Hiru ordezkari gipuzkoar Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketan

Ane Leux, iazko Kutxa Kultur jaialdian. / JOSÉ IGNACIO UNANUE

Epaimahaiak aukeratu dituen 38 taldeen artean Ane Leux, Overloud eta Sofá daude

Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketako epaimahaiak 29. edizioan parte hartuko duten 38 taldeak aukeratu ditu. Irailean, urrian eta azaroan izango dira kontzertuak, Bilborock aretoan, eta Pop Rock modalitateko 24 taldek, Metaleko hamar taldek eta Elektronika eta Beste Joera Batzuetako modalitateko lau taldek parte hartuko dute.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 486 taldek eman zuten izena lehiaketan parte hartu ahal izateko: %21 Euskadikoak, %68 Espainiako Estatukoak eta %10 beste herrialde batzuetakoak. Gipuzkoak, esan bezala, hiru ordezkari izango ditu bakarlari eta talde askori bidea irekitzeko balio izan dion lehiaketa honetan: Ane Leux donostiarra, Kolonbian hainbat urte igaro ondoren jaioterrira iaz itzulia; hard rock klasikoaren eremuan dabilen Overloud, Donostiako talde eskarmentuduna, eta Sofá, Zarautz eta Zumaiako musikariekin osatutako hirukote instrumentala da.

Hautaketa musika arloko pertsona ezagunek osatutako epaimahai espezializatu batek egin du, eta taldeak zeintzuk diren hemen kontsulta daiteke.

Lehiaketak 20.700 euro banatuko ditu saritan: 5.000na euro Pop Rock eta Metal kategorietako irabazleentzat, 2.500na euro bigarren sailkatuentzat eta 1.200 euro hirugarrenentzat. Elektronika eta Beste Joerak kategoriako irabazleak 2.200 euro jasoko ditu eta ikusleen sari bereziaren irabazleak 1.100 euro. Taldeak nongoak diren kontutan hartuta, ordainsari ekonomikoa izango dute bidaien gastuetarako.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos