‘Handia’ Iparraldean ikusi ahalko da

'Handia'-ko protagonistak, grabaketa lanetan/
'Handia'-ko protagonistak, grabaketa lanetan

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko aretoetan ikusgarri izango da filma,eta urtarrilaren 15a eta 24a bitartean aurre estreinaldia egingo dute beste hainbat zinema aretotan

Donostiako Zinemaldian filma ondo defenditzea lortu zuten, zinema aretoetara jendea erakartzen ere asmatu zuten, eta 'Handia' filmak Goya zinema sarietan 13 hautagaitza lortu dituela jakin dugu aste honetan bertan. 90.000 ikusletik gora izan ditu 'Handia'-k, euskarazko beste edozein pelikulak baino gehiago. Lurralde berrietara heltzeko unea ailegatu zaio orain. Iparraldera egingo dute salto urtarrilaren 24an.

Hilabete eskas barru, orain arteko mugak gaindituko ditu horrela Jon Garaño eta Aitor Arregiren filmak. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko aretoetara hain zuzen. Hala azaldu dute distribuzioaz arduratzen direnek, Gabarra films-ek alegia. Beraiek dira euskal zinema frantziar estatu osoan zehar zabaltzeaz arduratzen direnak, Baionako Atalante zinemaren eta Euskal Kultur Erakundearen arteko hitzarmenari esker.

Iritzia aldatzearen inguruan hitz egiten dute 'Handia'-n, egoera berrietara moldatzeko gaitasunaz eta guztiz desberdinak diren bi anaien arteko harremanaz

Nafarroa Behere, Zuberoa eta Lapurdiko aretoez gain, aurre-estreinaldiak antolatu dituzte urtarrilaren 15a eta 24a bitartean Donibane Lohizune, Hazparne, Kanbo, Baiona, Maule, Urruña, Hendaia, Donibane Garazi eta Donapaleun. Paris, Burdeaux eta Orthez-en ikusgai izango da Altzoko handiaren istorioa.

Altzoko erraldoiaren istorioa berreskuratu dute 'Handia' filmean Jon Garaño eta Aitor Arregik. Moriarti zigiluaren azken lana da. Zuzendariek egunkari honi azaldutako moduan, Migel Joakin ez da zintako protagonista. Ezta bere anaia Martin ere, nahiz eta narratzailea bera izan. 'Handia'-k protagonista unibertsala du: aldaketetara egokitzeko gaitasuna. Aldaketak dira pelikularen ardatza. Aldaketak erregimenean, gizarte antolakuntzan, ohiturek okupatzen duten espazioaren tamainan… Iritzia aldatzearen inguruan hitz egiten dute fikziozko pieza honetan, egoera berrietara moldatzeko gaitasunaz eta guztiz desberdinak diren bi anaien arteko harremanaz. Horregatik, argudiatzen dute, "garrantzitsua zen Martin eta Joakinen arteko harremana 'ying eta yang' -aren antzekoa izatea. Desberdinak dira, bakoitza mutur batean dago maiz, baina azkenean bat dira. Ez txuri ez beltz, gris koloreko erdiko espazio hori baizik. Elkarri bultza egiten diote, nahastu gabe".

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos