Hizkuntz gimnastak

EIZIEko Lopetegi (?), Aldasoro, Garmendia, Lobera, Agote, Lasa eta Gillenea, 1995eko batzar nagusian./POSTIGO
EIZIEko Lopetegi (?), Aldasoro, Garmendia, Lobera, Agote, Lasa eta Gillenea, 1995eko batzar nagusian. / POSTIGO

Euskal itzultzaileen elkarteak 30 urte bete ditu. Bistakoa da itzulpengintzak egin duen salto handia

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak) 30 urte bete ditu. Eta esan daiteke 30 urteotan zehar euskal itzulpengintzak benetako aurrerabidea, benetako iraultza egin duela.

1987an egin zen EIZIEren sorrera-batzarra, Donostiako EUTGko areto batean, ehun lagunetik gora bildu zirelarik. Intrahistoriaz pixka bat jabetzeko, Josu Zabaletarengana jo dut. Franco hil eta trantsizioa etorri zenean, Legazpin 1948an jaiotako gizon hau izan zen euskal itzultzaileen mugimenduaren motorretako bat; bera eta Xabier Mendiguren jardun ziren aktibazio-lanean gehienbat. «Bistan zen euskararen ofizialtzearekin itzulpen-behar handia egongo zela. Xabier Mendigurenek inkesta bat egin zuen 1979-80an, eta ikusi zuen orduan itzultzaile ari ziren gehienak 50 eta 70 urte bitarteko jendea zirela. Nik beste inkesta bat egin nuen 1986-87an, eta atera zitzaidan Gipuzkoako itzultzaileen bataz besteko adina 32 urtekoa zela, eta Bizkaikoena 38koa. Zergatik aldaketa handi hori? Martuteneko Itzultzaile Eskolak emandako ikastaroen ondorioz. Hortik itzultzaile berri asko atera ziren».

Martuteneko Itzultzaile Eskola 1980an sortu zen, baina ez Martuteneko Lanbide Eskolako eraikin hartan, baizik eta Donostiako Arbide Dorreetako batean. Hurrengo urtean aldatu zen Martutenera. Hau, berriz, eraikin zaharkitu eta hotz bat zen. Lehenengo ikasturtean 30 lagunek eman zuten izena, gehienak 30 urte ingurukoak.

Instituzioek eskola hari inoiz ez zioten ofizialtasunik eman. «Makrame-eskola baten adinako ofizialtasuna zeukan», esan dit Josu Zabaletak. Baina egia da prestigioa lortu zuela eta lana lortzeko garaian oso baliagarri gertatu zela hango ikasketa-agiria.

«1980ko hamarkada hasiera hartan ikaragarrizko diglosia zegoen. Eta ez zegoen euskara tekniko finkaturik, teologia eta filologiako alorretan izan ezik, esango nuke», jarraitzen du Josu Zabaletak. «Euskaraz aipatzen ez ziren gai asko hasi ziren orduan aipatzen».

Zabaleta harro dago euskal itzultzaileen mugimenduak teoriaren arloan –'Senez' aldizkariaren bidez– egin duen ekarriagatik. Aldizkaria 1984an sortu zuten Martuteneko Itzultzaile Eskolan ari ziren irakasleek, eta hor jarraitzen du, 48. alera iritsi delarik. Normalean urtean ale bat ateratzen da, eta aurtengoa bereziki mardul eta bizia da. Hor dago interneten guztiz eskura.

Esanda bezala, 1987an itzultzaileen elkartearen sorrera-batzarra egin zen. Zuzendaritza Batzordea osatu zen, bederatzi pertsonaz osatua: lehendakaria, Juan Mari Lekuona; lehendakariordea, Xabier Mendiguren; idazkaria, Josu Zabaleta eta diruzaina, Ramon Etxezarreta.

Mendiguren eta Zabaleta ziren eragile handienak. Baina bi izen falta dira hor: Juan San Martin euskaltzaina, finantziazio-arloan lan handia egin zuena, eta Lurdes Auzmendi, idazkari tekniko jardun zuena. Hau ere giltzarri izan da EIZIEren historian. Oro har, esan daiteke literatur itzultzaileak izan zirela aktiboenak sorrera-fase hartan, eta baita ondorengo hamarkadetan ere.

Juan Mari Lekuona lehendakariaren lekukoa Iñaki Zubizarretak hartu zuen gero. Eta handik aurrera hau dugu lehendakarien zerrenda, ordena kronologikoan: Juan Garzia, Anjel Lobera, Joseba Erkizia, Lurdes Auzmendi, Koldo Biguri, Karlos del Olmo, Joseba Ossa, Beatriz Zabalondo, Oskar Arana, Bakartxo Arrizabalaga, Iñaki Iñurrieta, Mikel Garmendia, Idoia Gillenea.

EIZIEko lehendakari Idoia Gillenea bere lantokian, atzean aspaldiko hiztegiak dituela, hala nola Mujika eta Azkuerenak.
EIZIEko lehendakari Idoia Gillenea bere lantokian, atzean aspaldiko hiztegiak dituela, hala nola Mujika eta Azkuerenak. / MICHELENA

Aurtengo 'Senez' atera berriak oso elkarrizketa mamitsua dakar, Karlos del Olmo bertako zuzendariak Idoia Gillenea lehendakariari egindakoa. Emakume honen testigantzaren bidez, irakurle arrunta ederki jabetzen da ogibide honen zailtasunaz eta edertasunaz. Hogeita hamar urtetik gora daramatza ofizioan, eta elkarrizketako pasarte hau bereizi dut: «Pentsa, ni itzultzen hasi nintzenean, Plazido Mujika [-ren hiztegia] neukan nik, ez neukan besterik; Plazido Mujika, bizpahiru hiztegi, eta lau liburu euskaraz. Ez zegoen besterik… Idazmakina elektriko bat, eta, berehala, Commodore 64K bat. Eskerrak! Eta ni horrekin hasi nintzen. Pentsa orain non gauden; orain, tramankuluak eta guzti baditugu itzultzen dutenak, belarrira itzultzen dizutenak, itzulpen memoriak, itzulpen automatikoa, corpusak erabilgarri, hamaika programa eta aplikazio lagungarri, ikastaro mordoa… Mila gauza daude, gehi Internet. Lehen esan dizudana. Niretzat, puntu klabea hori da».

1987ko batzar nagusian bertan aipatu zen proiektu bat gero gauzatuko zena eta seguru asko EIZIEren ekimenik ezagunena: Literatura unibertsala bilduma. Asmoa zen mundu zabaleko ehun literatur liburu esanguratsu aukeratu eta euskarara ekartzea. Eusko Jaurlaritzak harrera ona egin zion proiektuari eta handik gutxira jarri zen martxan. Gero zabaldu egin zen 100 aleko zerrenda; eta azken alea, aurtengoa, 170.a izan da, Koro Navarrok itzulia, Norman Manea-ren ‘Huliganaren itzulera’.

Prestakuntza da EIZIEren helburu handienetako bat. Urtean zehar hainbat ikastaro eskaintzen ditu, bazkideak nahiz bazkideak ez direnak itzulpengintzan, interpretazioan eta zuzenketan trebatzeko. Terminologia, informatika, interpretazioa, zuzenketa, estiloa eta gaztelaniara egindako itzulpena lantzen dira, besteak beste. Onarpen handia dute. Eta EIZIEren beste lorpen deigarri bat: Nor da Nor datu-basea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos