Galiziako txotxongikoak Tolosako TOPIC-en

Bisitarien atzean, Teatro de Melodías de España antzokitxo ibiltariaren aurrealdea./
Bisitarien atzean, Teatro de Melodías de España antzokitxo ibiltariaren aurrealdea.

'Barriga Verde. Feriaz feria' erakusketa, zentroak antolatzen duen hemezortzigarrena, herrialde hartako txotxongilo-tradizioari egindako "omenaldi xumea" da

Hondartzara, parkera edo merkatalgunera joatea ez da oporrak haurrekin eta kanpora bidaiatu gabe igarotzen dituenak eskura dauzkan plan bakarrak. Museo askok haientzako jarduera bereziak antolatzen dituzte, eta beste batzuk badirudite haur eta gaztetxoak txunditzeko sortuak. Horietako bat da Tolosako TOPIC, helduak ere liluratuko dituena. Martxoan ireki eta urrian itxiko den erakusketa guztiz gomendagarri bat dauka orain ikusgai, 'Barriga Verde. Feriaz feria', "Galiziako txotxongilo-tradizioari omenaldi xume bat" egiteko asmoz paratua.

Sabel Berderen atzean José Silvent (Badajoz 1886-1970) titiriteroa eta haren familia daude. Barriga Verde eta beste pertsonaia batzuekin Teatro de Melodías de España antzokitxo ibiltarian antolatzen zituzten ikuskizunek sekulako arrakasta izan zuten iragan mendean Galizian. Silvent familia herriz herri, festaz festa, feriaz feria ibiltzen zen. Ezinbestekoak ziren, alegia, hemen Colorín, Pachuchita eta konpainia ezinbestekoak ziren bezala... 60ko hamarkadaz geroztik, lausotzen joan zen Sabel Berde eta gainerakoen oihartzuna.

Orain urte batzuk, 'Morreu o demo' kultur elkarteak, Viravolta Txotxongilo konpainiaren eskutik, horrenbeste galiziarren haurtzaroan txertatutako esperientzia hura berreskuratzeari ekin zion. Film bat ere bazegoen egina lehendik. Kontua da lan horiek guztiak batuta Galiziako txotxongiloen tradizioan pieza nagusietako bat izandako Sabel Berderi buruzko erakusketa osatu zutela.

Erakusketak 10.000 bisitari izan ditu eta Galiziako herri askotan jarri dute, Tolosara etorri aurretik. TOPIC-ek modu aktiboan parte hartu nahi izan du erakusketa honetan, eta hainbat txotxongilo utzi ditu maileguan, Sabel Berderen parekoak direnak beste herrialde batzuetan. Guztira, TOPIC-eko Txotxongilo Museoak Europako 10 esku-txotxongilo tradizional utzi ditu maileguan Galizian –Lugon, Santiago de Compostelan, Pontevedran, Lalinen eta Ribadavian,– egin diren Sabel Berderen erakusketetarako.

Sabel Berdek, hortaz, bizirik jarraitzen du. TOPIC-ek prestatutako oharrak dioen bezala, "oraindik ere sentimendu bereziak pizten ditu haurrengan eta helduengan emanaldietan; sentimendu eta emozio horiek antzezpeneko unean baino ezin dira esplikatu, Sabel Berdek bere makila eskuan hartzen duenean agertzen dira eta. Sabel Berde, katxiporra tradizionaleko panpina kutun hori, berreskuratzeko apostua eragin eta bultzatu dutenak, funtsean, txotxongilo horrek irudikatzen dituen balioak dira".

Irailaren 15a arte, 10etatik 14etara eta 15etatik 19tara dago zabalik zentroa. Egunero, astelehenetan izan ezik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos