Herriz herri dabiltza Maite, Karlos eta Jimmyren hilotza

Ander Lipus eta Patricia Urrutia, Karlos eta Maite.
Ander Lipus eta Patricia Urrutia, Karlos eta Maite.

Ander Lipus eta Patricia Urrutia protagonista dituen 'Hozkailua', Unai Iturriagak idatzia eta Artedramak ekoitzia, Zestoan larunbat honetan eta Donostian datorren astean

M. IMAZ

Maite eta Karlos bezalako asko daude berrogeitaka urtekoen artean. Gaztetako adiskide min, koadrila bereko kide, tokatu zitzaienean erdi punky, festazale, Londresen ezinbesteko egonaldia eginak… Elkarrekin bizi izan zituzten esperientzia horiek, Jimmy izeneko lagun berri batekin batera. Une jakin batean, ohikoa denez, nork bere bidea aukeratu zuen: Maite eta Jimmy Londresen gelditu ziren, eta Karlos etxera itzuli zen, bizimodu 'arruntera'.

Berriro elkartu dira, ordea, Atredramak ekoitzi eta Huts Teatroak aurkezten duen 'Hozkailua' antzezlanean. Zer dela eta? Honakoa dio sinopsiak: "Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailuaren barruan, garagardo lata eta hestekien artean, Londonetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate. Zin egin baitzioten Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela. Nongoa zen galdetzea ahaztu zuten ordea. Zinezko adiskidantza bat azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa da 'Hozkailua'".

Unai Iturriagak idatzitako eta Manex Fuchek zuzendutako lana iragan apirilean Aulestin egindako XII. Artedrama Topaketetan estreinatu zen, eta orduz geroztik dabil herriz herri, aktoreek obra berriaren lehen emanaldiak honezkero agur esan duen 'Francoren bilobari gutuna' arrakastatsuaren azkenekoekin tartekatu behar izan dituztelarik.

Esan behar da, bide batez, agertokietatik desagertu bada ere ikusgai jarraitzen duela 'Francoren bilobari gutuna' antzezlanak, oso-osorik jarri baitu Artedramak bere web gunean.

Baina orain herriz herri jasotakoarekin osatzen eta heltzen joango den 'Hozkailua' ekoizpen berriaren txanda da... Larunbat honetan, uztailak 8, Zestoako antzerki hamabostaldia ixtea egokitu zaio, eta Donostiara datorren astean helduko da. Ander Lipus (Karlos) eta Patricia Urrutia (Maite) protagonista dituen antzezlana hiru egunez emango dute Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, hilaren 13tik 15era. Emanaldi denak gaueko 21:00etan hasiko dira.

Lehen urratsetan da, hain zuzen, "Jimmyri lur eman artean bukatuko ez den abentura absurdoa (..), Euskal Herriaren luze zabalean (antzezlana non, istorioa han), eta memoriaren bidezidorretan zeharreko itinerantzia absurdo eta komikoa". Herri asko korritu dituzte hurrengo hilabeteetan Karlosek, Maitek eta hozkailu barruko Jimmyk.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos