"Historiako aste onena" Guggenheim Bilbao museoarentzat

Jenny Holzer, 'Installation for Bilbao' lanaren aurrean, /ANDER GILLENEA/AFP
Jenny Holzer, 'Installation for Bilbao' lanaren aurrean, / ANDER GILLENEA/AFP

Urriaren 10etik 15era, 56.222 bizitari izan ditu eta, horrez gain, urtebetetze opari ederra egin dio Jenny Holzer artista estatubarak

Urriko bigarren astea Guggenheim Bilbao Museoaren "historiako onena" izan da, bertaratutako publikoari dagokionez. Hain zuzen, urriaren 10etik 15era bitartean, 56.224 bisitari izan dira museoan eta, urtea amaitzeko bi hilabete eta erdiren faltan, milioi bat bisitarien muga gainditu du jada.

Museoaren arduradunek jakinarazi dutenez, astean gehien nabarmendu dena "bizkaitarren oldea" izan da, bisitarien %61 izan baitira. Horietako asko Bizkaiko Foru Aldundiaren gonbidapenarekin joan dira, eta jaiegunak aprobetxatu dituzte horretarako. Bisitari gehien izan den eguna urriaren 14a izan da, larunbatarekin, 11.802 lagun sartu baitira museora.

Zubiaz gain, bisitari kopuru arrakastatsua 'Reflections' ikuskizunari ere zor izan zaio. Museoaren 20. urteurreneko ekimen nagusietako bat izan da, eta 300.000 pertsona ekarri ditu, bertakoak, Estatukoak zein beste herrialde batzuetakoak.

Holzerren oparia

Bestalde, Guggenheim Bilbao Museoaren XX. urteurrena den honetan, Jenny Holzer artista estatubatuarrak hiru lan eman dizkio erakundeari, haren Bildumarako: 'Biziraupena saila: utziozu eskuari noraezean ibiltzen…' (1989), 'Bizitzen saila: inoren hatsa ikustea harrigarri gerta liteke…' (1989) eta 'Arno bikotea' (2010).

Kontu handiz formulatutako esaldi motzek osatzen dute Biziraupena saila, eta larritasun tonuan idatzitako mezuak barne hartzen ditu: pertsonek haien ingurumen politiko, sozial, fisiko edo psikologikoari erantzuteko moduaren berri eman edo hori zalantzan jartzen dute. Artean, Bizitzen sailak behaketa, jarraibide eta abisuak aurkezten dizkigu; modu lasaiagoan formulatuak daude horiek, eguneroko bizitza deskribatzeko baliatu ohi den kazetaritza-estiloan. Norbanakoak eta gorputzak paisaiarekin, beste pertsonekin, arauekin, itxaropen, desira edo beldurrekin harremanetan egoteko duen moduari heltzen dio azken sail horren edukiak.

Bestalde, Arno bikotea lanak modu ezin hobean osatzen du Museoaren Bildumako Bilborako instalazioa (1997/2017) pieza. Azken horretan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ageri diren esaldiak Arno testuaren aldaera dira; jatorrian, HIESaren ikerketarako funtsak biltzen zituen proiektu baterako idatzi zen testua, eta Florentzian kanpoaldeko gune batean egin zen proiekzio baterako moldatu zen gero. Arno bikotea bankuetan gaurkotasuna dute pasarte horiek; oraingoan, ordea, euskaraz baino ez dira irarri. HIESaren gaiak berehalako testuinguru tragikoa eskaintzen badu ere, harrian zizelaturiko hitzek gai unibertsalak iradokitzen dituzte: hala nola, intimitatea, heriotza eta galera.

Jenny Holzer AEBko artista kontzeptualik ezagunenetakoa da, eta hitza darabil arte-adierazpenerako bitarteko gisa. Lengoaia soil eta zuzenean idatzitako aforismoak ageriko egiak dira, kaletik hartutako esaldiak, gerra, politika, heriotza edo indarkeriarekin lotura dutenak. Bere kaleko artea museoaren espaziora eramatean, Holzer-en hartzaileak erabat aldatzen dira, eta horrek bide egiten dio pribatua eta publikoaren arteko muga hauskorraren gaineko gogoetari.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos