Gona, egiteke dagoen iraultzaren ikurra

Nantes, 2014. 'Ce que souleve la jupe' kanpaina. Mutil gazteak gonatan, jarrera sexisten aurka.
Nantes, 2014. 'Ce que souleve la jupe' kanpaina. Mutil gazteak gonatan, jarrera sexisten aurka. / EFP

Uda hasieran, Devonshireko ISCA Akademiako ikasle mutilek eta Nanteseko autobusetako gizon gidariek gona jantzi zuten libertate aldarrikapen gisa. Eta gu Braveheart, Mishima eta Gladiator bezalako heroiekin akordatu ginen

BEGOÑA DEL TESO

Bero sargoria izan zen udako lehendabiziko egunetan Ingalaterrako hiririk zaharrenetarikoan, ederrenetarikoan, lorez beteriko honetan, hiri orguilosoa den Exeterren. Baina izen on-oneko ISCA Akademiako mutil ikasleek ez dute sekula izan praka motzetan ibiltzeko ez aukerarik ez betarik, ez baimenik ez eskubiderik. Neskek, ordea, badute negu gorrian prakak erabiltzeko modua (nahi izanez gero). Eta udaberria hasi orduko… gonak. Hankak libre uzten dituen jantzia.

Beraz, mutilek, beroak akabaturik, erabaki garrantzitsua, ezinbestekoa hartu zuten. Hasieran, bost baino gehiago ez ziren izan. Gutxira... denak. Denak agertu ziren ikastetxeko atarian gonaz jantzita. Irakasleen eta zuzendaritza taldeko kideen harridurako. Neskeen sostenguarekin. Neskeen laguntzarekin. Mundu osoko hedabideetan zabaldu zen irudia.

Irakaslegoak eta Zuzendaritzak ez zuten errepresaliarik hartu. Famatua den patxada ingelesa erabiliz, zuzendariak ikasle bakar bati egin zion demanda. "Arren, James , bizar luzeak dituzu hanketan, afeita zaitez edo luza ezazu gona". Oraingoan ere, neskak erreskatera. Urrengo goizean Isca Akademiako mutil guztien hankek ziklistenak ziruditen. Ilerik gabekoak, ederki depilaturik.

Mantxako Kanalaren beste aldean, egun horietan bero sargoria zen ere. Julio Verneren hirian, Nantesen, Sematan hiri garraio zerbitzuko hainbat gizon gidarik Exeterreko mutilen erabaki bera hartu zuten. Eskatu zuten praka motzetan gidatzeko baimena. Ezezko borobila udal agintariena. Jantzi kodearen arabera, ez zegoen galtza motzak erabiltzerik. Gona ordea ez zen debekatua. Beraz, gonaz hartu zuten bolantea hurrengo egunetan. Jendearen txalo artean. Udalaren komisioak zin egin du: datorren urterako jantzi kodea berraztertuko da.

Horrek guztiak plazara ekarri ditu aspaldiko kontu batzuk. Noiz utzi zioten gizonezkoek gona janzteari? Zergatik emakumeok prakak, esmokinak eta kopa sonbreruak (ez ahaztu Marlene Dietrich…) gureganatu ditugu eta gizonezkoek, aldiz, errezeloz begiratzen diete gonaz jantziriko euren generokideei? (ez ahaztu 80. hamarkadan Miguel Bosek sortaraziko eskandalua bere 'Amante bandido' diskoa Montesinos eta Gaultier diseinatzaileek eginiko gonez aurkeztu zuenean…)

Historia orokorrean ikertzen dutenek eta Jantzien Historiaz arduratzen direnek jakin badakite Greziako eta Erromako gerlarientzat, tribunoentzat, enpreradoreentzat prakak barbaroen gauzak zirela. Joandako garai loriatsu haietan gona zen gizontasunaren eta adorearen seinale, ikurra

Prakak noiz? Itxaron zuten Mendebaldeko gizonezkoek: XIX mendera arte. Hori guztia kontatu zuen New Yorkeko Moma Museoak eta Londreseko Victoria &Albertek 2003an partekatu zuen erakusketa bikainak. 'Braveheart, men in skirts' (Braveheart, gizonak gonatan) zuen izenburua eta oraindik da salgai interneten bere katalogo parekaezina.

''Men in skirts' erakusketaren argazkia. / AFP

Erakusketaren ibilbide zeharo interesgarrian baziren mugarri ezinbesteko batzuk. Esaterako, orain errepusta izaten hasi den galdera: zergatik emakumeak segituan jakin zuen prakak zirela askatasunerako bidearen punttu behar-beharrezkoa eta gizonak orain arte ez du gona bere libertaterako zubitzat onartu? Baliteke izatea orain arte emakumezkoen mundua ez delako desiragarria izan arrarentzat. Egun, Exeterreteko mutilek eta Nanteseko autobus gidariek erakutsi duten bezala, bada.

Lorez, LSDez , Vietnamgo gerraren kontrako eta Latinoamerikaren aldeko manifestazioz gainezka egon zen hippien garai haietan izan ziren gizonezkoei gona proposatu zien disenatzaileak. Exenplurako, Rudi Gemreich eta Walter Beinrendonck. Baina Akuario Aro hartako beste hainbat kontu bezalaxe utopia izatetik ez zen pasa gona hura…

Erakusketan eta Devoneko ikasleek eta Nanteseko bus gidariek eraginiko hitz-aspertu eta hausnarketa guztietan, 'The Man Who Sold the World' diskoaren azalean David Bowiek zeraman emakume jantzi loretsua, Michael Fishek sortua, aipatu da. Baita Jean Paul Gaultier, Vivienne Westwood eta Dries van Noten sortzaileek hautsitako tabuak ere. Berariek diseinaturiko gizon gonek, inolako lotsarik, inolako mugarik ez zuen maskulinotasuna erakutsi zuten Londreseko, Pariseko, Milango, Berlingo moda pasarelatan.

Errazegia litzateke Eskoziako gizonek jazten duten kilta aipatzea. Hobe gogoraaraztea Kanye West raperoak noizean behin jantzi duela gona. Aipatzea modan ezinbestekoak deritzegun hainbat marka klasikok, Vuittonek zein Burberryk , gonak diseinatu dituztela. Gizonezkoenzat.

Aipatzea Mendebaldetik at badirela hamaika herrialdetan non gizonak ez duen prakarik jazten. Gogoratu Japongo kimonoak. Gogoratu Txinako jazkiak. Gogoratu IparAfrikako txilabak. Edo Indiako jama. Ala Hego Asiako saronga. Gogoratu gona jantzi zutela musikari grunge frankok. Punkiek ere. Ez ahaztu Keniak masai gerlarien arropak. Ezta Polinesia irleetako gizonen soinekoak ere.

Eta egin barre, uko, muzin Bibliak esandakoari: "Ez ditu gizonak emakumeari dagozkion soinekoak jantziko ezta emakumeak gizonarenak ere, hori gaitzesgarria baita oso". Eta nahi izanez gero, kontsulta ezazue InterMis web orria. Bertan aurkituko duzue gonaz jaztearen aldeko gizonezkoen komunitatea. Bertan jakingo duzue galdeketa batzuren arabera gizonezkoen %70,20 ados (omen, bide) dagoela. Emakumeak, berriz, ez gara horren seguru: %45,3 ari baino ez zaio gustatzen (omen, bide, antza) mutil gonadunak…

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos