Osatu da txapelaren bila abiatuko den hogeita laukoa

Tolosan aurreneko eta bigarren gelditu ziren Etxahun Lekue eta Maddalen Arzalluz, adi-adi lanari ekin aurretik./Alberto Elosegi / XDZ
Tolosan aurreneko eta bigarren gelditu ziren Etxahun Lekue eta Maddalen Arzalluz, adi-adi lanari ekin aurretik. / Alberto Elosegi / XDZ

Final laurdenak irabazi dituztenak eta puntuen arabera sailkatu diren 18ak orain lau urteko sei finalistarekin elkartuko dira

Larunbat arratsaldean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zen seigarren eta azken final laurdena amaituta, finkatuta gelditu da zein bertsolari arituko diren Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetan: Alaia Martin, Jon Martin, Oihana Iguaran, Miren Amuriza Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue, final laurdenetako irabazleak; final laurden horietantxe lortutako puntuen arabera sailkatutako hamabiak, eta Txapelketa fase horretan hasiko duten Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina, horiek izan baitira orain dela lau urteko finalean aritu zirenen artean 2017ko txapelketarako izena eman dutenak. Guztira, 24 bertsolari.

Finalaurrekoetara zuzenean sailkatzea lortu duen azkeneko bertsolaria Etxahun Lekue izan da, Tolosan 1.250 entzuleren aurrean nagusitu ondoren. Azaroaren 4an Maule-Lextarren egingo den saioan kantatuko du, eta Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal izango ditu zain, besteak beste. Lekuek 673 punturekin lortu zuen lehen postua Tolosan. Ion Zalduaren esanetara aritu zirenen artean, bigarren Maddalen Arzallus gelditu zen (670 puntu), hirugarren Jon Maia (662,5), laugarren Beñat Lizaso (646,5), bosgarren Xabat Galletebeitia (636 ) eta seigarren Eneko Lazkoz (607).

Bero egiten zuen atzo Tolosan, baina saioari pixka bat kostatu zitzaion berotzea. Hala ere, entzun ziren ale ederrak, eta entzule asko malkoetaraino emozionatu zituzten zenbait bertsolarik kartzelako ariketan, despedida kutsua -eritasun larriak tarteko- eman baitzioten «inoiz ez bezalako besarkada eman dizu aitak» proposamenari. Beñat Lizasok aita omentzeko aprobetatu zuen, eta azkena kantatzea egokitu zitzaion Etxahun Lekuek, berriz, Katalunian azken aste hauetan gertatu direnak gogora ekar– tzeko, aitak eta berak nola bozkatu zuten eta ondoren ikusitakoak eragindako amorrazioa gogoratuz.

Puntuei dagokienez, gainerako final laurdenen azpitik ibili zen Tolosakoa. Hurbilenekoa Segurakoa izan zen, Jon Martinek 673,5 punturekin irabazi zuena. Gainerakoetan, 714 punturekin nagusitu zen Iguaran Leitzan, 712rekin Alaia Martin Baigorrin, 700ekin Amuriza Zallan eta 698,5ekin Ibarzabal Zumaian.

Kontu denak eginda, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Unai Agirre, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo, Jon Maia, Jone Uria, Nahikari Gabilondo, Miren Artetxe, Beñat Iguaran eta Aimar Karrika ere finalaurrekoetan izango dira. Hortik beherakoentzat, 650 puntuen azpitik ibili direnentzat, alegia, amaitu da Txapelketa Nagusia.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos