Hasi da Durangon bost eguneko 'kultur maratoia'

Goiza lasai hasi da, baina oso gutxi iraun du lasaitasunak./FELIX MORQUECHO
Goiza lasai hasi da, baina oso gutxi iraun du lasaitasunak. / FELIX MORQUECHO

Dantzaz lagunduta ireki ditu ateak 52. Azokak, eta dantzaz lagunduta egin da, halaber, bost egunez Sormenaren Lurralde izango den horren inaugurazio ofiziala

N. AZURMENDIDURANGO

Jai eguna izanik -askorentzat, zubi luze baten lehen zutabea-, zenbait bisitariri dezente kostatu zaie, itxuraz, nagiak ateratzea. Hortaz, ez da ohiko pilaketarik izan Durangoko Azokaren ateak irekitzeko orduan. Ikasleen eguna bihar izateak ere lagundu du hasiera lasai horretan. Hamar minutu lehenago ireki dituzte aurten ateak, 10:20ean. Ordu horretan, Landakoko sarrera nagusian, Kukai taldeko Martxel Rodriguez dantzariak propio prestatutako ikuskizunak abiarazi du bost egunez luzatuko den 'kultur maratoia'. Hizlari batek baino gehiagok erabili du hain zuzen esaldi hori Azoka deskribatzeko, agintariak, antolatzaileak eta hainbat gonbidatu bildu dituen hasiera ekitaldian. 12:00etan egin da, areto nagusian, Yolanda Arrietaren hats poetikoak eta Durangoko L'Atelier dantza eskolako bi dantzariren mugimenduen dotoreziak apainduta.

Egitaraua

Ekitaldian hitza hartu dute Durangoko Azokako babesle publiko nagusietako ordezkariek: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatuak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak. "Sormenaren lurraldean barneratu zarete eta bizia eman diozue, eskerrik asko guztioi. Ospatu dezagun kultura eta euskaraz gozatu dezagun!", esan die bertaratuei Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko.

Euskal kulturan inbertitzea merezi duela ere azpimarratu du: "Dirutan bueltan datorren inbertsioa da, eta zenbakietan neurtzea zaila den aberastasuna ematen digu. Horregatik aldarrikatu nahiko nuke euskal kulturan inbertitzeak merezi duela. Euskal kultura ondarea da, etorkizuna da. Eta gaurtik hasita aldia ere bada, euskal kultura bizitzeko aldia. Ongi etorri, beraz, eta gozatu guztiok sormenaren lurraldeaz!", esan du.

Laster bete dira kaleak

Aurten 10 urte betetzen dituen Ahotseneak ere segituan jarri du makina martxan. Solasaldien aretoan -sartu ate nagusitik eta eskuinera, hortxe- formatu oso zaindu eta landuan aurkeztu dute Silvia Federiciren 'Caliban eta sorgina', Elkarrek eta Jakinek elkarlanean argitaratzen duten Eskafandra bilduma feministako 3. zenbakia. Zuzenekoen karpan ere zain zeuden musikariak Durangoko goiz hotza -ederra eta eguzkitsua horregatik- berotzeko.

Azoka ofizialki inauguratutzat jo dutenerako, beteta zeuden Landakoko kaleak, eta hasia zen pilatzen jendea proposamen -edo sortzaile- ezagunenak zeuzkaten saltokietan. Gutxi iraun du beraz lasaitasunak, eta luze gabe bilakatu da Durangoko Azoka jendez betetako gunea; segituan egin ahal izan dute argazkilari ugariek balkoitik beherako argazki ohikoa.

Liburuak sinatzen goiztiarrenetakoak Alaine Agirre eta Toti Martinez de Lezea izan dira, nahiz eta laster bildu zaizkien beste idazle batzuk. Urtero legez, miresleak hutsetik sortuko balitzaizkio bezala egin du ilara Martinez de Lezeak... Musikari emandako gunean ere goiz hasi dira baten batzuk diskoak sinatzen. Berri Txarrak edo Ze Esatek taldeetako kideen inguruan, haiek ikusi orduko pilatu dira zaleak.

Bazkalorduko beherakadatxoa gaindituta, asko gelditu da bazkalondorako. Besteak beste, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen 30 urteko ibilbidearen inguruko solasaldia. Kabi@n goiz eta arratsaldez bideo jokoak eta euskara uztartzen dituen Gamer Gela hitzaldi multzoa izan da, eta jokoak frogatzeko aukera ere bai. Haurren aitzakiarekin, guraso batek baino gehiagok berreskuratu ditu umetako sentsazioak asteazken honetan Durangon.

Osteguna, ikasleen eguna

Osteguna ez da egun lasaiagoa izango. Ikasle Eguna ospatuko da abenduaren 7an, eta beste urte batez, Euskal Herriko txoko guztietatik ikasleak etorriko dira, Azokak antolatu dituen tailerretan parte hartzeko: android gailuentzako aplikazioak sortzeko tailerra, zirko literarioa, rap tailerra, liburu bat sortzeko tailerra... Szenatokian, 11:00etatik aurrera eta ordu erdiro 13:30ak arte, 'Holoque' mundu onirikoaz gozatzeko aukera egongo da. Ikuskizun honen protagonistak ologramarekin sortutako txotxongiloak dira. Hala ere, Azokako ateak zabalik egongo dira bisitari guztientzat.

Arratsaldean helduentzako tailerren txanda helduko da. Hiru jarduera egongo dira. 16:30ean Kabi@n autodefentsa digitalaren hastapenak lantzeko tailerra antolatu da. Ordu berean Irudienean, bikoizketa tailerra egongo da, Pixer eta Zineuskadiren eskutik. Azkenik, 17:30ean Durangoko bondardaketaren aztarnak ezagutzeko bisita gidatua antolatu da, Gerediaga elkartearen erakusmahaitik (Landako barruan). Jarduera guztietan izena eman barik parte hartu daiteke.

Osteguneko egitarauarekin jarraituz, 17:00etan "Kultura, guztion eskura" egitasmoaren aurkezpena egingo da Areto Nagusian. Aurten, Durangoko Azokak eta BBK-k elkarlanean ekimen hau abiatu dute, Azoka irisgarriago eta inklusiboagoa lortu guran. Helburua azokazale guztiek euskal kulturaz gozatzeko aukera izatea da. Horretarako, urratsak ematen hasiko da Azoka.

Aurkezpen honetan, gaur egun Euskal Herrian arlo honetan sortzen diren hainbat kultur ekimenen berri emango da. Partehartzaileak honakoak izango dira: zeinu hizkuntzen arte jaialdia (Manos K Rien), "Bizikidantza" dantza integraziorako motore (Kukai), Sormen artistikoa sustatzen duen formakuntza zentroa (Bilbao FormArte) eta Irakurketa Erraza mugimendua.

Horrez gain, ekitaldi ugari egongo dira biharko egunean. Ahotseneako karpan, besteak beste, Aneguria, ETS, Euskatalites, Tenpora eta beste hainbat talde ibiliko dira jo eta su eszenatoki bietan. Solasaldien gunean, Anjel Lertxundi, Jon Maia, Silvia Federici, Iñigo Urdinaga... egongo dira. Plateruenan, eguna borobiltzeko, Arkada Social taldeak bere diska berria aurkeztuko du. Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai txarteldegian.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos