«Ilustratzaile batentzat, albuma da goxoki goxoena»

"Emakume bat esku-pilotan egiten kaleko arroparekin, soinekoa jantzita". Horixe margotuko du frontoiko atzeko paretan./MICHELENA
"Emakume bat esku-pilotan egiten kaleko arroparekin, soinekoa jantzita". Horixe margotuko du frontoiko atzeko paretan. / MICHELENA

Ainara Azpiazu 'Axpi'-k mural handi bat egingo du Hernaniko pilotaleku batean, Udalaren bekari esker, eta argitaratu berri diote 'Arraroa' albuma

FELIX IBARGUTXI

Ainara Azpiazu Aduriz ‘Axpi'-k (Hernani, 1980) Hernaniko Udalaren sorkuntza-beka jaso du, eta hari esker Tilosetako frontoian, atzeko paretan, mural handi bat egingo du. Gainera, 'Axpi' albiste da bere 'Arraroa' albuma plazaratu delako. Hor, berriz, testuaren egilea dugu, eta marrazkiak Paula Estévezek eginak dira. Hernaniko Andre Kalean daukan estudioan zertu dugu hizketaldia.

–Orain Hernanin egin behar duzun kaleko mural horretaz hitz egin dezagun.

–Emakume bat esku-pilotan egiten kaleko arroparekin, soinekoa jantzita. Hori marraztuko dut. Tiloseko frontoiko atzeko paretan egingo dut.

–Zer neurriko irudia aurreikusten duzu?

–Ez dakit. Nik 'a ojímetro' egiten ditut muraletako irudiak. Gutxi gorabehera lau metroko emakumea izango da, pelotan ari dena. Nahi nuen erraldoia izatea. Eta emakumea. Kalez jantzita, edozeinek edozein momentutan pelota hartu eta jokoan hasi daitekeela irudikatzeko, ideia hori gustatzen zait. Hostoak ere egongo dira, eta Tilosetan gertatu ohi diren eszena batzuk ere bai. Adibidez kioskoa, edo umeak klarionarekin zorua edo pareta marrazten; hori izugarri gustatzen zait.

–Noiz hasiko zara murala egiten?

–Argi gehiago dagoenean, otsail bukaeratik aurrera. Espero dezagun eguraldiak laguntzea garai horretan.

–Andre Kalean daukazun estudioa gaude. Hemen ematen dituzu marrazki-eskolak.

–Eraikina familiarena da. Nire amona etxe honetara ezkondu zen. Aitona zen hemengoa. Ama ere hona ezkondu zen, aitaren jaiotetxea da eta hemen bizi izan baita beti. Tilosetako proiektu hau aurkeztu nuenean Udalean, izan zen niretzat oso pareta esanguratsua delako, Kaxkoaren muinean. Gurasoek hor ezagutu zuten elkar, San Juanetan lehendabiziko berbenetan dantzan ikasi genuen bertan, amonarekin konprak egitera joaten nintzenean karritoarekin pasatzen ginen, anaiarekin eta lagunekin pilotan asko egin dut, hor… gero etorri zen arratsaldeak Tilosetan lagunartean pasatzeko garaia… Azken batean, bizitzako fase ezberdin askok dute tokia bertan. Oso toki berezia da. Arbolaren bat hiltzen denean jendeari barrenak mugitzen zaizkio. Erronkari dagokionez, pareta altua da. Iruran duela hiru bat urte egin nuen mural handi bat, garabia erabilita; hasieran beldurra ematen zidan hor goian ibiltzeak, baina ongi moldatu nin-tzen eta horrek konfiantza eman zidan Tilosetakoan aritzeko erabakia hartzeko orduan.

"EHUko Arte Ederretan ez nuen topatu nahi nuena. Nik marraztu egin nahi nuen, eta komikiak egin"

"Alaitasuna eta nire baloreak transmititu nahi izaten ditut muraletan"

–Beste muralik ba al duzu?

–Bai, mordoxka bat. Hemen, Hernanin, ez dira mantentzen egindako guztiak, baina geratzen direnen artean, Kontrakantxa gaztetxean badaukat bat, Urumea ikastolan beste bat, beste bat Tilosetako frontis atzean, hau da hain zuzen Kale Arte Bekarekin margotuko dudan hori. Beste bat Plaza Feministan… Beste herri batzuetan ere bai: Donostian, Aldakonean daukat bat, Zizurkilen beste bat, eta Basaurin eta Igeldon… Asko enkarguz egindakoak dira, edo herrigintzak eskatuak, elkarlanean eginak.

–Zer transmititu nahi izan duzu muralotan?

–Alaitasuna, eta balore batzuk: genero-berdintasuna, maitasuna, naturarekiko errespetua, euskal kulturarekiko errespetua…Horiek dira nire baloreak.

–Soziologia ikasitakoa zara.

–Eta gero Arte Ederrak ere ikasi nituen. Soziologia nota onekin atera nuen eta lana ere banuen soziologo moduan. Pentsatu nuen: soziologian lana lortu badut, den zailarekin, marrazkiak egiten ere lortuko dut! Sinetsita nengoen ondo aterako zitzaidala. Horrela, joan nintzen Arte Ederrak egitera eta hiru kurtso egin nituen, baina EHUn ez nuen topatu nahi nuena. Nik marraztu egin nahi nuen, ilustratu eta komikiak egin, eta garai hartan niretzat ez zen tokirik EHUko Arte Ederren Fakultatean. Horrekin batera, pixkanaka enkargu txikiak hasi zitzaizkidan etortzen eta poliki-poliki aurrera egin nuen. 2008an autonomotan alta eman nuen eta hamar urte egingo ditut datorren urtean nire jarduera honetan ari naizela, nire ogibidea da eta profesionalki honetan ari naiz ordutik hona. Erronka handiak dakartzan lanbide bat da, eta aldi berean garatzen eta hazten asko lagundu didana. Oso pozik nago duela hamar urte hartutako erabakiarekin, eta aurrera begira erronka politak ditut.

–Goazen beste gai bat ukitzera, saritu dizueten 'Arraroa' albuma. Zein da horko 'mezua'?. Ezberdintasunak onartu behar ditugula?

–'Behar' hitza ez zait asko gustatzen. Era bateko eta besteko jendea gertutik (edo gertuagotik) ikusten dugunean ezberdintasunak ez zaizkigu hain arrotzak egiten, hori da transmititu nahi nuena.

–Albumean zera ikus daiteke: eraikin bateko solairuetan bizi den jendea oso ezberdina dela.

–Eta hurbiltzean gertukoak zaizkigu. Ironia dago albumean: testuak gauza bat dio, irudiak beste bat.

–Lehenengo aldia da zu «beste aldean» jartzen zarela; alegia, album bateko gidoia idazten duzula. Normalean irudiak marraztea izan baita zure lana.

–Nik badauzkat pare bat album-proiektu, neronek idatzitakoak. Egia da testuak oso soilak, laburrak direla. Bi proiektu horiei dagokienez, pentsatuta daukat zer esango dudan testu horietan eta zer esango dudan irudien bidez.

–Noski, oso lan desberdina izango da ipuinen bat ilustratu behar duzunean, hor idazlearen esanetara jardun beharko duzu neurri handi batean, baina egongo da 'interpretazio libreak' egiteko aukera ere, ala?

–Bai, oso lan polita da, eta nik segitu nahi dut idazleen testuak ilustratzen.

–Beraz, oraingoz ez daukazu albumik erabat zeurea denik, bai testua bai irudia.

–Ez, horrelakorik ez. Badauzkat asmoak, eta pare bat proiektu. Italian master bat egina naiz horren ingurukoa, hain zuzen ere. Ilustratzaile batentzat, albuma da goxoki goxoena. Narratzeko aukera ematen dizu, irudien bidez. Marrazkilarion ahotsak askoz pisu handiagoa du album batean formato txikiko haur literatura lanetan baino. Ikusten da: gorakada handia egon da albumetan, eta kalitatea ere gorantz doa. Ikusten duzu hor apalategian daukadan 'Urdaburutarrak' ipuineko azala, esaterako. Testuak abizen bat adierazten digu, familia bat aurkezten. Eta irudiak berriz, lehenengo kolpean familia baten erretratu tradizionala dirudi, baina segituan konturatzen zara: emakumea da etxeko zama guztia eramaten ari dena. Eta hori irudiak esaten digu.

–Azkenaldian zer egin duzu besterik?

–Polikiroldegian bertako animaliak ardatz hartuta panel handi bat eta irudi batzuk egin ditut, denak Maialen Lujanbioren bertsoen ondoan doaz. Lan-talde polita izan dugu, Ainhoa Makazaga, Iñaki Sanz Azkue, Eñaut Agirrek eta bostok osatua. Plazer handi bat izan da proiektua, igerilekuan Urumea ardatz hartuta bertako fauna integratu delako, eta hau lantzeko profesional handi hauekin lanean aritzeko aukera izan dudalako, bakoitzak beretik.

–Estilo bakar batez lan egiten duzu?

–Ez beti. Oharkabean, aldatzen joaten zaizu. Batzuetan, liburuetan gehienbat, asko kostatzen zait erabakitzea zein den teknika egokiena proiektu bakoitzean. Igual hasten naiz akuarelarekin egiten eta hura ez dabil, eta blokeoa! Zenbaitetan liburu bera bi eta hiru aldiz egin dezaket. Hori ona, eta txarra da aldi berean, eromena askotan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos