Haurrentzako liburuak, nobedadeen heren bat baino gehiago

Txiki-txikieak ere harrapatzen ditu liburuaren xarmak./FELIX MORQUECHO
Txiki-txikieak ere harrapatzen ditu liburuaren xarmak. / FELIX MORQUECHO

Oso argitaletxe gutxik egiten diote muzin haur eta gazte literaturari. Zenbaitek adin txikikoei zuzendutako materialak baino ez dituzte lantzen euskaraz

N. AZURMENDI

Landakon liburuei eskaintzen zaien lekuak euskarazko liburugintzaren errealitatea bene-benetan islatuko balu, espazioaren %33 eskola-liburuari eman beharko litzaioke; maiz eskolako kontuei lotuta dagoen haur eta gazte literaturari %30 inguru, eta %15 helduen literaturari. Libre gelditzen den tartean pilatu beharko lirateke gainerako denak.

Ez dira irizpide horren arabera banatzen metroak Durangon, baina bistakoa da urtero adin txikikoei zuzendutako merkatuaren garrantzia. Aurten, esaterako, literaturaren arloan aurkeztu diren nobedadeen artean %35 haur eta nerabeentzako liburuak dira.

Merkatuaren zati garrantzitsua dela jakinik, oso-oso argitaletxe gutxik egiten diote muzin atal horri, eta badira horri baino erreparatzen ez diotenak. Artekaleren zati eder bat hartzen duen Ibaizabal da horietakoa. Edelvives taldeko argitaletxeak batik bat itzulpenean oinarritutako katalogo ia amaiezina du, nahiz eta baduten tartetxo bat bertako autoreren batzuek, hala nola Joxemari Iturraldek, Ainara Agirrek edo Miel Anjel Mintegi.

Itzulpenak eta mundu mailan arrakasta itzela lortu duten denetariko bildumen euskarazko bertsioak dira, era berean, Mezulari-ren funtsaren lehengai nagusia. Mundu mailan arrakastatsuak diren sail horiek Euskal Herrian ere oso ondo funtzionatzen dute, eta jarraitzaile andada dute pertsonaia ezagunenek. Euskarazko produkzioa haur eta gazte literaturara mugatzen duen beste argitaletxe bat Desclée da. Ez dakar aurten nobedade askorik. Iñaki Zubeldiaren ‘Tenplarioen altxorra' izan daiteke esanguratsuena.

Idazle handiak, txikientzat

Haur eta gazte literaturako beste erraldoi bat Elkar da. Azokarako prestatu duen berritasun-katalogoa oso zabala da. Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Xabier Mendiguren, Antxiñe Mendizabal, Alaine Agirre, Pello Añorga, 'Txiliku', Paddy Rekalde, Antton Kazabon, Jasone Osoro eta beste aurki daitezke sail eta bilduma desberdinetan. Osorok 'Eskularru beltzak' nerabeei zuzendutako bildumako bigarrena plarazatu Durangorako, 'Casting-a'. Talde bereko TTarttalok ere egingo du bere ekarpentxoa.

Elkarren katalogoan ez ezik, Iruñeko Denonartean etxearenean ere badago Kazabon. Haurrentzako bilduma polita daramate, Yolanda Arrieta edota Juan Kruz Igerabideren lanak barne hartzen dituena. Elena Odriozola eta Jokin Mitxelenaren ilustrazioak dituzte argitaletxe horretako zenbait liburuk.. Orokorrean, argitaletxe denek zaintzen dute asko alderdi hori. Oso ondo islatzen da Durangon Euskal Herriko ilustratzaileen maila altua.

Iruñetik ekarriko du ere Pamielak, beste zenbait libururen artean, Ainara Azpiazu 'Axpi' marrazkilariak istorio sortzaile gisa egin duen lehena, Paula Estévezen irudiak dituena: Etxepare saria jaso duen 'Arraroa' . Txalaparta argitaletxe nafarraren eskaintzan ere bada haurrei zuzendutako alerik.

Haur eta gazteei zuzendutako liburuek presentzia handi samarra dute Erein argitaletxearen katalogoan eta erakustokian. Aurtengo nobedade nagusietakoa Arrate Egañak abiarazi berri duen 'Klarisa' saileko lehen liburua da. Nerea Arrienen 'Atrapa eguna' ere Durangora begira argitaratutako liburua da. Toti Martinez de Lezea aurten ere balio segurua da, helduen zein haurren atalean.

25 urte betetzekoa den Alberdaniak ez du aktibitate handirik izan azkenaldian, baina nobedade berezi bat ekarri du haur literaturaren arloan: Michael Enderen munduan oinarrituta Beate Döllingek idatzitako liburu bat, 'Jim Botoi eta Lukas tren gidaria txangoan doaz'.

Ipar Euskal Herritik iritsi dira Durangora haur literaturako nobedadeak. Bizpahiru itzulpen eramango ditu Ikas pedagogia zerbitzua; euskaraz sortutako bi lan ZTK argitaletxeak: Paxkal Indoren 'Itzul Ekhi!' eta Indok berak eta Amaia Hennebuttek egindako 'Lili' albuma. Lehen aldiz izango da Durangon, bestalde, Donostiako Alai , zenbait liburu saritu eta ezaguni bizialdi berria eman dion argitaletxea.

Donostiakoak dira Mitologik-ekoak ere, haur eta gazte literaturako eskaintza jasotzen duen katalogoan 'Ongi etorri euskal mitologiaren mundu magikora' dutenak. Ikastolen Elkarteak aurrena Xabiroi aldizkarian eta gero album gisa argitaratutako Eider Rodriguez eta Julen Ribasen 'Santa familia'-ri ere egin behar zaio txoko bat. Eta, jakina, urtero lote konpletoa (liburua, KDa, puzzlea...) aurkezten duten Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsi ere bai. Aurtengo entrega 'Borobilean' da.

Josu Zubia eta Itziar Arkauz oñatiarrak iritsi berriak dira pailazoen mundura baina, Potx eta Lotx bezala, argitaratu dute lehen diskoa, 'Potx eta Lotx herriko festetan', eta Durangon izango dute salgai, Lankuren eskutik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos