Historia ofizialaren gainetik, haur ipuinetako erratz hegalarien azpitik

N. AZURMENDI DURANGO.

Sarrera nagusitik igaro eta segituan dago, eskuinean, Ahotsenearen baitako solasaldiak hartzen dituen aretoa. Zuzeneko musika emanaldietarako jartzen duten karpatik emantzipatu izanak mesede egin dio lasaitasunaren eta giroaren aldetik. 11:00etan egin zen atzo lehenengo aurkezpena. Ilaran etorri ziren hurrengoak. Horrela jarraituko dute Azokak irauten duen artean. Asko badira errenkada ireki zuena baino hobeak, gauzak bikain egiten ari diren seinale.

Azoka ireki berria. Bete-beteta aretoa. Ez zen idazle ezagun baten liburua. Ez zen arrakasta aurretik iragarrita daukan nobela bat. Ezta aurkezpen arrunt bat ere. Lorea Agirreren ardurapeko Eskafandra bilduma feministako 460 orrialdeko liburu mardula aurkeztu zuten, hainbaten artean, ordu erdiko ekitaldi landuan.

Mikroren bat matxinatu zitzaien uneren batean, baina Silvia Federici irakasle, pentsalari eta aktibista feministaren 'Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa'-ren itzulpena, Edurne Lazkano eta Aitor Arrutik egina, aurkezpen eredugarri bilakatu zuten, askoren ahotsak eta Federiciri grabatutako hitzak tartekatuz. Liburuaren mamia azalduz, eta horretan oinarrituta eraikiz ikuskizunetik eta irakaspenetik zeukan ekitaldia. Aretoa, lepo. Literatura feministaren 460 orrialdeko klasiko baten aurkezpenerako.

Ehiza ez da amaitu

Elkarrek eta Jakinek dotore asko argitaratu duten liburuaren aurkezpenak balio izan zuen, besteak beste, berresteko zein beharrezkoak diren aurten 10 urte bete dituen Ahotsenea bezalako guneak, norainoko ekarpena egiten dioten Azokari. Arnasguneak dira, Eskafandra bilduma bera bezala.

XVI-XVII. mendeetako sorgin-ehizekin (izan gogoan Zugarramurdi, izan gogoan Logroño...) hasten bada ere gaurkotasun betea duen liburua ekarri du oraingian bildumak. Euskarazko ediziorako berariazko hitzaurrea idatzi duen Federicik elkarrizketan dioen moduan, alegia, «sorgin-ehiza ez da inoiz amaitu, eta haren oinordeko zuzena da utzi zuen emakumearen ikuspegi gutxietsia, sumisioa justifikatzeko oso egokia».

Atzo, liburua aukeztu zutenei Ahotseneak hitza eman zien aretoa betetzen zutenei kontatzeko zergatik den sorgin-ehiza behin eta berriro errepikatu den estrategia. Kontatu zuten, Maialen Lujanbioren hitzak erabilita, zer dagoen «historia ofizialaren gainetik, haur ipuinetako erratzen azpitik». Egunotan horrelako kontu asko entzungo direlako da horren inportantea Ahotsenea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos