Borrar
Makla ugari sortu zituen Oteizak. Hau 1974koa da eta 'Macla ternaria con la matriz Malevitch-Atarrabi' du izena. Fundación La Caixa bilduma.
'Hazitegia', Oteizaren obraren eta pentsamendu artistiskoaren inguruko programa berria

'Hazitegia', Oteizaren obraren eta pentsamendu artistiskoaren inguruko programa berria

Karlos Martinez B. eta Javier Arbizu artistek garatuko dituzte aurreneko egoitza eta erakusketa proiektuak Oteiza Museoak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak abian jarri duten proiektuaren baitan

Jueves, 3 de agosto 2017, 16:57

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Oteiza Museoak eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroak arte-produkziorako 'Hazitegia' programa jarri dute abian. Horren helburua da Jorge Oteizaren obraren eta pentsamendu estetikoaren inguruan arte-produkzioa sustatzea. Urtero deituko den programan, funtsean Uharteko Arte Garaikideko Zentroko produkzio-egonaldi bat izango da, eta ondoren Oteiza Museoan aurkeztuko da hor egindakoa.

'The dark, the mystic, the animate but soulless' da programa berri honi hasiera emango dion Karlos Martinez B. eta Javier Arbizu artisten proiektuaren izenburua. Proiektuaren abiapuntua makla kontzeptuaren berrikuspena da, horrek Jorge Oteizak egindako izen bereko obra saila aipatzen baitu.

Proiektua joan den otsailean abiatu zen, artistek Bartzelonako Blueproject Foundation-en egindako sorkuntza-egonaldi batez; ondoren, martxoan zehar lanen erakusketa izan zen. Uztailetik aurrera eta aurtengo abendura bitartean, artistek Uharteko Arte Garaikideko Zentroan garatuko dute produkzioko beren egoitza-aldia. 2018ko urtearen hasieran Madrilen izango den interbentzio batez segituko du proiektuak, eta datorren urteko udan zehar Oteiza Museoan egingo den erakusketaz. Programaren helburua eta asmoa zera da, sustatzaile dituen zentro bien artean produkzio eta erakusketa esparruak bateratzea, hain zuzen gaur egungo sorkuntzatik abiatuta gogoeta-eszenatoki berriak sortzearren Jorge Oteizaren obraren inguruan.

Makla berraztertu

Makla, berez, batera hazitako eta elkarren artean simetria-erlazio batzuk dituzten bi kristalen edo gehiagoren multzoa da (ikus definizio osoa Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan), Jorge Oteizak maiz bere lanerako oinarri hartu zuena. Oraingo proiektu honetan, Oteizaren obran ageri den 'makla' ideia berraztertu egingo da objektu sail baten bidez. Ekimenaren sustatzaileek ohar baten bidez adierazi dutenez, "horien eraikuntza-prozesuak negoziazio ariketa bat dira, materialen berezko ezaugarri eta dinamiken eta artisten intuizio eta asmoen artean. Oteizaren kasuan, maklak bi gorputz edo gehiago bat egitean sortzen dira; gorputz horiek, hurrena, bereiztezin bihurtzen dira, alderdien arteko erlazioak duen energiarengatik. Antzeko fenomenoak badira arauzkotik kanpo egoteagatik zein berekin dakarten energia-kargagatik historikoki magiko edo zentzugabe jo izan diren jakintzaren beste esparru batzuetan ere, esaterako astrologian edo biologian".

Artistek maklak aztertuko dituzte, "ea giza pertzepzioak batasuna ematen dien subjektu indibidualak diren, eklipseen kasuan bezalaxe, edo, aitzitik, ezinbestez beste erdia beharrezkoa duten."

Testuinguru horretan, "objektuak jardule ikusten dira, bere dinamika fisiko, denborazko eta psikologikoetatik dihardutela alegia. Hau da, bizi-gorputzak dira, dauzkaten interakzio aukerak alteratzen dizkieten kanpoko estimuluek -tartean artistak berak direla- eragiten dietenak".

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios