'Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa' ikuskizuna Tolosan dago orain ikusgai

Ez Dok Amairuko kideak. Beheko iladan, ezkerreko bigarrena da Joxan Artze. /
Ez Dok Amairuko kideak. Beheko iladan, ezkerreko bigarrena da Joxan Artze.

Donostiako San Telmo Museoak Artzeren oroimenezko ekitaldi batzuk eskainiko ditu apirilean zehar

F. I. DONOSTIA

. Orain dela bi urte, 'Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa' erakusketa inauguratu zen Donostiako San Telmo Museoan. Morgancreak diseinatua zen, Mikel Laboa Katedraren laguntzarekin.

Hain zuzen ere, Tolosako Aranburu jauregian dago orain ikusgai, otsailaren 3ra arte, eta handik Oteizaren museora joango, Altzuzara. Tolosakoa hamaikagarren geltokia izan da.

Oso ikuskizun bisuala da. Kontuan izan behar da 'Ikimilikiliklik' ikuskizuna ere halakoxea zela, eta kutsu abangoardista handikoa.

Ez Dok Amairu mugimenduko lagunek 'Baga, biga, higa' sentikaria sortu zuten 1969an. Gero taldea desegin zen, baina Artze anaiek -Joxan eta Jexuxek- Mikel Laboarekin batera 'Ikimilikiliklik' ikus-entzunekoa jarri zuten abian. Aurrekoa «sentikaria» hitzarekin izendatu bazuten, beste hau «bidekidekaria» zen. Noski, Joxan Artzek asmatutako hitza. Nolatan? Nolabait, artistok adierazi nahi zuten ikusleria-entzuleriaren alboan eseri nahi zutela, eta haien aldamenean bidaia poetikoa egin.

Orain Tolosan ikusgai, San Telmoko ikuskizun horrek errealista izan nahi du; hau da, orain dela berrogei urteko soinu eta irudi haiek erakutsi nahi ditu ahalik eta fidelen. Morgancrea enpresak egin du lana, Alberto Lizarralde arduratu da audio-lanez eta Carlos Rodriguez irudiez. Artzek plazaratutako diskoez baliatu dira haren errezitazioak ekartzeko ikuskizunera.

1975eko apirilaren 18an estreinatu zuten 'Ikimilikiliklik', Algortan. Eta 1978a bitartean hemengo herri askotan, zein kanpoan (Burdeos, Valladolid, Zaragoza, Madril...; Venezia, Paris...) erakutsi zuten bidekidekaria. Hala ere, badirudi aurreko 'Baga, biga, higa' haren arrakasta-maila ez zuela iritsi; kontuan izan behar da beste hartan Ez Dok Amairuko kide denak jardun ohi zirela.

1976an Veneziako Biurtekoan jardun ziren Artze anaiak eta Laboa. Norbaitek dena filmatu zuen super-8an eta Morgancreakoek eskatu zuten filma, baina ukoa jaso zuten. Egile-eskubideak ez omen daude garbi eta zehatz; hori da jaso zuten eran-tzuna.

Oraingo ikus-entzunekoan entzuten den lehenbiziko poema «Nere ama hil zait» da. Artzek bere lehenengo liburuan publikatu zuen, 1969ko hartan, eta Laboak kantu bihurtu. Aski ezaguna da: «Nere ama hil zait / lanak itota / lanaren amoreagatik / hil zait / zertarako dan bizitza / jakitera iritsi gabe. / Izeba ere hil da / era berdinean / hil da izeba». Handik urte askotara, Artzek ukazioa-edo agertu zuen testu honekiko. Gutxi gorabehera, adierazi zuen amak bazekiela zer zen bizitza. Hori gertatu zen Artzek norabide-aldaketa jo zuelako bere bizitzan, 'Harzabal' gaitzizenez sina-tzetik 'Hartzut' izatera pasatu zenean, 80. hamarkada bukaera aldera. Nolabait -eta asko laburbilduz- esateko, kezka sozialetatik kezka espiritualetara pasa zen Usurbilgo artista. Kezka espiriritualetara eta kristautasunera.

Bestalde, atzo jakinarazi zuten San Telmo Museoak Artzeren oroimenezko ekitaldi batzuk eskainiko dituela apirilean zehar.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos