Hitzordu bakarra Ados Teatroa taldearen ‘Dublindarrak’ antzezlana ikusteko

Antzezleak eta Garbi Losada zuzendaria./
Antzezleak eta Garbi Losada zuzendaria.

Larunbat honetan taularatuko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian

Antzerkirako eta zinemarako egokitzapenak, komiki bat... James Joyce (Dublin, 1882-Zurich, 1941) idazle irlandarrak 1914 urtean argitaratu zuen 'Dubliners' liburuan bildu zituen 15 ipuinek askorako eman dute azken mendean, behin eta berriro itzuli baitira sortzaileak Joyceren iturrietara. Azken hurbilketetako bat Jose Antonio Vitoriak eta Garbi Losadak egin dute, Ados Teatro talde gipuzkoarrak oholtzara eraman dezan egokitu baitituzte Joyceren hitzak.

'Dublindarrak' urtarrilaren amaieran estreinatu zen Bilboko Arriaga antzokian, geroztik Hondarribian ikusi ahal izan da, eta asteburu honetan hitzordu bakarra du Donostian egokitzapenaren euskarazko bertsioak: larunbatean, otsailak 17, Victoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Salgai daude 8 eta 20 euro bitarteko sarrerak.

Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Asier Sota, Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez eta Lierni Fresnedo bilduko dira agertokian Joyceren jatorrizko lanaren moldaketa librea antzezteko.

"Xumea bezain sakona den bizitzaren iragankortasunari, gaztetako maitasun galduari eta nostalgiak eta engainuak usteldutako bizitzei buruzko kontakizun zirraragarria taula gainean ikusteko aukera bikaina da", nabarmendu zuten aurkezpenean.

Inflexio-puntuan

Argumentuari dagokionez, jatorrizko kontaketa Dublinen kokatzen da, 1904ko Errege egunean, Morlan andereñoek euren etxean eskaintzen duten afarian. Kontakizuna sinplea da itxuraz: adin eta sexu desberdineko maila ertain-altuko pertsonaia batzuk, epel-epel etxe barruan kalean elurra ari duen bitartean, festa eta musika giroan.

Sakonean, baina, Irlandak garai hartan bizi zuen paralisi moral eta espirituala dauka mintzagai. "Helburua nire herrialdeko istoriaren moraltasunaren atal bat idaztea zen eta horretarako Dublin aukeratu nuen, paralisiaren zentroa iruditzen zitzaidalako", azaldu zuen idazleak berak. Testuan azaltzen den mundua hiltzear dago, baina ez da oraindik argi ikusten zein izango den mundu zahar hori ordezkatuko duen berria. Irlanda inflexio-puntuan zegoen orduan, bidegurutze moduko batean, eta zenbait pertsonaia ere horrela daude. Ikuspegi horretatik, herrialde eta data jakin batzuetatik harago doa Joyceren ekarpena, eta horrexegatik itzultzen dira horrenbestetan sortzaileak iragan mendeko hasieran sortutako testura.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos