Igor Elortza garaile Donibane Lohizunen

Igor Elortza garaile Donibane Lohizunen
GARI GARAIALDE/XDZ

Oso gertu izan du 2,5 punturen aldearekin bigarren gelditu den Maialen Lujanbio

Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekua eta ez da toki txikia. Arazorik gabe bete da arratsaldeko 17:00etan Bertsolari Txapelketa Nagusiko azkenaurrekoa hasi denerako, sarrera guztiak aurretik salduta. 2.280 bertsozalek gozatu dute, hortaz, Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbioren arteko lehiaz. Fernando Anbustegiren aginduetara aritu dira. Bizkor eta arin, gainera, bi ordu eta erdi eskasetan amaitu baitituzte egiteko zituzten lanak.

Azkenean, Igor Elortza izan da garaile, 710 punturekin, eta Maialen Lujanbio bigarren, 707,5 punturekin. 700 puntuen azpitik ibili dira gainerakoak, eta hurrenkera honetan sailkatu dira: Julio Soto, 671; Jone Uria, 668,5; Agin Laburu, 634,5 eta Iñaki Apalategi, 633,5.

Finalera begira, posturen batzuk ziurtatuta daudela dirudi, baina asko dago oraindik jokoan, honezkero bi errondak bukatuta dituzten bertsolariek lehiakide handiak izango baitituzte datorren larunbatean Iruñeko Anaitasunan jokatuko den azken finalaurrekoan. Han izango da, esaterako, lehen itzulian 740,5 puntu lortu zituen Aitor Mendiluze, ondoan izango dituela Aitor Sarriegi, Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Alaia Martin.

Saio horren faltan, honela sailkatu dira finalaren aurreko bidea amaitutzat eman dezaketen 12 bertsolariak:

1. Maialen Lujanbio 1.457,5

2. Igor Elortza 1.413,5

3. Sustrai Colina 1.406,5

4. Beñat Gaztelumendi 1.389

5. Jon Maia 1.356,5

6. Jon Martin 1.339,5

7. Julio Soto 1.339,5

8. Nerea Ibarzabal 1.338,5

9. Jone Uria 1.337,5

10. Agin Laburu 1.324,5

11. Iñaki Apalategi 1.281,5

12. Etxahun Lekue 1.271,5

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos