Ikasleek biziberritu dituzte Landako eta inguruak

Eskuan, doan jasotako koadernotxo bat. Begiradan, jakinmina eta miresmena. Nekez egin daiteke argazki esanguratsuagorik. /FELIX MORQUECHO
Eskuan, doan jasotako koadernotxo bat. Begiradan, jakinmina eta miresmena. Nekez egin daiteke argazki esanguratsuagorik. / FELIX MORQUECHO

Ostiralean erdigunera iristen den Azokak agur esango dio 25 urtez lagun izan duen Argizaiolari

Aurten ere ez diote hutsik egin ikasleek Durangorekin duten hitzorduari, eta ikaslez beterik egon dira Landako eta gainerako gunean Azokako Ikasle Egunean. Publiko orokorrarentzat ere ateak zabalik egon dira, eta bigarren egunez, Azoka jendez lepo egon da. Euskal Herriko txoko guztietatik etorri dira ikasleak Azokak antolatutako tailerretan parte hartzera, Azokako giroaz kutsatzera eta, horren truke, etorkizunean beraiena izango den Sormenaren Lurraldea biziberritzea.

Ostiral honetan Azoka erdigunera iristen da, eta zortzi guneetan egitarau potoloa dago kulturzaleentzat. Irudienean 'Handia' eta 'Errementari' film luzeak izango dira protagonistak.

Areto Nagusian Gogoetaren Plazaren lehenengo saioa ospatuko da. 12:30ean Jon Garaño zinemagilea eta Katixa Agirre idazlea egongo dira berbetan, Maite Bidartek gidatuta. 18:30ean, "Bidasoako zubia" izango da landuko duten gaia, Hego eta Ipar Euskal Herriko mugak zer nolako eragina duen sormenean, oihartzunean eta abar. Parte hartzaileak Nahia Zubeldia (Lumi), Luzien Etxezaharreta (Maiatz), Jon Eiherabide (Zinegin) eta Ainara Gurrutxaga (Dejabu Panpin Laborategia) izango dira, Nora Alberbidek gidatuta.

Kabi@n Wikipedia Eguna ospatuko dute, hainbat hitzaldigaz eta Wikipedian editatzen ikasteko tailer ireki bat. Saguganbaran hiru ipuin kontaketa egongo dira (Ni neu galtzeta, Lili eta Sorgina txirulina), aurkezpenak (Arraroa, Banilo! eta Jira bueltan) eta Olgeta tailerra.

Ahotsenean, egunero legez, etenik gabeko kontzertu maratoia: Ze Esatek!, Libe, Iker Lauroba, Itziarren Semeak... Solasaldietan ere, izen handiak: Joseba Tapia, Eider Rodriguez, Tere Irastortza, Iñaki Perurena...

Szenatokian 'Omentzetik ereitera' ekitaldia ospatuko da, 20:00etatik aurrera. Bertan, Argizaiola sarien azken 25 urteetako errepasoa egingo da, eta Durangoko Azokak sortuko duen Sormen Beka aurkeztuko da. Ekitaldira joateko gonbidapena izatea beharrezkoa da.

Egunero bezala, Azokako egitaraua Plateruenan amaituko da. 22:30ean hasiko da Audience talde gernikarraren kontzertua. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai.

Hirugarren egunean ere debaldeko autobus zerbitzuak martxan jarraituko du Arriaundi industriagunetik (Iurreta) Landakoraino.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos