"Inoiz baino aukera gutxiago daukagu mundua aldatzeko, baina inoiz baino behar handiagoa"

Mitxelko Uranga, aste honetan Donostiako Parte Zaharrean./F.I.
Mitxelko Uranga, aste honetan Donostiako Parte Zaharrean. / F.I.

Sari asko lortutako pentsalaria da Mitxelko Uranga, eta orain Miguel de Unamuno saiakera saria lortutako liburuarekin atera da plazara

FELIX IBARGUTXI

Mitxelko Uranga (Berango, 1978) Filosofian doktorea da eta arlo hori irakatsi izan du Sopelako Andre Deuna ikastolan. Liburu asko idatzi ditu, pentsamenduaren arlokoak. 2015eko Euskadi saria irabazi zuen ‘Tartaroa.Mina, boterea eta egia' liburuari esker. Eta 'Eros(ki)' lanarekin 2013ko Juan Zelaia saria eman zioten. Oraingoan 'MisEntropia. Kaosa eta ordena' plazaratu du, Miguel de Unamuno saria lortutakoa.

–Liburuaren izenburuan, 'MisEntropia' delakoan, halako hitz-joko bat dago. Jendeari 'misantropia' hitza ekarriko dio gogora, noski.

–Bai, letra handiagoarekin idatzita dago E hori, azken batean azpimarratzeko ez dela akatsa, baizik eta nahita egindako zerbait. Liburuko ideietako bat da denok garela misantropoak. Misantropiak maila asko ditu: xumeenean kritika soziala egongo litzateke, eta muturrekoan patología bat, gizakiak hiltzera bultzatzen zaituen patologia. Defendatzen dudana da maite ditugula gure moduko gizakiak, baina gainerakoak ez. Gu bezalakoak ez diren horiek, bost axola hiltzen badira, bortxatuak badira; bai, kexatzen gara pixka bat, baina ezer gutxi egiten dugu hori aldatzearren. Nik neuk neure burua misantropo-tzat daukat maila xume batean.

–Azaldu hori pixka bat gehiago.

–Kontua ez da gizakia edo gizartea gorroto dudala. Gorroto dudana da gizarte eredu, gizateria eredu hau. Eta aldatu nahi dut.

-Eta zer da beste hori, misentropia?

–Misantropiaren kontrakoa. da. Misentropoek gizakia objektutzat, animaliatzat hartzen dute, normalean etekin ekonomikoa ateratzeko. Zergatik entropia? Zentzu arruntenean, da aldaketa edo buelta ematea. Beraz, misentropia –hitz jokoa eginez– da aldaketarik nahi ez izatea. Dena bere horretan mantentzea nahi dute misentropoek.

–Itzul gaitezen misantropiara. Argitu zergatik egiten duzun haren alde.

–Schopenhauerren esaldi famatuarekin bat nator: zenbat eta gehiago ezagutu txakurrak, orduan eta gutxiago maite ditut gizakiak. Bizi garen une honetan, beti adi egon beharrean gaude, beti dagoelako norbait guri putadaren bat egiteko prest. Ni ez naiz misantropoa gizakia gorrotatzen dudalako; gorrotatzen dudana gizarte eredu hau da. Badakigu utopia gainbeheran dagoela, baina saiatzen naiz neure burua konbentzitzen beste mundu bat posible dela. Benetan, esan daiteke misantropo ez ezik filantropo ere banaizela, gizakia maite dudalako, salbatu nahi dudalako.

–Liburuaren kontrazalean beste ideia hau agertzen da: desastrearen aurrean ezintasuna sentitzen dugu. Hondamendi ekologikoa datorrela iruditzen zaigu, baina ez dugu irtenbiderik ikusten.

–Ezintasuna; hori da gure ezaugarririk nabarmena gaur egun. Globalizazioek zerbait erakutsi badigute, da globo bakarra dagoela eta hemen gertatzen denak eragina izango duela globoaren beste muturrean. Ekologiari dagokionez, hemen kutsatzen dugunak, ziur aski, eragina izango du beste puntan. Baina ez bakarrik ekologiaren ikuspegitik; geopolitikan ere halaxe gertatzen da. Gatazka bat sortzen badugu, ez dezagun pentsatu gugan eraginik izango ez duenik; hor daukagu Siriako adibidea. Politikan jendeak jadanik ez dauka itxaropen handirik. Zientziak ere, ezgai dela erakutsi du. Ekologismoa ere, onartzen hasi da –ez aho batez– miraririk ez dela egingo; hau da, planetak jarraituko duela, baina gure espezieak epe bat daukala. Jendearen gogoeta zein da?: bai, aldaketa behar da, baina nik neuk ezin dut ezer egin.

–Liburuko pasarte batean ikusi dudanez, baikortasuna aldarrikatzen duzu.

–Liburua, irakurtzen hasi eta ikusten da ikuspegi apokaliptikoa daukala, baina gero neure burua behartzen dut baikorra izateko. Azkenean, paradoxa batean gaude: inoiz baino aukera gutxiago daukagu mundua aldatzeko, baina inoiz baino behar handiagoa. Horregatik, tematu behar dugu bide berriak topatzeko. Azkenean, liburuaren bukaera aldera, halako joko bat egiten dut, elkarrizketa moduko bat bi lagunekin: Joseba Gabilondo eta Eduardo Apodaka. Eta, nolabait, bat egiten dugu hirurok -nik behintzat halako irakurketa egiten dut-: politikak, zientziak eta erlijioak ez digutenez inolako salbaziorik ekarriko, non topa dezakegu bidea?; bada, ordenatik aldentzen diren anomalia edo izaki barbaro, terrorista eta su-zabaltzaile horiengan. Ezberdinak diren horiek bilduko balira, zerbait berria etor liteke.

–Euskararen militanteak ere sartzen al dituzu «ezberdin» horien sailean?

–Noski. Euskalduna anomaloa da.

–Eta zein gehiago sartuko zenituzke anomaloen zaku horretan?

–Adibidez, sexualitateko sistema binariotik aldentzen diren guztiak: transexualak… Eta zuriak eta erdi-klasekoak ez diren guztiak: ijitoak, errefuxiatuak, siriarrak… Orain ikusten ari gara nola ari diren epaitzen sanferminetako talde-bortxaketa hori. Tamalgarria da, baina ez dugu ahaztu behar siriar errefuxiatuen arteko 10.000 haur bahituak izan direla, imajinatu dezakegu zertarako, besteak beste sexu-erasoak egiteko. Jendeak ahaztu egin du gertaera hori eta ez da gehiago hedabideetan agertzen.

–Kapitalismoa indartsu dago.

–Kapitalismoak amarru perfektua aurkitu du : kontsumismoa. Hau da, kontsumitzeko behar duzuen guztia ematen badizuegu, desira guztiak asetzeko baliabideak eskaintzen badizuegu, ez duzue inolako arazorik izango. Badakigu hala dela, eta hala ere ezin gara atera kiribil kontsumitzaile horretatik. Nik ikasleei esaten diet: «Habanan, toki askotan 'Se repara. De todo' kartela ikusten da. Eta zuek zer konpon-tzen duzue? Ezertxo ere ez. Zer edo zer apurtzen denean, berriro erosi eta kito».

–'Humanismo' hitza erabili behar al dugu? Beharbada, tankera guztietako pentsalariek jadanik baztertu duten hitza da.

–Hori beste liburu batean jorratu nuen. Bat nator Heideggerrek esandakoarekin. Alegia, ez dugu gehiago erabili behar, krisian dagoen hi-tza da, zipriztinduta dago, beraz, zertarako erabili?; berreskuratzeak ez digu mesede egiten. 'Demokrazia', 'justizia' eta 'askatatasuna' hi-tzekin gertatzen dena gertatzen da 'humanismoarekin': eufemismo hutsak bihurtu dira, azkenean ez dute ezertxo ere adierazten. Nik horregatik planteatzen dut misantropiarena: lehengo gizatasun hori baztertu behar dugulako eta beste modu batean pentsatzen hasi behar dugulako.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos