Hastear dira trikitixaren inguruan antolatutako jardunaldiak, Donostian

Mursego kantaria, ikuskizun batean/A.Gallardo
Mursego kantaria, ikuskizun batean / A.Gallardo

"Instrumentuaren eta musikaren transmisioa egokitu den eta zein norabide hartu behar duen" aztertu nahi dute ostegun eta ostiralez Donostian Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatu duen Inpernuko Poza Trikitixaren XV. Jardunaldietan

DVDonostia

Soinu txikiaren eta panderoaren irakaskuntza da trikitixaren jarraitasunaren giltzarria. Euskal kulturaren adierazpena den trikitixa edozein musika formatutan erabat integratua dagoen honetan, edo eta irakaskuntza baliabideak hainbeste aldatu diren garaietan, "instrumentuaren eta musikaren transmisioa modu berdinean egokitu den edo zein norabide hartu behar duen" aztertu nahi dute ostegun eta ostiralez Donostian Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatu duen Inpernuko Poza Trikitixaren XV. Jardunaldietan.

Ibilbide ezberdineko irakasleak eta musikariak gonbidatu dituzte jardunaldi hauetara, "musikaren unibertsaltasuna ahaztu gabe, trikitixaz haratagoko esperientziak alderatu eta mahai gainean jartzeko.

Bihar, irailak 7 eta osteguna, 19:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan mahai ingurua egingo dute Edurne Iturbe, Erika Lavillard-Isasi eta Aritz Alustizak. Ander Malbadi izango dute moderatzaile.

Trikitixaren irakaskuntza

Ostiralez, irailaren 8an, ordu berean, 19:30etan, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan egongo da Maite Arroitajauregi Mursego, musikaren irakaskuntzaz jarduteko.

Norbere aiton amona edo gurasoek eskolan ikasten zutena eta norberak eskolan ikasitakoa desberdina den modu berean, trikitixaren irakaskuntza ere etengabeko aldaketa batean murgilduta dago. Horrela Elgeta, Auntxa edota Sakabiren garaietan aurrez aurre ez zen metodo batekin baserri giroko soinu txikia irakastea pentsaezina bazen ere, gaur egun metodo ezberdinen bitartez ikas daiteke. Garaiak ere aldatu dira eta horrekin batera baliabide gehiago izateaz gain (audioak, partiturak, bideoak, liburuak, etab.) soinu txikiarekin jotzen den errepertorioa ere aldatu egin da, batez ere fandango, arin-arin, rantxera eta pasodobleak jotzetik, beste instrumentuekin jotzen diren erritmoak jotzera ere iritsiz: ska, reggae, pop, rock, etab. Zer bilatzen dute ordea gaur egungo ikasleek trikitixa ikasterakoan? Gaur egun entzuten dena ala ohituago gauzkan errepertorio klasikoa? Zer eta nola irakasten zaie? Galdera hauei erantzuna ematen saiatuko dira Edurne Iturbe, Aritz Alustiza, eta Erika Lavillard-Isasi trikitixa irakasleak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos