Ipar Koreako 'Sipo phantasmak'

'Sipo phantasma' filmeko irudi bat./
'Sipo phantasma' filmeko irudi bat.

Antzinako itsas kondairak dira. Kostaldera tripulaziorik gabe iristen diren itsasontziak. Eskifaia gabe edo mamu eskifaiak gidaturik. Aspaldiko istorioak, egun Japoniako areetan errepikatzen direnak

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Betidanik kontatu izan dira. Portu guztietako kez beteriko taberna guztietan. Ahopean, tragu eta kantu tristeen artean. Noiz kontatu zen estrainekoz batek daki. Hobe esanda, norbaitek jakitekotan, Deabruak jakingo du. Beste inork ez. Itsasoz gainezka den planeta honetako marinel guztiek elezahar bera erraten dute munduko lau izkinetan, tokian tokiko zertzeladez apaindurik denak.

Deabruak daki zein izan zen Koldo Almandozek bere lehendabiziko luzemetraian pantailaratu zuen 'Sipo phantasma' estraineko hura, mamu itsasontzi guztien lehenengoa. Alta, gure hurbileko itsasoetako ezagunenak bi dira: 'Noraezeko holandarra' eta 'Demeter'. Diotenez, behin batean ba omen zen Deabruarekin eta odolez tratua egin zuen kapitaina. Izena bera ezaguna dugu: Willen van der Decken. Zera nahi zuen berak: berdin nolakoak mareak, haizeak ala ekaitzak, arazorik gabe nahi zuen nabigatu. Ohiko desioa zuen berriz Etsaiak: kapitainaren arima. Odolez eta suz sinatu zuten akordioa. Baina Jainkoak ez zuen onartu, eta era izugarrian kolpatu zituen kapitain harroa, eskifaia eta ontzia bera: betikotz nabigatuko zuen. Debeku ikaragarria: inongo portutan ez zuen sarrerarik izango, atsedenaldirik hartuko. Mendeetan zehar, betikotasun guztian.

Izenari erreparatzen badiozue erraz ikusiko 'Van der Decken' horrek 'ontzi bizkarrean' esan nahi duela. Beraz, kapitain hori asmakizun hutsa izan daiteke. Ez ordea istorio honen ur sakonetan daukagun beste hau... XVII . mendean bizi izan zen eta mamuarentzako inspirazio herrikoia izan zen: Bernard Fokke. Portu denetan mintzatzen zen enbidiaz hari buruz: azkarrena zen Holandatik Javarako joan etorrian. Hain bizkor nabigatzen zuen, hain lasai, ezen denak esaten hasi ziren Deabruak berak ematen ziola haize ohialetan...

Hamaika baino, zientoka dira istorio honen bertsioak. Beste itsaso batzuetako beste ertzetan kontatzen da Esperantza Oneko lurmuturrean ekaitzaren kontra jo ta fuego ziharduen barku bateko patroiak zin egin zuela pasako zela hortik, nahiz eta Azken Judizioaren Egunera arte borrokatu behar. Goiko edo Beheko Jaun handiek hartu zioten hitza, eta horrela dabil betikotz, ekaitz guztien aurkako lehia amaiezinean.

Beste kontakizun askotan ez da ez Jainkorik ez Deabrurik agertzen. Egiazko datak ematen dira. 1641an gerta zitekeen. Edo 1680ean. Dirudienez, sarraskia gertatu zen ontzi batean. Hurbilean ziren portuetako agintariek eta biztanleek, errudunek ontzian jarraitzen zutela entzunda eta beldurrez, ez zieten luzatu ainguratzeko baimena. Beste kronika batzuen arabera, garai haietan ezezaguna zen gaitz batek jo zuen beste ontzi bateko eskifaia. Kutsatzeko arriskua zegoela pentsatuta, erabaki bera hartu zuten portuetan, eta barkuak ezin izan zuen inon kairatu. Batak eta besteak, besteak ala batak, noraezean jarraitu zuten itsasoak irentsi arte.

Noraezeko korearrak

Istorioak istorio, ipuin tragikoak ipuin, itsasoko kondaira anitzetan dir-dir egiten dute oraindino barku horietako arima argiek, beste eskifaia askoren espanturako.

Ontzien zubietan ixilean kontatzen da barku batek 'Noraezeko holandarra'-rekin inoiz egiten badu topo, urrutitik aditzen diren infernuko ahotsak entzuten direla argi. Eta ahots ilun horiek erregutu egiten diete marinel bizidunei aspaldi-aspaldian lehorrean hil ziren emaztei, gurasoei, seme-alabei esateko, arren, otoi egin dezatela euren arimen alde.

Literaturan bada beste barku phantasma. 'Demeter' zuen izena. Ingalaterra iparraldeko Whitby herriko barran hondartu zenean, marinelek barkutik salto egin eta itsas labarretako abadia zaharrerantz ziztu batean joan zen txakur beltza ikusi zuten, seko izuturik. Naufragio estrainio horren berri ematen du Bram Stokerren 'Drakula' nobelak eta 1922an Friedrich Wilhelm Murnauk islatu zuen 'Nosferatu' filmeko irudietan. Duela urte pare bat, Ana Juan ilustratzaile handiak Demeterren itsas bidaia marraztu zuen Contempla argitaldetxeak plazaturiko liburu eder gotikoan.

Nobelak zein pelikulak, Anaren arte liburuak bezala, argi eta garbi azaltzen dute zergatik 'Demeter'-era igo ziren Whitbyko agintariek itsasontziaren lemari sokaz loturik ikusi zuten kapitaina. Barkuak zeraman zama ez zen ohikoa, ez zen arrunta, ez zen giza bezero baten enkargua. Ez. Banpiro batek bidaiatzen zuen sotoan. Bere aberriko lurrez beteriko hilkutxa zuen aterpe. Beste hamaika zerraldo ziren zama. Eta denetan gero hirian izurritea zabalduko zuten arratoiak zeuden. Itsasaldian marinel guztien odolaz elikatu zen munstroa. Kapitainarena ere edan zuen baina bera balent asko saiatu zen barkuaren gobernua ez galtzen.

'Demeterren 'bizkarrera igo ziren Whitbyko biztanle horiek gorpuak baino ez zituztenikusi… Egun Japoniako itsas ertzetakoek ikusten duten horrore bera, hots, haraino iristen diren Ipar Koreako arrantza ontzigainera salto egiten dutenero. Ez da gaurko kontua. Badira bi urte gutxienez dozenaka txalupa hasi zirela Japoniako mendebaldeko kostaldera arrimatzen zabu-zabuka olatuen kontra, askotan uharriei ezin iskin eginez. Arrantza barku horiek laguntzera joan zirenek ez zuten bizitza arrastorik aurkitu bertan, gorpuak orpuak baizik. Erdi ustelduta zeuden ziren giza gorputzak. Hezurdurak eta buruezurrak bai. Haragiaren usteltzea areagotzen duten zomorroak.

Sarri, hori ere ez zuten aurkitu. Arropa zahar batzuk, bai. Ipar Korean saltzen den tabako paketea, bai. Hango periodiku baten hainbat orrialde, bai.

Azaroaren 30eko argazkian, Japoniako kostazainak noraezean zebilen Ipar Koreako arrantza-ontzi txiki eta xume bat bat behatzeko prest.
Azaroaren 30eko argazkian, Japoniako kostazainak noraezean zebilen Ipar Koreako arrantza-ontzi txiki eta xume bat bat behatzeko prest. / EFE

Misterio egundokoa. Zer gertatu ote zitzaien eskifaia ezezagun horiei? Non, nola, zergatik galdu zuten bizitza? Kim Hong Un-ek ezarritako diktadura krudel eta basatitik ihes egiten saiatzen zen jendeak bidaiatzen zuen barku horietan? Izan ere, Japoniako mendebaldeko kostatik ondo ikusten da Ipar Korea. Floridatik Cuba ikustatzen den bezain garbi. Edo Tarifatik Maroko. Iheslariena, desertoreena, baltseroena izan ziteken esplikazio ona. Bai, baina ez. Barrenetan herioa duen ihesaren balentria burutzen ahalegintzen direnek errazago dute Hego Korearako bide hilgarria. Errezago (kakotxen artean ere) Txinarantz abiatzea. Ez, ez zen normala, ez zen ohikoa, ez zen erabaki zuhurra txalupa zahar bat hartu eta Japonia aldera itsasoratzea. Halare, batek daki ernegazioak jota den gizakiak aukera ote duen zuhur pentsatzeko…

2015eko mamu txalupen kontu hori ahaztu zen beste notizia askoren zurrunbiloan, baina azken aste hauetan berriro agertu dira dozenaren bat barku kostalde japoniarraren kontra talkan, kolpetan, egurrezko krosko halamoduzkoak harkaitzetan apurtuz. Eta ontzi horien barnean, gorpuak besterik ez.

Azalpen tragikoa plazaratu dute bakanen batzuk: Ipar Koreako Gobernu gupidagabeak gero eta arrain kuota handiagoak exijitzen dizkie bertako arrantzaleei. Horren estima handian izan behar duten aberriko uretan ez dago horrenbeste arrantza egiterik. Beraz, gero eta urrunago, gero eta barrurago doaz itsasoan. Baina ez dute egungo teknologia zerbitzari. Joandako garaietan istinkaturiko barkutxo horietan ez daramate GPSrik. Ezta zilindrada eta potenzia handiko motorerik ere. Japonia aldean, ordea, erraz harrotzen dira haizeak eta itsasoa. Defentsarik gabe, laster aurkitzen dira arrantzaleak jitoan. Ez dute aberrira bueltazerik (arrantzarik gabe??? Ezinezkoa) Ez dute aukerarik haizeari kontra egiteko, hain baitira ahulak ontziak. Segituan etorriko da heriotza. Asteak pasako dira itsasoak bultzaturik areetan azken bakea aurkitu arte.

Noraezeko korearrak. Ez, ez da legenda bat. Ez da opera bat. Ezta komiki dotorea ere. Ez. Errealitatea da. Misterioak hartutako errealitate garratza.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos