Hiru hautagai bi euskaltzain emerituren hutsarteak betetzeko

Karmele Jaio idazlea da hautagaietako bat. /
Karmele Jaio idazlea da hautagaietako bat.

Miriam Urkia, Karmele Jaio Eiguren eta Roberto Gonzalez de Viñaspre aukeratu dituzte Patxi Uribarrenen eta Joan Mari Torrealdairen lekua betetzeko

Ostiral honetan Donostian egin den Osoko bilkuran jakin izan denez, Miriam Urkia gipuzkoarra eta Karmele Jaio eta Roberto Gonzalez de Viñaspre arabarrak izango dira Joan Mari Torrealdai eta Patxi Uribarren euskaltzain emerituen hutsarteak betetzeko proposatutako hautagaiak. 2017ko azaroan sortu ziren hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea amaituta, Akademiaren arautegiaren eta barne-erregelen arabera, otsaileko Osoko bilkuran egingo den bozketatik aterako dira bi euskaltzain oso berriak.

Azaroaren 24an, Donostian egindako Osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zituen Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoak. Gogoratu behar da emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituztela euskaltzain osoek.

Miriam Urkia Gonzalez (Donostia, 1965). Euskal Filologiako doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologian lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea, 1988). Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik eta arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada 2007tik.

Karmele Jaio Eiguren (Gasteiz, 1970), kazetaria eta idazlea da. Kazetaritzaren arloan, hainbat komunikabidetan egin du lan eta zenbait komunikazio bulegoetako buru izan da. Egun, Emakundeko komunikazio arduraduna da. Literaturaren arloan, 2004an argitaratu zuen lehen liburua, Hamabost zauri (Elkar) ipuin bilduma, eta ordutik beste bi ipuin liburu -Zu bezain ahul (Elkar, 2007) eta Ez naiz ni (Elkar, 2012), bi nobela -Amaren eskuak (Elkar, 2006) eta Musika airean (Elkar, 2009)-, eta poesia liburu bat -Orain hilak ditugu (Elkar, 2015)-, argitaratu ditu. Hainbat sari jaso ditu eta bere lanak zinerako eta antzerkirako moldatuak izan dira.

Roberto Gonzalez de Viñaspre (Bilbo, 1961). Bilbotarra jaiotzez, Araban bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa da, Hizkuntza Normalkuntzaren alorrean. Euskaltzain urgazle izendatua 2015ean, eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkari eta Onomastika batzordearen buruorde 2017ko ekainaz geroztik. Arabako toponimia historikoa da gehien landu duen ikerketa esparrua, eta arreta bereziarekin aztertu du Trebiñukoa.

Omenaldia iaz hildakoei

Ageriko bileran, bestalde, 2017. urtean hil ziren euskaltzainak omendu ditu Akademiak. Mahaiburuan, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria egon da, eta, ekitaldian zehar musika izan dute lagun hizlariek .

Ohi denez, hilberri-txostenak irakurri dira Aldundiko Iargo Aretoan. Hiazinto Fernandorena Setien (1930-2017) euskaltzain urgazlearena Patxi Zabaleta euskaltzain osoak eta J. Iñaki Etxezaharretak irakurri dute. Marie Jeanne Minaberry (1926-2017) ohorezko euskaltzainarena Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainak irakurri du. Piarres Charritton (1921-2017) euskaltzain emerituarena Txomin Peillen euskaltzain emerituak irakurri du, eta Luis Mari Mujika (1939-2017) euskaltzain urgazlearena Paulo Iztuetak irakurri du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos