Bi euskaltzain berri hautatzeko prozesua, abian

Patxi Uribarren euskaltzaina, Bilboko Karmeldarren lorategian egindako artxiboko argazkian./MITXEL ATRIO
Patxi Uribarren euskaltzaina, Bilboko Karmeldarren lorategian egindako artxiboko argazkian. / MITXEL ATRIO

75 urte betetzean emeritu bilakatu diren Joan Mari Torrealdaik eta Patxi Uribarrenek utzitako hutsarteak beteko dituzte

Ostiral honetan Gipuzkoako Foru Aldundian egindako Osoko bilkuran, Joan Mari Torrealdai eta Patxi Uribarren euskaltzain osoak euskaltzain emeritu izaerara igaro ziren. Gogoratu behar da emeritu izaerara igarotzeko 75 urte beteak izan behar dituztela euskaltzain osoek. Igaro berri dute langa hori euskaltzain biek, 1942ko urriaren 31an jaio baitzen, Aramaion, Uribarren, eta urte bereko azaroaren 24an, Foruan, Torrealdai.

Euskaltzaindiaren Arautegiaren eta Barne Erregelen arabera, bi euskaltzain oso emeritu izatera igarotzearen ondorioz, bi hutsarte aldarrikatu dira. Bi hutsarteok betetzeko proposamenak ondorengo bi Osoko bilkuretan aurkez ditzakete euskaltzainek, eta hirugarren batzar batean egingo da bozketa. Beraz, abenduko eta urtarrileko batzarretan aurkez daitezke hautagaiak, eta otsaileko batzarrean gauzatuko da bozketa, non izendatuko diren euskaltzain oso berriak, euskaltzain osoen bozen nagusitasuna erdietsi ondoren. Euskaltzain osoa izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dute; eta, proposamenaz batera, zerrenda bat egin behar da, hautagai bakoitzak dituen merezimenduak xeheki aipatuz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos