«Hogei urte egin ditut lan honetan eta disko hau da nire emaitza pertsonalena»

Xabier Zabala bere etxean, Zarautzen/LOBO
Xabier Zabala bere etxean, Zarautzen / LOBO

Bere hogei urteko lanaldia ospatzeko, doinu instrumentalak, ‘new age’ tankerakoak dakartzan diskoa plazaratu du: ‘Brisa’

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Oso konpositore polifazetikoa da Xabier Zabala (Zarautz, 1967). 1997an egin zuen aurreneko lana, ‘Hik hasi’ aldizkarirako, eta gero era askotako lanak egin ditu, besteak beste Pirritx eta Porrotx pailazoentzat eta Real Sociedaderako.

- Aurkeztu emaitza berri hau, ‘Brisa’.

-Lehenengo doinuak orain dela hogei urte plazaratu nituen. Hainbat eskaera jaso izan dut, hainbat enkargu. Eta horrelako enkarguez gain, beti egin izan ditut neure gustuko pieza instrumentalak. Joan izan naiz gordetzen eta orain, hogei urte pasa direlarik, iruditu zait bazela garaia doinu hauen bilduma plazaratzeko. Nik esango nuke nire lan pertsonalenen bilduma dela.

- ‘Brisa’ ipini diozu izenburu diskoari.

- Musikarioi askoz errazago zaigu doinuen bidez espresatzea, hitzen bidez baino. Doinuei izena jartzean, orduantxe hasten dira komeriak, ez dakizu asmatuko duzun. Ni sarri joaten naiz paseatzera, Getaria aldera, oxigenatzeko eta lanetik atseden hartzeko. Horrelakoetan, brisa ondo hartzen da. Itsasertzeko brisa horrez gain, izaten da mendi aldeko brisa ere, eta kontuan izan euskaraz nahiz gaztelaniaz ‘brisa’ esaten dela. Beraz, gauza asko hitz horren inguruan.

- Oro har, doinu nahiko patxadatsuak dira, ezta?

- Bai. Tarteka badaude pasarte epikoagoak. Jendeak esan dit erraz aditzen den diskoa dela, eta lasaigarria dela. Zati batzuk badaude nostalgikoagoak, eta bat edo beste tristeak ere bai. Izenburu bakoitzak bere historiatxoa dauka.

- Bada ‘Oderitz’ izeneko alea ere. Hori Nafarroako herri baten izena da...

- Gustatzen zait Nafarroara joan eta hango herri txikiak bisitatzea. Zera gertatu zen: egun batean Oderitz herria ezagutu nuela eta, handik gutxira, Oderitz izeneko haur jaio berria.

«Lan honek ez dauka zerikusirik orain arte besteentzat egin ditudan horiekin»

- Konposizioak egiteko teklatuak erabiltzen dituzu neurri handi batean.

- Eta baita musika-tresna akustikoak ere: gitarrak, soinua, txirula... Denetik nahasten dut.

- Esan duzu hogei urteko lanak ekarri dituzula diskora.

- Bai, orain urte eta erdi ikusi nuen 2017an izango zela urteurrena, eta bilduma prestatzeari ekin nion. Doinu batzuk lehen-lehenean utzi nituen, beste batzuk txukundu eta gaurkotu egin ditut.

- Nahiko zenuen erakutsi «beste Zabala bat» bazegoela hor... Pirritx eta Porrotxentzat lan egindako Zabalaz gain badaude beste Zabala batzuk, alegia.

- Xabier Zabala bat bakarra dago, baina oso askotarikoa. Besteentzat hogeita hamar disko egin ditut eta denak nire-nireak bezala sentitu ditut, baina hau oso lan pertsonala izan da; musikalki biluzik bezala gelditu naiz. Lan honek ez dauka zerikusirik orain arte besteentzat egin ditudan horiekin.

- Gero jendaurrean egingo al duzu emanaldirik?

- Su geldoan egindako lana da. Poliki joan da orain arte, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi nuke. Presa handiko gizarte batean bizi gara, dena presaka jaiotzen da eta presaka kontsumitzen dugu. Ez zait hori gustatzen. Garai batean, musika entzutea errituala zen: erosi egiten zenuen diskoa, irakurri egiten zenituen barruko testuak, entzun egiten zenituen kantuak banan-banan... Denbora eskaintzen genion. Disko honekin patxadaz jokatuko dut. Utzi egingo diot bere bidea egiten eta, udaberri aldera-edo, plataforma digitaletan sartuko dut, spotify-n eta. Eta gero, udazkenean, jendaurreko zerbait nahi nuke egin, irudiekin lagunduta. Uste dut musika mota honi ondo datorkiola irudia, osatu egiten du doinuarekin esan nahi izan duzuna.

«Doinuei izena jartzean, orduantxe hasten dira komeriak, ez dakizu asmatuko duzun»

- Musika instrumentaleko grabazioak ez dira oso ugariak gurean.

- Bai, azkenaldian Euskal Herrian gutxi entzun izan da musika instrumentala, ez dakit bolada den eta gero gauzak aldatuko diren... Europa eta mundu mailan, aldiz, musika instrumentala sasoiko dago.

- Aurten zer eratako proiektuak ibiliko dituzu?

- Gauza asko. Badut proiektu bat film labur baten inguruan, eta obra bat idatziko dut Bilboko Txistularien Bandaren alarderako, beste obra bat idatziko dut Garikoitz Mendizabal txistulariarentzat, Hernanin egingo den preludiorako ere beste zerbait... Korrontzik diskoa atera nahi du Xabier Amurizaren koplekin. Andoni Egañarekin ere badut proiektu bat... Joango dira poliki-poliki gauzak burutzen.

- Zuretzat zein izan dira enkargu konplikatuenak?

- Zaila egiten zait hori erantzutea. Izan ere, asko gustatzen zait lan oso desberdinak egitea. Formazio handientzat -bandak, orkestrak...- konposatu behar duzunean luzatu egiten zaizu lana, baina apasionantea izaten da, eta emaitza oso polita izaten da. Ederra da orkestrako laurogei lagunak zure musika interpretatzen ikustea. Gainera, normalean denbora dexente ematen didate gauzak prestatzeko.

- Orkestrarako zenbat lan idatzi duzu?

- Asko! Pirritx eta Porrotxerako ida tzi ditudan batzuk ere orkestrarako ziren. Bandarako ere hamabi bat obra ditut idatziak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos