Gerra Zibilaren azken hilabeteak, bi erakusketaren eskutik

Benetan ikusgarria da Sopuestan paratu duten erakusketa. / Bizkaiko Batzar Nagusiak

Gerra gehien luzatu zen lurraldean daude biak, Bizkaian. Batak kontatzen du Bilboren erorketa eta besteak biltzen ditu Enkarterrietako bizipen eta gertaerak

M. IMAZ

Urtebete ere ez zuen iraun Gerra Zibilak Hego Euskal Herrian: 1936ko uztailaren 18ko matxinadatik 1937ko ekainaren 19ko Bilboren erorketara arte. Jakina denez, Iruñea eta Gasteiz segituan hartu zituzten menpe matxinatuek, eta Donostia 1936ko irailean geratu zen Francoren esku. Hari aurre egiten jarraitu zuten gudariek, bizirik eta libre jarraitzea lortu zutenek bederen, baita zibil ugarik ere, apurka-apurka egin zuten atzera Bilbora heldu arte, hiria inguratzen zuen burdinazko gerrikoak babestuko zituelakoan. Hura ere urratu zuten matxinoek, baina, eta esan daiteke hesiarekin batera apurtu zela itxaropena.

Azken bi urteotan jarduera ugari antolatu dira Gerra Zibilaren hasieraren 80. urteurrena dela eta, baina badira oraindik pare bat erakusketa interesgarri, Bizkaian biak, gerraren azken hilabeteen berri ematen dutenak. Bata Bilbon dago, Euskadiko Artxibo Historikoan, eta bestea Sopuertako Abellanedako batzarretxean, Enkarterri museoan.

Hilaren 11ra arte

Bilboko erakusketari 'Bilboren erorketa, lehen planoan' izena jarri diote, eta ikusi nahi bada azkar ibiltzea komeni da, abuztuaren 11an, datorren ostiralean itxiko baita. Euskadiko Artxibo Historikoak antolatu du erakusketa, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Sabino Arana Fundazioa, Fundación Indalecio Prieto, Lekeitioko Udala eta Bilboko Euskal Museoaren laguntzarekin. Erakusketak era guztietako ehunka argazki eta dokumentu biltzen ditu, horietako batzuk oso bitxi eta ezezagunak.

Erakusketa Euskadiko Artxibo Historikoaren beheko solairuan antolatu da eta astelehenetik larunbatera bisita daiteke (9.00etatik-20.30era astegunetan; 10.00etatik 14.00ak arte larunbatetan). Bilbo Gerra Zibilean jausi zenetik 80. urteurrena betetzen denean, proiektu honen bitartez, egun latz horietan hirian bizi izan zen giroa ekarri nahi izan da gogora, hainbat arlo ezberdin gogoratuz. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak inauguratu zuen erakusketa iragan uztailaren 3an.

Bisitariari sei ibilbide nagusi proposatzen zaizkio bizi izan zen errealitatea ezagutarazteko: umeak, emakumeak, ordena publikoa, 'eguneroko ogia', kultura eta aisialdia, eta 'baina batez ere, gerra'. Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko historialaria da erakusketa honen komisarioa.

2018ko martxoaren 31ra arte

Bigarren erakusketa ekainaren 22an zabaldu zen, eta 2018ko martxoaren 31ra arte dago ikusgai Sopuertako Abellaneda auzoan, Enkarterrietako Museo ederrean. 'Itxaropena inoiz ez da galtzen. Enkarterri. 1937. Gerra Zibilaren azken hilabeteak Euskadin' erakusketan, sasoi hartako argazkiak, gudarien egunerokoak, gerrako piezak, planoak eta argitalpenak ikusi daitezke. Horrez gain. 50 lekukotasunen berri emango da. Horien guztien bidez, "gertatutakoen azalpenak 1937ko uda latz horretara eramango du bisitaria". Era berean, gune bat egokitu da "garai horretako pertsonen balentriak eta zoritxarrak ezagutzeko", gertakizunok bertatik bertara bizi izan zituzten protagonisten ahotik jasotako lekukotasunen bitartez.

Bilbo frankisten esku geratu eta ondoko gertakizunen bilakaera ikusita, Euzko Gudarosteko ofizialek Abellanedako batzarretxean egin zuten batzarraren 80. urteurrena dela eta, Enkarterriko Museoak erakusketa antolatu du, hainbat jarduera egingo ditu eta gaiari buruzko "lehen ikuspegi globala" izan nahi duen argitalpena kaleratuko du.

Antolatzaileek diotenez, erakusketan ondoko guztiak ikus daitezke: Bizkaiko fronteetan aritu ziren Enkarterriko gudariak eta milizianoak, lantegi militarretan egindako lana, Enkarterriko bizilagunek emandako laguntza osasun-zerbitzuetan, aterpeen eraikuntza edo ondoko eskualdeetatik etorritako 200.000 bat iheslariei egindako harrera.

Gauzaki guztiak biltzeko urtebete baino gehiago eman dute antolatzaileek eta, gainera, argitalpen bat kaleratuko da hainbat ikertzaileren ikuspegi historikoa jasota, hala nola Xabier Irujo, Aitor Miñambres, Iñaki Goiogana, Ascensión Badiola, Javier Barrio, Iosu Gallarreta, Javier de la Colina edo Federico Rodríguezena. Lan horretan ageri den datutegian, Enkarterriko 14.000tik gora gudari eta milizianoren izenak ageri dira.

Erakusketa eratzeko, antolatzaileek hainbat kultur talderen laguntza baliatu dute, besteak beste, Sabino Arana Fundazioaren, Euskal Museoaren, Burdin Hesiaren Oroimen Museoaren eta Guardiako Lagunen Museoaren Elkartearena.

Gogoratu behar da, bestalde, erakusketa eta interpretazio zentro egonkorrak ere badaudela. Gipuzkoan, aipa daitezke Eibarko Arrateko aterpetxean dagoen Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa eta Elgetako Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroa. Bizkaian, berriz, aipatu behar da Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos