Iparraldeko istorio irrigarriak bildu eta aztertu ditu Maialen Morenok

Iparraldeko istorio irrigarriak bildu eta aztertu ditu Maialen Morenok
IÑIGO SÁNCHEZ

'Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa' liburua argitaratu du, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren eskutik

«Ixtorio laburrak irakurtzea gustuko duenak, horietako asko aurkituko ditu liburu honetan», adierazi du 'Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa' liburuaren aurkezpenean horren egile Maialen Morenok. Istorio laburrez osatuta badago ere, liburua bera mardula da, 408 orrialdekoa (22 euroko prezioa du), UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu du Euskal Literatura sailaren baitan, eta hutsune bat betetzera dator, ahozko literaturako beste genero batzuen aldean, irri ixtorioak gutxiago aztertu baitira.

Maialen Moreno Zubeldiak (Donostia, 1980) Euskal Filologia ikasketak egin zituen Bilboko Deustuko Unibertsitatean. Irakasle eta itzultzaile lanetan jardun eta gero, egonaldi bat egin zuen Ipar Euskal Herrian, eta bertan bildu zuen astelehen honetan Donostian aurkeztu den liburuaren oinarri izango zen kontakizunen corpusa. Aurretik, 2016an, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean tesia aurkeztu zuen.

Herriz herri jendearen ahotatik jasotako kontakizunak jaso ondoren, horiek transkribatu, sailkatu eta aztertu egin zituen egileak. Istorio horiek osatzen duten corpusak liburuaren bigarren zatia osatzen dute, aurrenekoa corpus horren azterketari eman baitio, aztertuz jasotako kontakizunak zein motatakoak diren.

Egileak azaldutakoaren arabera, «kontakizun asko errealistak deitu ditugunak dira, hau da, eguneroko bizitzako pertsonaien eta gertakarien berri ematen digute. Kontakizun errealisten protagonistak, apaizak, medikuak, laborariak… izan daitezke, eta gaiak ere jakinak dira: kontakizun gordinak, ergel-argien ingurukoak, emazteekin eta ezkon bizitzarekin lotutakoak, akats fisikoei buruzkoak…».

Gai errepikariak

Horiez gain, liburuan badira bestelako kontakizunak ere: ipuin miresgarriak, elezaharrak, txisteak… ere. Horien ezaugarriak ere aipatzen dira. Gero, azaltzen da zein izan den bilketa egiteko erabilitako metodologia eta kontakizunak aztertzeko jarraitutako oinarriak. Egileak zehaztu zuenez, «bertan erakusten da nola heldu garen jendearengana eta nola atera dugun informazioa, zein muga izan ditugun horretarako… Jarraian, errepaso bat egin da euskal aldizkarietan, liburuetan eta eskuizkriburen batean agertutako kontakizun laburrez, eta horiek aztertzen dituzten ikerketez. Era berean, bilduma zahar eta berrietan gure kontakizunek dauzkaten baliokideak aztertzen dira».

«Konturatuko gara badirela Erdi Arotik hasita errepikatzen diren antzeko gai irrigarri batzuk. Baliokide zaharren artean garbienak, adibidez, XV. mende hasieran Poggio Bracciolini latinista italiarrak jasotako kontakizunak dira. Azkenik, irriaren adierazpenaren inguruan dihardu liburuak. XX. mende hasieran Bergson-ek eta Freud-ek umoreaz egindako teorizazioak gure kontakizunetan aplikatu ditugu. Beraz, gure liburu hau interesgarria izan daiteke umorearen gaia gustoko duenarentzat, kontakizun laburrekin gozatu nahi duenarentzat eta kontakizun labur horiek historian izan duten bilkabideaz gehiago jakin nahi duenarentzat», azaldu du Maialen Morenok.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos