‘39 idazle nafar’, adin eta joera guztietako idazleentzako plaza

Jose Angel Irigarayk editore-lanak egin ditu, Fertxu Izquierdorekin batera. /F.I.
Jose Angel Irigarayk editore-lanak egin ditu, Fertxu Izquierdorekin batera. / F.I.

Narrazio-bilduma honetaz gain '2016ko mikro-ipuinen lehiaketa' liburuxka plazaratu du Pamiela etxeak

FELIX IBARGUTXI

'39 idazle nafar' izeneko liburua plazaratu du Pamiela etxeak. Hango 39 idazleren lan bana daude bilduta bertan, gehienak narrazioak eta lauzpabost orrialdekoak. Badira tartean Nafarroa Behereko idazle batzuen lanak ere, hala nola Aurelia Arkotxa, Itxaro Borda eta Marikita Tambourinenak. Koordinazio lanean Fertxu Izquierdo jardun da, Jose Angel Irigaray izan duelarik laguntzaile, eta batak nahiz besteak ere ekarri dute testu bana bildumara.

Berrogei idazleri baino gehiagori egin zitzaien gonbita, testuren bat bidal zezaten, eta askok eman zuten baiezkoa, bistan denez. Idazle ezagunekin batera, badaude aurpegi berriak ere, adibidez liburuari hasiera ematen dion testuaren egilea: Ane Ablanedo. 'Tori, Urdanga' ipuin erotikoa idatzi du. Beste 'berri' batzuk Ipar Alkain, Tania Arriaga eta Leire Alonso dira.

Idazle oso ezagun batzuek ez dute lanik bidali, era askotako arrazoiak direla medio, baina aipatutako Itxaro Bordaz gain, Luis Gardek, Aingeru Epaltzak eta Patziku Perurenak hartu dute parte, adibidez.

Tankera askotako idazlanak irakur daitezke, batzuk klasikoak, besteak esperimentalagoak. Idazleei baldintza bat ipini zitzaien: idazlanek nolabaiteko lotura eduki behar zuten Nafarroarekin.

Abizenen ordena alfabetikoan eskaintzen dira lanak eta Iñaki Zabaleta eta Patxi Zabaletarenak dira azkenak.

Herenegun liburuaren aurkezpena egin zuen Donostian –bertako Liburu eta Disko Azokaren harira– Jose Angel Irigaray editoreak. Esan zuenez, Pamielak iaz ateratako '24 relatos navarros' bildumaren jarraipen moduan hartu daiteke oraingo liburua, eta emaitza hau «Nafarroako letren argazki panoramikoa» ere bada. «Adierazten du gaur Nafarroan zer lantzen den. Eta argitalpenak badu beste bertute bat: adore-emale izan daitekeela idazle hasiberrientzat».

Azpimarratu zuen belaunaldi ezberdinetako autoreen lanak irakur daitezkeela bertan, hasi 80urtetik gora dituen Eñaut Etxamendirekin eta 1994an jaioa den Leire Alonso burlatarrarekin bukatuz; 2015eko Iparragirre sariaren irabazlea, bera.

Esan bezala, bada lan esperimentalik ere. Iñigo Astiz kazetari eta olerkariak egin duen narrazioan bi plano paralelo daude tipografikoki eta modu paraleloan doazenak. Lerro bakoitiek letra-mota bat daukate, bikoitiek beste bat. Inma Errearen narrazioan, berriz, protagonista nagusia maleta bat da.

Tartean bada Patziku Perurenaren artikulu hau ere: 'BAK: basajaunaren Azken Kantua'. Leitzako idazlea baieztapen oso deigarri batekin datorkigu: «Basajaunak ez du mitikotik deus». Perurenaren iri-tziz, jabe handi zirenei esaten zitzaien basajaun, alegia, Aralarko Jauna, Iratiko Jauna, Aldudeko Jauna eta Bertizko jauna ziren basajaunak. Eta ez ziren basokoak, eta are gutxiago basatiak. «Juxtu alderantziz: bere mendeko basajende artera doan jauntxo hiritarra», irakur daiteke artikuluan.

Bestalde, Pamiela etxeak '2016ko mikro-ipuinen lehiaketa' liburuxka atera du, non hainbat eskolatako neska-mutikoek –Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoek– egindako idazlan laburrak irakur daitezkeen. D ereduko ikastetxeek ez ezik, A eredukoek ere parte hartu ohi dute, eta baita Iparraldeko batzuek ere. Euskokultur Fundazioa eta Pamiela bera dira antolatzaileak.

Sari bikoitza izaten da: bateko, Pamielaren beraren liburu sorta; besteko, pertsonaia ezagun baten bisita ikastetxera. 2016an, adibidez, Oier Sanjurjo futbolariaren bisita izan zuten saritzat. Aurreko urte batzuetan Bernardo Atxaga, Mariasun Landa eta Ruper Ordorika izan dira bisitariak.

Duela 40 urte

Liburuon aurkezpenean, Jose Angel Irigarayk Nafarroako idazle-sistemaren errepaso zabala egin zuen. Iruñean 1942an jaioa, nafar idazletzat du bere burua, nahiz bizitzako urte gehienak Donostian eman dituen. «Orain dela berrogei urte, idazle gehienak apaiz eta fraideak ziren. Bazegoen salbuespen nabarmen bat, Mariano Izeta baztandarra; 'Dirua galgarri' izeneko polizi nobela publikatu zuen 1962an 'Auspoa' bilduman. Antonio Zavalak obra egokitzat jo zuen bere bilduma horretarako, bazekielako Izetaren idazkera herrikoia zela, baina berez literatura beltzeko obra da hori». Jose Mari Satrustegi ere idazle nafar atipikoa izan zen, besteak beste sexuaz idatzi zuelako, baina ikasketaz eta ogibidez apaiza zen.

Fraide kaputxinoek pisu berezia izan zuten duela mende erdiko Nafarroako sistema literarioan. Ordena horretako kide batek, Aita Felipe Murietakoak, 'Umeen Deia' aldizkaria jarri zuen abian, non haurren idazlanak publikatzen baitziren. Jose Angel Irigarayik ongi ezagutu zuen:«Zortea izan nuen gizon haren kolaboratzaile izateko 1968ra arte. Gero kulturan pisua izango zuten batzuek hantxe publikatu zituzten beren haur garaiko lehen lantxoak, hala nola DonostiakoZumalabetarrek, Ormaiztegiko Garmendiatarrek, Sagrario Alemanek berak... Ipuin xumeak ziren, baina Norbert Tauer euskalariak esan zuen oso gustura irakurtzen zituela».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos