Bi proiekturen bila, bertsolaritzaren ikerketa bultzatzeko

Aurreko urteetako deialdien emaitza.

Bi ikerketa proiektu sari esleitzeko deialdia zabaldu du Mintzola Ahozko Lantegiak UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean

2013an hasi zen Mintzola Ahozko Lantegia UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzekin batera lan-ildo horiek horiek jorratzen. Egindako bideari esker, areagotu egin dira bertsolaritzaren inguruan abiatu diren azterketa lanak eta honezkero badira mordoxka bat amaituta edo abian. Beste erakundeek martxan jarritako deialdietan ere, hainbat dira bertsolaritzaren aldeko hautua egiten duten ikertzaileak.

Mintzolak ohar baten bidez azaldu duenez, "proiektu sarien deialdia doktore tesiak abiarazteko onuragarri gertatu da, azken deialdietan ikusi denez, proiektu saria lortutakoek tesirako proiektuak ere aurkeztu baitituzte gerora". Abian dauden ikerketa horietako zenbait ezagutzeko aukera izango da abuztuaren 24an eta 25ean Donostiako Miramar Jauregian, UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan Mintzolak antolatu duen 'Bertsolarien kantaera eta sormena' ikastaroan. Izena emateko parada dago oraindik.

Aurtengo deialdiari dagokionez, 2.000 euroko bi ikerketa proiektu sari eskainiko dituzte UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak. Eskariak aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da. Helburua da geroko tesiak sustatzea, eta ikertzaile gazteei edota hasiberriei bultzada ematea.

Lanen ikergai nagusia bertsolaritza izango da eta edozein jakintza-alorretik aztertu ahal izango da berau. Bestalde, master-amaierako lanen proiektuak lehenetsiko dira, baina beste ikerketa-lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira; nolanahi ere, unibertsitateko irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua.

Eskariak egiteko prozedura eta informazio osoagoa ¡duzue www.mintzola.eus atarian bertan eta www.ehu.eus/laboakatedra webgunean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos