Gazteentzako sormen laborategiak antolatu dituzte apirilerako, Kanpezun

Antzerki teknikak landuko dituzte, besteak beste/Fotolia
Antzerki teknikak landuko dituzte, besteak beste / Fotolia

Bost eguneko egonaldia izango da, eta bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak landuko dituzte 14 eta 18 urte bitarteko 20 gaztek

DV

Gazteek, hizkuntza eta sormena baliatuta, bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak lantzeko aukera izango dute bost egunez. 'Gazte Sortegiak, sormen laborategia' ekimena apirilaren 3tik 7ra bitartean antolatu dute, 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Oihaneder Euskararen Etxea, GEU elkartea, Arabako Bertsozale Elkartea, Mintzola Ahozko Lantegia, Euskaltzaleen Topagunea eta Arabagara elkartea dira antolatzaileak. Arabako lau sortzailek bertsolaritza, antzerki, musika eta ikus-entzunezkoen sormen laborategiak eskainiko dituzte, Kanpezuko Ibernalo aterpetxean (Araba). Izena emateko epea martxoaren 11ra arte dago zabalik.

Arduradunek jakinarazi dutenez, "lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea" bilatzen du ekimenak. Horretarako, bost eguneko sormen egonaldia egingo da Kanpezuko Ibernalo landetxean. Egonaldiko egun bakoitzean sortegi bat landuko da: bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak.

Horrela, Oihane Perea Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunak gidatuko du 'Bertsoa jolas' izeneko sortegia. Bertan, ahozko kultur sorkuntzen adierazpide ezberdinen lanketa egingo du. Halaber, Jon Basaguren musikari eta esatariak letradun musika landuko du 'Musikaz egin' izenpean.

Gainera, Unai Lopez de Armentia antzerkilari eta Baratza aretoko arduradunak antzerki teknikak landuko ditu 'Antzerki-aterki' izeneko laborategian. Azkenik, Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai 'Zer daki begiak soinuez?' galderaren testuinguruan.

14 eta 18 urte bitarteko 20 gaztek parte hartu ahalko dute egonaldian 100 euro ordainduta. Interesdunek martxoaren 11 baino lehen eman beharko dute izena Oihanederren webgunearen edo sortegiak@oihaneder.eus posta elektronikoaren bitartez, beren izen-abizenak, jaiotze data, ikastetxea eta kontakturako telefonoa eta posta elektronikoa zehaztuz. Izen-emate hurrenkera errespetatuko da.

Egonaldiaren ostean, 2018-2019 ikasturtean, sormen eskola abiatuko da Oihaneder Euskararen Etxean. Eskolaz kanpoko ekintza bezala planteatuta, astean behin izango diren saioetan antolatuko da. Eskolen inguruko informazioa aurrerago zabalduko da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos