'Inpernuko poza', trikitixaren inguruko jardunaldiak Donostian

Trikitilariak Gordexolan, iazko San Andres jaietan./IÑAKI ANDRES
Trikitilariak Gordexolan, iazko San Andres jaietan. / IÑAKI ANDRES

Musikaren eta instrumentuaren irakaskuntza landuko dituzte datorren astean egingo diren bi saioetan

Inpernuko Poza Trikitixaren XV. Jardunaldiak antolatu ditu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Donostian egingo dira datorren astean, Euskal Jaien baitan, eta musikaren eta instrumentuaren irakaskuntza izango dute gai nagusia. Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egingo diren bi saiotan landuko dute. Aurrenekoa irailaren 7an, osteguna, egingo den mahai ingurua izango da, eta bigarrena biharamunean, irailaren 8an, Maite Arroitajauregi 'Mursego'-k eskainiko duen hitzaldia.

Jardunaldiak aurkezteko zabaldu duten oharrean irakur daitekeenez, "soinu txikiaren eta panderoaren irakaskuntza da trikitixaren jarraitasunaren giltzarria. Euskal kulturaren adierazpena den trikitixa edozein musika formatutan erabat integratua dagoen honetan, edo eta irakaskuntza baliabideak hainbeste aldatu diren garaietan, instrumentuaren eta musikaren transmisioa modu berdinean egokitu den edo zein norabide hartu behar duen" aztertu nahi dute.

Horretarako, ibilbide ezberdineko irakasleak eta musikariak gonbidatu dituzte, "trikitixaz haratagoko esperientziak alderatu eta mahai gainean jartzeko". Irailaren 7ko mahai ingurua, edonola ere, trikitixaren irakaskuntzari helduko zaio bete betean. Ander Malbadi moderatzaile dutela, Edurne Iturbe, Erika Lavillard-Isasi eta Aritz Alustiza trikitixa irakasleak ariko dira 19:30etik aurrera gaiaren inguruan. Trikitixaren irakaskuntza, gainerako kontu gehienak bezalaxe, etengabeko aldaketa batean murgilduta dago. Horrela, gogoratzen dute oharrean, "Elgeta, Auntxa edota Sakabiren garaietan aurrez aurre ez zen metodo batekin baserri giroko soinu txikia irakastea pentsaezina bazen ere, gaur egun metodo ezberdinen bitartez ikas daiteke". Baliabide gehiago daude (audioak, partiturak, bideoak, liburuak...), eta soinu txikiarekin jotzen den errepertorioa ere aldatu egin da. Batez ere fandango, arin-arin, rantxera eta pasodobleak jotzetik, beste instrumentuekin jotzen diren erritmoak jotzera ere iritsiz: ska, reggae, pop, rock.... Bilakaera hori aintzat hartuta, zenbait galdera jarriko dituzte mahai gainean: zer bilatzen dute gaur egungo ikasleek trikitixa ikasterakoan? Gaur egun entzuten dena ala ohituago gauzkan errepertorio klasikoa? Zer eta nola irakasten zaie?

Irailaren 8an, ostirala, musikaren irakaskuntza izango du hizpide toki eta ordu berean Maite Arroitagauregi 'Mursegok'. "Musika gozatzeko eta ikasteko, bizi egin behar da, esperimentatu, gorpuztu eta mugimendu bihurtu. Musika bereganatzeko metodologia irekia behar dugu, ikasleari egokitutakoa, bere sormena bultzatuko duena, praktikoa eta malgua", idatzi du musikariak hitzaldiaren aurkezpeneko testuan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos