Herri oso-oso mendizalea

1942an Pol-Pol iturriaren ondoan, Irukurutzetan buzoia jarri ostean. Elkartea sortu eta handik hiru hilabetera/Pol-Pol Fondoa
1942an Pol-Pol iturriaren ondoan, Irukurutzetan buzoia jarri ostean. Elkartea sortu eta handik hiru hilabetera / Pol-Pol Fondoa

Iaz 75 urte bete zituen Bergarako Pol-Pol Mendizale Taldeak eta orain liburu harrigarria plazaratu du Miguel Angel Elkoroberezibarrek

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

Zenbat herrik esan dezake oraintxe bertan 700 laguneko mendizale-taldea daukala? Eta noizbait -1980ko hamarkadan- 1.600ekoa edukitzera iritsi zela? Seguru asko, Bergarako herriak marka guztiak hautsi ditu bere Pol-Pol taldearekin, aipatutako zenbaki horien jabe baita. Iaz 75 urte bete zituen Pol-Polek -1942an sortu baitzen- eta orain dela bi aste historia-liburua plazaratu du Miguel Angel Elkoroberezibar bertako semeak. Liburu txundigarria da, 208 orrialdekoa eta hainbat argazkiz hornitua, eta herrian aurkezpena egin zenean benetako gertaera soziala izan zen. «Zenbat jende begiak bustita, zenbat jende sinadura eske! Liburu honek asko eman dit, lana ere bai, jakina», esan dit Elkoroberezibarrek.

Irakasle eta idazle honek uste du Pol-Pol sortzeak berebiziko eragina izan zuela herrian: «Kontu egin 1941ean, lagun haiek elkartea sortu nahian hasi zirenean, herrian ez zegoela ezer. Gerra bukatu berria zen, batzuk gerra galdutakoak ziren eta langile-batailoietatik paseak...». Baina 1942an sortu zen Pol-Pol, eta, harrigarriro, Elizaren batere zerikusirik gabe sortu ere. «Bateratzaile izan zen adin aldetik, ideologia aldetik eta baita sexu, egoera ekonomiko eta gaitasun fisiko aldetik ere...».

Atentzioa ematen dute 1940ko hamarkada hasierako argazki haiek, emakume asko agertzen baitira. «Hasierako 87 kide haietatik, 18 ziren emakumezko», dio liburuaren egileak. Elkartea 1942ko martxoan sortu zen, eta handik bi hilabetera mendizaleek Irukurutzetara egin zuten, bertan buzoia jartzeko. Handik bueltan, Pol-Pol iturrian geratu eta argazkia egin zuten, goiko argazki handi hori, alegia. Ikusten denez, hirutik bat emakumezkoak ziren.

Handik gutxira, uztailean, polpoldarrek Aizkorriko tontorrean ipini zuten buzoia. Filo Agirre izan zen amabitxia, taldearen sortzaile Luis Bikuñaren emaztea -eta Juan Luis Bikuña kazetari ezagunaren ama-. Tontor askotan ipini zituzten buzoiak: Kurutzeberrin, Elosumendin, Irimon, Arnon, Azkonabietan, Itxumendin...

Polpoldarrak Aizkorrin 1942an, buzoia jarritakoan / I. Zaitegi Fondoa

Pol-Pol Mendizale Taldeak izen bereko iturriari zor dio izena. 1926an eraiki zen iturri hori, paraje nahiko altu batean, Elosumenditik hurbil. Onomatopeia bat da izena, urak tantoka erortzean egiten duen hotsaren onomatopeia. Bide batez, esan dezagun izen bereko beste iturri oso famatu bat ere badagoela Bizkaian, Urkiola aldean.

Garai berrietara etengabe egokituz joan zen taldea. 1959an, lau polpoldar Mont Blancera (4.808 metro) igo ziren, horietako bat emakumea. 60 hamarkadan, gizon oso garrantzitsu bat heldu zen Bergarara, Serafin Esnaola apaiza, gizon deserosoa Elizako agintarientzat. Trintxerpetik bota eta Bergarara aldatu zuten, zigorra izango zelakoan, baina abadea oso ondo egokitu zen, eta gazte asko erakarri zuen mendizale-elkartera.

1961eko maiatzean, lehenengo ibilaldi neurtua antolatu zuten. Hamarkada hartan sortu zuten lehenengo espeleologia-taldea ere. 1970eko hamarkadan, berriz, gaztetxoen kanpaldiak hasi ziren eta bi sail berri abian jarri: mikologia eta argazkigintzarena. Orduko gaztetxo haietako bat zen Amaia Aranzabal, gero 1992an Cho-Oyuko tontorra (8.201 m) zapaldu zuena, eta halaxe zortzimilako bat zapaltzen zuen lehen emakume euskalduna izango zena.

1976an, egoitza berria zabaldu zuen Pol-Polek, eta inaugurazio-ekitaldian Jose Luis Elkoro alkatea mintzatu zen. Hain zuzen ere, huraxe izan zuen lehen ekitaldi ofiziala alkate izendatu berriak. Etxean bezala zegoen bera, mendizale porrokatua izaki eta bertako kide ere bai. Gero, 1980an, Cervinoko gailurra zapaldu zuen.

1976an bertan, Pol-Poleko saloian egin zuen bere lehenbiziko erakusketa Jesus Mari Lazkano bergararrak. Elkarteko kide zen eta hamabost urte zituen orduan. Koadro haietako bat, Garaiko herriko paisaia, elkartean dago zintzilik harrezkeroztik. Gero horrenbesteko ospea lortuko zuen mutiko hura eskalatzaile handia izan zen.

1992an, 50 urteak ospatu zituen elkarteak. Eta iaz 75. Lehengo astean, Miguel Angel Elkoroberezibarrek paketea egin zuen, liburuaren ale bat bidaltzeko Unai Perez de Arenazari. Bai bidali ere. Handik bi ordura berri mingotsa iritsi zitzaion: heriok Unai eramana zuen Aran aldean, Bartzelonako Unibertsitaterako ikerketa-lanean ari zela. Hura ere Pol-Poleko kide izandakoa, Pol-Polen bidez mendiarekin zaletutakoa.

Laster, liburuaren bertsio digitala plazaratzen denean, Elkoroberezibarrek heriotza horren berri erantsiko du. Mendian hildako zortzigarren bergararra izan da Unai Perez de Arenaza.

Eta, bukatzeko, oharra: zuzendu beharreko daturen bat edo identifikatu gabeko pertsonaren bat antzemanez gero, jakinaraztea eskertuko luke egileak: maelkoro@gmail.com

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos