Ireki da Giza Eskubideen Zinemaldiko gazte epaimahaiko kide izateko epea

Iazko edizioko sari-banaketa ekitaldia./SARA SANTOS
Iazko edizioko sari-banaketa ekitaldia. / SARA SANTOS

18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute eta apirilaren 20tik 27ra bitartean egingo den zinemaldiaren Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango du

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko 16. edizioaren gazte epaimahaian parte hartzeko izena emateko epea zabaldu dute. Gazte epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute eta apirilaren 20tik 27ra bitartean egingo den zinemaldiaren Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango du, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Gazte epaimahaiaren kide izateko, aurrena, izena eman behar da. Epea apirilaren 8ra arte irekita dago. Izena eman duten guztien artean hurrengo egunean zozketa egingo da, eta zinemaldiko webgunean ezagutzera emango dira irabazleen izenak.

Aurreko urteetan bezala, gazte epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campuseko, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko graduko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte.

Horrez gain, epaimahaikide lana egingo duten gazteen artean Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan egiten den FiSahara zinemaldirako bi bidaia zozkatuko dira. Gainera, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko Victoria Eugenia Antzokiko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie.

Zinemaldiko film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du. Epaimahaiak kontuan izango ditu giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea. Lehiaketan hainbat herrialde eta nazioarteko zinemalditatik heldutako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira, besteak beste, solasaldiak eta erakusketak.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak antolatzen du, Giza Eskubideen Bulegoaren eta Donostia Kulturaren bitartez, bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean elkartasunean, askatasunean eta aukera berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko helburuarekin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos