«Hasi ginenean ez zen normala praka bakeroekin dantza egitea»

Edu Muruamendiaraz, aste honetan Urnietako Egape ikastolako jolastokian. Hango haurrei dantza-eskolak ematen dizkie./FRAILE
Edu Muruamendiaraz, aste honetan Urnietako Egape ikastolako jolastokian. Hango haurrei dantza-eskolak ematen dizkie. / FRAILE

'Aukeran 20 urte' ikuskizuna estreinatuko dute datorren astean Donostiako Victoria Eugenia antzokian, taldearen urtemuga ospatzeko

FElix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Aukeran dantza konpainiak 20 urte bete ditu. Ospatzeko, koreografia berria prestatu du, ‘Aukeran 20 urte' izenekoa, hurrengo igandean, azaroak 5 estreinatuko dena Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Taldearen ibilbideaz eta egungo proiektuez hitz egin dugu Edu Muruamendiaraz konpainiaren zuzendariarekin.

–Sartu naiz interneten zuen eta ezustekoa izan dut. Lagun batzuen testigantzak ageri dira, bakoitza bere bideoarekin.

–Bai, elkarrizketa superpolitak dira. Gogoratzen ez nituen gauza asko kontatzen dituzte. Gurekin harremana izan duten lagunak dira.

–Jendeak zuen webgunean sartzea aski du, baina komentatu dezagun pixka bat, hala ere.

–Gero asmoa da testigantza horiekin eta beste material batzuekin ordubeteko dokumentala egitea. Hogei lagunek hitz egingo dute bideo horietan, hamazazpi jarri ditugu sarean eta hiru falta dira. Hor dago Martin Berasategiren testigantza, eta Juan Jose Ibarretxerena... Honena oso hunkigarria da; gurekin oso ondo portatu zen, eta jatorra segizen du. Jesus Mari Lazkanoren bideoa ere hor dago.

–Margolari honek egin dizue ospakizun honetarako kartela.

–Bai. Ederra da. Hodei batzuk dantzan ageri dira, eta berak hainbeste aldiz erabili izan duen urdin kolore hori...

–Eta webgunean aurkezle-lanean, berriz, Julian Iantzi.

–Aspaldi ezagutu nuen. Bazeukan telebistan erronka kutsuko saio bat, 'Kontrako eztarria'. Behar zuten norbait erakutsiko zietena dantzan edalontzira igotzen, eta ni jardun nintzen maisu.

–Orain zer ikuskizun daukazue esku artean publikoari erakusteko?

–'Maurizia'-rekin ibili gara. Emanaldi asko egin ditugu. Kaleko emanaldiak ere egin ditugu. Aurten hamasei-hamazazpi emanaldi egingo ditugu. Pozik gaude.

–Garbi dago 'Aukeran' nola sortu zen, euskal dantzetako pausoak eta dantza garaikidekoak uztartuz. Esan izan duzu hasieran kritikak entzun zenituela. Tabernako kritikak ala idatzizkoak ere bai?

–Idatzizkoak ere bai. Kritika pila bat jaso genituen, baita egunkarietako kritika negatiboak ere. "Baina hauek zer uste dute? Jakingo dute euskal dantza tradizionalez, baina dantza garaikideaz?". Nik orain dela hogei urte kritikak oso gaizki hartzen nituen.

–Sufritu egiten zenuen.

–Bai. "Nik ez diot baina inori kalte egiten!", esaten nuen neure artean. Lasai uztea, horixe besterik ez nuen eskatzen. Baina batzuek hor jarraitu zuten , matraka eman eta eman. Gu izan ginen lehenak, eta lehenengoak izateak bere arriskuak ditu. Baina ez naiz damutzen ezertaz.

–Zuen lehendabiziko ikuskizunak 'Aukeran' zuen izena, ezta? Nolako estetika zeukan, zer gai lantzen zuen?

–Gaia erraza zen: lau mutil eta lau neska, eta beren arteko maitasun-harremanak. Halako 'West side story' bat. Ikuskizun laburra zen. Nahastu egin genituen arin-arineko pauso batzuk eta Arratiako batzuk; janzkera, berriz, mutilek txalekoa eta praka bakeroak, eta neskek korpiñoa eta gona koloretsua. Musika, ez betiko musika, baizik eta pixka bat desberdina. Orduan ez zen normala praka bakeroekin dantza egitea.

–Eta Segurako dantza txapelketako jaialdiko atsedenaldian aurkeztu zenuten, ezta?

–Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza batzuk atera zituen, euskal koreografia berriak bultzatzeko. Nik orduan erabakia neukan gehiago ez parte hartzea txapelketa horretan, azkeneko hiru aldietan irabazi eta gero. Zer egingo dut nire bizitzarekin?, ari nintzen pentsatzen, eta kasualitatez, Jaurlaritzaren deialdi hori atera zen. Egia esango dizut, nik orduan ez nekien koreografia bat zer zen, baina aurkeztu nuen egitasmo hori eta dirua eman zidaten. Zirkuitu bat osatu zen: bederatzi talde garaikide zeuden eta haien aldamenean gu, euskal dantzatik gentozenak.

– Eta nolatan aurkeztu zenuten ikuskizuna Seguran?

–Galdetu zidaten eta esan nien baneukala zerbait erakusteko modukoa. Egin genuen dantza, batzuentzat kristona izan zen, beste batzuek esan zuten: baina hauek zer uste dute? Hurrengo urterako beste koreografia bat prestatu genuen eta poliki-poliki sendotu egin ginen.

'Maurizia', oraingoz azkena dute ikuskizuna.
'Maurizia', oraingoz azkena dute ikuskizuna. / JUANFER

– Uste dut bi urtez behin egin izan duzuela ikuskizun berria, ezta?

–Bai, hogei urte eta hamar ikuskizun formatu handikoak. Urtebeteko ikuskizuna zaharra da jadanik; programatzaileek produktu berria eska-tzen dute.

–Eta orain 'Aukeran 20 urte' estreinatuko duzue.

–Bai, gure hogei urteko ibilbidea erakusten du, baina dena berriztatuta. Dantza batzuk ikusita daude, beste gauza batzuk berriak dira. Istorioa ere berria, sorpresa askorekin, eta jantziak ere berriak.

–Musika nork egin dizue?

–Mixel Ducauk egin dizkigu doinu guztiak. Batzuk lehendik zeuden, eta birmoldatu egin ditu. Ez nuen ezagutzen, lan zoragarria egin digu.

–Beharbada badaude dantzari batzuk taldean hogei urteak egin dituztenak. Ane Anza hasieratik dago?

–Ez. Hasieratik ni nago bakarrik, baina jadanik ez nago eszenatokian. Oso zaila da hogei urtez mantentzea dantza talde batean. Gainera, harremanetan gorabeherak egoten dira. Beteranoenak Ander Errasti oriotarra eta Ane Anza donostiarra dira; hamabost bat urte daramatzate.

Jantzien aldetik ahalegin handia egin duzue.

–Jantziek asko janzten dute ikuskizuna, nolabait esateko. Euskal dantzetan ere ikusten da berrikuntza handia. Gu beti saiatu gara euskal kutsua mantentzen. Horixe da Aukeran konpainiaren nortasunaren oinarrietako bat.

–Esan zein den zure konpainiaren estiloa.

–Nik badakit ikuskizun guztietan sartuko dudala arin-arinen bat edo ezpata-dantzaren bat.

–Zuen ikuskizunetan beti daude kontatu nahi duzuen istorioarekin lotutako dantza-pauso batzuk. Sekula ez dira ikuskizun abstraktuak.

–Dantza garaikidea abstraktuagoa izaten da. Nik, beti, istorio bati lotutako ikuskizunak egin izan ditut. Flipatu egiten dut istorioak egiteko lagundu didaten lagunen zerrenda ikusita: Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio... Munstro batzuk dira! Eta musikariak? Fernando Velázquezek 'Burnia' ikuskizuneko musika egin zigun, Juanjo Oconek ere egin zigun beste bat, Zeberiotarrek ere egin digute... Niretako ohorea eta gozamena izan da.

–Zuen konpainia hau ez da profesionala. Hortaz, dantzariek konpromiso handia erakutsi behar izan dute.

–Entsegu pila bat egin behar izaten dute. Txalotu egiten ditut, musu-truk egiten baitute lana. Eta gero emanaldi asko ateratzen badra, ba tira! Baina hogei urte daramagu eta ospatu egin behar dugu!

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos