Infernuko paperak (Die Liste)

Urtarrilean egindako argazkian, Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak luzatzen zien itxaropen-muturrari heldu nahian.../GIORGIOS MOUTAFIS/REUTERS
Urtarrilean egindako argazkian, Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak luzatzen zien itxaropen-muturrari heldu nahian... / GIORGIOS MOUTAFIS/REUTERS

Ez dira 'Paradisuko paper' argitara eman berriak. Ezta Panamakoak edota Edward Snowdenek, bizitza arriskuan jarrita, zabaldu zituen NSArenak ere. Paper hauetan 33.293 hildakoren izenak agertzen dira

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Berlingo 'Der Tagesspiegel' egunkariak argitaratu zuen hilaren 9an. Dataren aukerak ere bazuen garrantzia, esannahi berezia: 1938ko azaroaren 9ko azken orduetan eta 10eko ordu txikietan 'Kristal Hautsien gaua' edo Azaroko Pogromoa izan zen horrenbeste sufrimendu ezagutu dituen hiri horretan. Berlinen, bai. Baita Alemaniako beste hainbat lekutan ere. Munichen zein Hanburgon. Judutarren etxeak, dendak eta sinagogak arpilatu eta suntsitu zituzten Hitlerren zaleek, tokian tokiko poliziek inolako trabarik egiten zietela. Judutar pila lintxatu zuten eta egun, historialari guztien esanetan zorigaiztoko gau hura izan zen Soah, Holokausto edo Azken Soluzioaren pistola-tiroa.

Ez. Berlingo 'Der Tagesspiegel' egunkariak ez zuen eguna hala moduan hautatu. Konpromiso handiko periodiko horrek preseski aukeratu zuen Kristal Hautsien Gauaren oroipen samina egungo beste errealitate krudel bat plazaratzeko, Europara iritsi nahian, deseoan, espero-desesperoan, ametsetan eta ahaleginetan 1993tik hona hil diren 33.293 gizakien izenak ezagutaraztea, hots.

Ez. Azaroaren 9a ez da edonolako eguna. Ez inon. 1917an hasi berria ziren Errusia erraldoian gurean Urriko Iraultzatzat ezagutzen ditugun mundua harrituko zuten 10 egun horiek. Alemanian egun berean 1918an Errepublika aldarrikatu zuten. 1923an, berriz Hitlerrek eta bere jarratzaileek estatu kolpea jo nahi izan zuten Munichen. 1989ko egunak, aldiz, gozoagoa ematen du: Harresia, Berlingoa erori zen, hiritarrek bota zuten behera. Gozoagoa bai. Gero, gerokoa…

1989ko azaroaren 9an egindako argazkian, herritarrak, mailuak eta eskuak erabilita, Berlingo harresia behera botatzeko ahaleginetan
1989ko azaroaren 9an egindako argazkian, herritarrak, mailuak eta eskuak erabilita, Berlingo harresia behera botatzeko ahaleginetan / EFE

Aurtengo azaroaren 9ko periodikoaren orrialdeek Gabonetako Loteriaren zenbaki sarituak dakartzaten horiek ziruditen. Edo herriz herriko, auzoz auzoko hautsekundeetako emaitzak kaleratzen dituztenak. Edo Lurralde Historiko bateko errolda. Eskualdez eskualde. Kalez kale.

Baina ez. Ez ziren horiek errolda edo Loteria zerrendak. Ez. Eta egun hartakoa ez zen osoa. Ez zen fidagarria. Ez zen itxia. 33.293 izen agertzen ziren/dira bertan. Izen eta ezizenak. Hildako horietako askoren izena ezagutzen ez delako. Izana bai, izan duten azken izana: gorpua. Oroitagarrietan agertzen ohi diren 'soldadu ezezagun' horien gaurko bertsioa dirudi: N.N/No Name/Izenik gabea /Kein Name irakurtzen baita zerrendaren lerro frankotan.

Askok ez dute izenik, ez. Baina 33.293 gizaki dira. Askori buruz nondik zetozten ere ez dakigu. Dakiguna da hil zirela. Itsasoan. Mediterraneoan. Edo kostaldean. Edo Europako atarietan. Edo gaizkileak balira bezala sartu zituzten espetxe moduko ustezko aterpetxetan. Edo arrazistek eraginiko suteetan.

Badakigu 1993ko lehengo egunean Irango Jeffarzadeh eta Zaireko Kimpua Nsimba hil zirela. Baita Errumaniako 18 emakume eta 25 gizonezko ere. Izenik ez dute lerro horietan. Sute batean hil ziren, preseski, aterpe eman zien Baden hiriko etxean.

Eta horrela egiten du aurrera Die Liste-k. Egunez egun. Hilabetez hilabete. Urtez urte. Izenez izen. Jatorriz jatorri. Hiltzeko moduz modu. 33.293 gizaki. Atzo arte, kasik. Aurten hil diren gehienen deiturak ez ditugu ezagutzen. Bakan batzurena izan ezik. Ghanatik ihes egina zen Frederick Ofosurena, exenplurako Edo Kongotik zetorren Samuelena. Malitik alde egin zuten Mamadou Konalerena eta Nouhou Doumbirena. Patistandik Europarako bide hilgarriari ekin zion Faisal Imanena….

33.293 gizakiren izenak. Edo izenik gabeko askoren oroipena. Edo Europa lotsaz zamatzeko 33.293 zio. Azaroaren 9an argitaratuak Berlingo periodiku batean. Egunkari horren izenak zera esan nahi du, Egunaren ispilua. Egokia dirudi, bai.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos