Genero eta Energiari buruzko Emakumeen lehenengo Topaketa egingo dute otsailean

Genero eta Energiari buruzko Emakumeen lehenengo Topaketa egingo dute otsailean
EFE

Egungo eredu energetikoak emakumeengan inpaktu bereiziak eragiten dituela salatzeko asmoz, Bilbon elkartuko dira energia berriztagarrien sektorean diharduten eta trantsizio energetikoaren alde lanean ari diren emakumeak

DV

Genero eta Energiari buruzko Emakumeen I. Topaketa egingo da otsailaren 2tik 4ra bitartean, Bilbon, eta energia berriztagarrien sektorean diharduten, trantsizio energetikoaren alde lanean ari diren eta pobrezia energetikoaren eta proiektu energetiko handien eraginaren aurka borrokan dabiltzan emakumeak elkartuko dira. Topaketaren egoitzak La Bolsa eraikina eta Hika Ateneoa izango dira.

Ekimenaren helburua da, batetik, emakumeak eta sexu aniztasuna adierazten duten pertsonak energiaren sektorearen botere esferetatik kanporatuta daudela eta egungo eredu energetikoak emakumeengan inpaktu bereiziak eragiten dituela salatzea, eta, bestetik, trantsizio energetiko bidezkoago eta iraunkorragoaren alde lan egiten ari diren emakumeak bistaratzea.

Topaketaren talde sustatzailean honako erakunde hauetako emakume profesional eta ekintzaileek hartzen dute parte: Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Xarxa per la Sobiranía Energètica, Som Energia, Goiener, Ekologistak Martxan, Tradener, Mesa de Transición Energética de Cádiz, Ingeniería Sin Fronteras, Plataforma por un Nuevo Modelo Energético, Gure Energia, Europako Parlamentuaren Bilboko bulegoa, Movimiento Ibérico Antinuclear, Alianza contra la Pobreza Energética, Ongawa, Foro Extremeño Antinuclear, Observatorio Crítico de la Energía eta Ecologistas en Acción.

Antolatzaileek adierazi dutenez, egungo eredu energetikoa "zikina, insegurua, oligopolikoa, ekozida eta bidegabea da, baina, gainera, matxista eta falokratikoa ere bada". Halere, azken bi ezaugarri horiek ez direla ezbaian jartzen salatu dute. "Ondorioz, desberdintasunak areagotzen dituzten jokabideak eta egoerak birsortzen dira, bai sektore energetiko tradizionalaren botere guneetan, bai eredua aldatzeko proposamenak gauzatzen ari diren guneetan, eta oztopo handia da hori emakumeen partaidetzarako", adierazi dute.

Taldearen sorburua

Ildo horretan, gogoratu dute urtearen erdi aldera Espainiako Gobernuak, oposizioko alderdiek eta CCOO eta UGT sindikatuek gizonezko 14 aditu aukeratu zituztela Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea diseinatuko duen batzordea osatzeko. Hain zuzen ere, egitate hori dago Generoari eta Energiari buruzko Emakumeen I. Topaketa sustatzen ari den taldearen sorburuan.

"Herrialde osorako bide orria, 14 gizon adituk idatzia, emakume bat ere egon gabe. Trantsizio energetikoan dihardugun emakume askorentzat, inflexio puntu bat izan da egitate hori. Izan ere, alderdiek, enpresek, gizarte erakundeek eta energiarekin lotutako mugimenduek emandako erantzuna: ez dute batzordea ukatu, eta, are gehiago, zilegitasuna aitortu diote. Sektorean nagusi den matxismoaren adierazgarri onartezina da jarrera hori, gure ikuspuntutik", adierazi dute.

Horrela, topaketaren lehen egunean hainbat hitzaldi ireki egingo dira, "Energia eraldatzen duten emakumeak: beste bazterkeria baten historia eta berdintasunerako aukerak" izenburupean. Topaketaren gainontzeko jardueretan emakumeek bakarrik parte hartuko dute. Jarduera horietan egoeraren diagnostiko parte hartzailea egingo dute, eta trantsizio energetiko ekofeminista bultzatzeko tresnak landuko dituzte.

Jardunaldietan trantsizio energetikoan lanean dabiltzan eta berdintasun gaietan jardun nahi duten emakume guztiak elkartu nahi dira. Energiaren sektoreko emakume profesionalek eta ekintzaileek antolatutako lehenengo topaketa ahizpatia da hau.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos