Bardoak hasi dira bertsotan Nafarroan

Ibardin eta Sakana Zirt, elkarrekin aritzea tokatu zaien bi talde./
Ibardin eta Sakana Zirt, elkarrekin aritzea tokatu zaien bi talde.

Lau saio egingo dira, Beran, Iruñean, Leitzan eta Barañainen, taldekako bertso egitasmoaren lehen asteburuan

Bart abiatu zen Beran Bardoak 2018, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa. Amaitu, berriz, martxoaren 24an amaituko da. Berako Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi eta Sakanako Sakana Zirt taldeak izan ziren aurrez aurre. Beste seiri tokatuko zaie horrela ibiltzea larunbatean eta igandean, lau saiorekin abiatu baita ekimena lehen asteburuan. Beran ez ezik, Iruñean, Leitzan eta Barañainen ere izango da saiorik.

Larunbatean, hilak 3, Leitzako Atekabeltz Gaztetxean herriko Aldatzea komeni eta Iruñeko Topa bardo kopa! ariko dira bertsotan, 18:00etatik aurrera. Ordu eta egun berean, saioa izango da Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean ere, bertako Mirristi Drimtin eta Larraun eta Araitz bailaretako (Larraun da Araitz) Bi dozena taldeen artean. Saioaren ostean merendua izango da bi kasuetan. Leitzako saioak 4 euroko sarrera izango du, eta Iruñekoak 8 eurokoa (haurren kasuan, 3 euro).

Barañainen jokatuko da asteburuko azken saioa, igandean, 18:00etan. Akelamendi tabernan ariko dira herriko Barakinak eta Piriniotako Pirini Bardó, sarrera librearekin, borondatearen truk.

16 talde eta 113 parte-hartzaile izango ditu 2018ko edizioak, eta horietatik 74 izango dira bertsolariak. Beteranoak gazteekin nahasiko dira, eta ibilbide luzekoak hasi berriekin aterako dira plazara. Osotara, 23 saio izango dira. Bertsozale Elkarteak dioenez, "kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos