'Hiru emakume', Sylvia Plathen antzerki poema, estreinakoz euskaraz

Mireia Gabilondoren alboetan, Ylenia Baglietto, Ane Pikaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreak. Atzealdean, Maria Berasarte abeslaria eta Ane López kontrabaxu jolea./E. MORENO ESQUIBEL/ARRIAGA ANTZOKIA
Mireia Gabilondoren alboetan, Ylenia Baglietto, Ane Pikaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreak. Atzealdean, Maria Berasarte abeslaria eta Ane López kontrabaxu jolea. / E. MORENO ESQUIBEL/ARRIAGA ANTZOKIA

Amatasunari aurre egiteko hiru modu desberdin erakusten dituen testuan oinarrituta, Mireia Gabilondok zuzendu du Arriaga Antzokiaren ekoizpen propio berria

Irratirako idatzi zuen Sylvia Plath (1932-1962) idazle estatubatuarrak 1962an 'Three women', hiru bakarrizketa poetiko txirikordatzen dituen testu dramatikoa. BBC irratiarentzat idatzi zuen hain zuzen, eta haren hirugarren katean eman zen lehen aldiz 1962ko abuztuan. Orain dela hamarkada bat heldu zen estreinakoz oholtzara Londresen, eta datorren astean euskaraz entzun ahal izango dira Bilboko Arriaga Antzokian amategi batean daudela batik bat amatasunaz mintzatzen diren hiru emakume horiek esateko dituztenak.

Datorren ostegunean, martxoak 15, estreinatuko da 'Hiru emakume', euskarazko egokitzapena, Loraldia jaialdiaren programazioaren barruan. Martxoaren 16tik 18ra, ostiraletik igandera, 'Tres mujeres' gaztelaniazko bertsioa eskainiko dute antzoki bereab. Oraindaino euskaraz ez da inoiz ikusi, gaztelaniaz oso gutxitan.

Amatasunari aurre egiteko hiru modu desberdin erakusten dituen hiru ahotseko antzerki poema Mireia Gabilondok egokitu eta zuzendu du, Arriaga Antzokiak ekoitzi eta eszenaratu du eta Ylenia Bagliettok, Ane Pikazak eta Ainhoa Etxebarriak bideratuko dituzte hiru emakume horien bizipen eta gogoetak. Batek ama izatean zentratzen du bere egitekoa, besteak sufritu egiten du ama ezin izateagatik, eta bestea, hala nahi ez ez duen arren, ama da. Izan ere, bata haur eder eta osasuntsu batez erditu da; besteak haurra galdu du eta hirugarrenak, ikasle gazte batek, adopzioan eman du jaioberria.

Maria Berasarte abeslariak eta Ane López kontrabaxu joleak ere leku garrantzitsua betetzen dute emanaldian, baten ahotsak eta bestearen soinuek baitituzte lagun aktoreek. Eszenografiaz, berriz, Fernando Bernues arduratu da, musika aholkularia Iñaki Salvador izan da eta antzezlana euskarara Harkaitz Canok egokitu du.

.

 

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos