Hilaren 19an, EGOko musikari gazteak Victoria Eugenia antzokian

Hamar eguneko egonaldia ari dira egiten musikari gazteak Eibarren.
Hamar eguneko egonaldia ari dira egiten musikari gazteak Eibarren. / EGO

Juan José Ocónen zuzendaritzapean, musikari gazteek ‘Scheherazade' eta 'West Side Story'-ko dantza sinfonikoak interpretatuko dituzte

Hogei urte betetzen dira aurten Euskal Herriko Gazte Orkestra sortu zela. Orduz geroztik, ganbera-musikako eta musika sinfonikoko 150 kontzertu baino gehiago eskaini ditu; atzerriko sei herrialdetan aritu da; 120.000 entzule baino gehiago izan ditu, eta, guztira, 1.000 musikari gazteren partaidetza bideratu du. Azken batean, horrela joan dira gauzatzen urtez urte 1997az geroztik EGOren sorrera sustatu zuen fundazioaren helburuak: orkestra-musikari arloko trebakuntza-bide alternatibo bat eskaintzea musikari gazteei; lan-merkatuarekin harremanetan jartzea, musika-ikasketa arautuen eta jarduera profesionalaren arteko zubiak eraikiz; musika-balioak sustatzea gazteen artean eta pizgarri izatea musika-ikasketa arautuak egiten dituzten ikasle guztientzat.

Oporrak baliatuz, aurten ere egonaldia ari dira egiten Eibarren une honetan EGO osatzen duten interprete gazteak. Uztailaren 10etik 21era lantzen ari diren piezak gaur zortzi, uztailaren 19an, eskainiko dituzte Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Kontzertua iluntzeko 20:00etan izango da, eta sarrerak 10 eurotan eskura daitezke. Programari dagokionez, N. R. Korsakoven 'Scheherazade' eta Leornard Bernsteinen 'West Side Story'-jo dantza sinfonikoak interpretatuko dituzte, Juan José Ocónen zuzendaritzapean.

Nikolai Rimsky-Korsakoven 'Scheherazade' suite sinfonikoa da, 'Mila gau eta bat gehiago' ipuin sortan inspiratuta Ipuin-bilduma ezagunaren ardatza Shariar sultana da. Lehen emaztearen desleialtasunagatik haserre, gau bakoitzean emakume batekin oheratu eta biharamunean hura hiltzea erabakiko du. Baina Sheherazadek, bisirraren alabak, aurre egingo dio sultanaren erabakiari. Horretarako, gaua berarekin ematea onartuko du, eta ipuin bat kontatuko dio, sultana harrituta utzita. Egunsentian, kontaketa gelditu eta bukaera hurrengo gauean azalduko diola hitzemango dio. Eta horrela egingo du mila eta bat gauetan. Sultana, poliki-poliki, neska gazteaz maiteminduko da eta, elkarrekin hiru seme alaba izan ondoren, emaztetzat hartzea erabakiko du.

'West Side Story', berriz, Leonard Bernstein musikagile, piano-jotzaile eta orkestra- zuzendari estatubatuarraren lanik ezagunena da. Arthur Laurentsen libretoan dago oinarrituta eta Stephen Sondheim da hitzen egilea. Broadwayko (New York) Winter Garden Theater antzokian estreinatu zuten 1957ko irailaren 26an eta sekulako arrakasta izan zuen. West Side Storyk aldaketa ekarri zuen Estatu Batuetako musikalen historiara, lehena izan baitzen istorio tragiko bat komedia musikalaren bidez kontatzen. Tony eta Maria gazteen istorioa azaltzen du. Bikotea elkar maiteminduko da dantzaldi batean, haien lagun-taldeak elkarren etsai amorratuak diren arren. Neska puertoricoarra da (Sharks taldekoa) eta mutila anglosaxoia (Jets taldekoa). Borrokaldi tamalgarri batean mutilaren lagunik onena eta neskaren anaia hil egingo dira. Mendeku-uholdea ekarriko du gertakari horrek eta azkenean Tony hil egingo da eta Maria Puerto Ricora itzuliko da.

Bernsteinen lanak musika klasikoa eta herrikoia uztartzen ditu, eta musika-adierazpide garaikide batzuk erabiltzen ditu, besteak beste, jazza, salsa eta beste erritmo latino batzuk. Ikuskizunak arrakasta handia izan zuenez, Bernsteinek kontzertu-bertsioa egin zuen dantza-saioak oinarri hartuta. Orkestazioa aberastu eta West Side Storyko 'Dantza Sinfonikoak' izenburupean antolatu zituen. Lan hori 1960an estreinatu zuten, eta hurrengo urtean, 1961ean, iritsi zen izenburu bereko filma. Zinemarako bertsioa zinema-lorpen handia da, inoiz errodatutako musikal ederrenetakoa. Dantza Sinfonikoak lan horretan oinarritutako suitea dira. 1961eko otsailaren 13an estreinatu zuten suitea New Yorkeko Orkestra Filarmonikoaren eskutik, Lukas Fossen zuzendaritzapean. Sid Ramini eskainita daude, berak egin baitzuen, Irwin Kostalekin batera, jatorrizko partituraren orkestrazioa.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos