko muga, eta izan nahiko genukeena eta garena...".

Hiru nobela historiko mardul atera ostean, aspaldiko generora itzuli da Aingeru Epaltza, eta 'Mendi-joak' narrazio-bilduma plazaratu. Bera mendizale da, "porrokatua, obsesiboa", eta Aralar, Pirinio eta MarokokoAtlasetan kokatu ditu liburuko hamar ipuinak.

Kokaleku mendia da, baina narraziotako gai nagusia giza-harremanak dira; ez beti idealak, tarteka nagusikeriaz eta matxismoz zipriztinduak, adibidez.

Arantxa Iturbek 'Honetara ezkero' atera du, 29 narrazio labur dakartzan liburua. Hona hemen Susa argitaletxeak kontrazalean amu moduan ipinitako testua: "...ipuin maleziatsu hauetan ere ustekabeko asko izango dira, pertsonaiak eta gertakariak katramilatzen ikusiko dituzu isilpekoen kariaz, oker ulertuak bezainbat ager litezke susmoak. Umorezkoak batzuetan, gaiztoak sarritan".

Gai nagusia, baina ez bakarra, gizon eta emakumeen arteko harremanak dira. Idazkera, Iturbek ohi duen bezala, oso neurtua, hitzen ekonomia askokoa. Eta kontatzen dena bezain inportantea izan daiteke airean uzten dena.

Garazi Arrula itzultzaile ezaguna da, besteak beste Anais Ninen 'Venusen delta' euskaratzeagatik. Orain bere lehenengo ipuin-sorta publikatu du Tafallako gazte honek. 'Gu orduko hauek' titulu deigarriaren barruan zor-tzi narrazio bildu ditu, horietako sei Nafarroako Erdialdean kokatuak, eta horregatixe Txalaparta etxeko Mikel Soto editorearen hitzak: "Esan liteke Nafarroako alde hori euskal luiteraturatik kanpo egon dela, baina oraingoan iraklurleak ikusiko du badaudela berste kolore batzuk, Erdialdekoak".

Baita nobelak ere

Ipuinak-bildumak alde batera utzita, nobelak eta bestelako generoak ere agertuko dira Durangoko Azokara. 2008an, Xabier Lete pozik agertu zen Durangora, eskuan poema-liburu berria zuela, 'Egunsentiaren esku izoztuak'. Makina bat ale sinatu zuen. Handik bi urtera hil zen. Orain haren antologia plazaratu da, 'Elurra ikusi dut', Koldo Izagirrek paratua, eta epilogo mamitsu batez hornitua. Gezurra badirudi ere, ez zegoen Leteren antologiarik, behar bat asetzera datorren liburua da, beraz.

Anjel Lertxundik 'Horma' publikatu du, protagonista nagusia literatur itzultzaile bat duena. Ongi moldatzen da paper artean kode batetik bestera pasatzean, baina kodea falta zaio amarekin nahiz neska-lagunarekin harremanak izateko garaian. Amarekin ez du lan erraza, alzheimerrak jota baitago.

Xabier Montoiak 'Hitzontziak' publikatu du. Lau pertsonaia dira, lau ahots. Donostiako Parte Zaharreko taberna batean biltzen dira eta han aritzen dira hizketan txandaka. Batetik, tabernako nagusia eta zerbitzaria –biak gizonezkoak–, eta haiekin batera bi bezero, biak emakumezkoak. Baina bi hildakok ere presentzia handia dute, biak bortxaz hilak, baina arrazori diferenteak zirela medio.

Joxean Agirrek bederatzigarren nobela plazaratu du: 'Goldsmithen ikaslea'. Pertsonaia nagusia liburuzain bat da, izen ematen duena Estatu Batuetan bizi den Kenneth Goldsmith polemikoaren literatura ikastaro birtualean. Kenneth Goldsmith benetan bizi den poeta oso mediatikoa da. Maisu honen ahol-kuei jarraituz, originaltasuna bilatu ordez, iraganeko pasadizo bat oroitu eta hura idaztera jartzen da liburuzaina: nola gaztetan, metafora literarioei buruzko hitzaldia egin ostean, etxera uste baino lehenago itzuli eta sexu jardunean harrapatzen duen neslka laguna .

Uxue Alberdi 'Jenisjoplin' eleberriarekin doa Durangora. 28 urterekin nortasun berria eraikitzen hasten den emakumearen istorioa. Eta Euskal Herriaren "bilakaera identitarioarekin" alderatu litekeena, egilearen esanetan.

Alaine Agirre, berriz, 'Txandaka' izeneko eleberri laburren sailari eman dio hasiera. Lehenego aleak 'Maren' eta 'Libe' dira, eta eremu hibrido batean murgildu da Bermeoko idazlea. Obra hauek badute gazte literaturatik, baina heldunentzakotzat har litezke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos