Galbahea estutu ahala, finago ari dira bertsolariak

Sarrera denak aurretik salduta, 2.280 entzule bildu ziren Jai Alai pilotalekuan./GARI GARAIALDE/XDZ
Sarrera denak aurretik salduta, 2.280 entzule bildu ziren Jai Alai pilotalekuan. / GARI GARAIALDE/XDZ

Atzo Donibane Lohizunen jokatu zen saioa, Igor Elortzak irabazi zuena, ez zen bikaina izan, baina igartzen da gora egin duela kalitateak

BIANDITZ IRAOLADONIBANE LOHIZUNE

Igor Elortza nagusitu zen atzo Donibane Lohizunen jokatutako saioan. Txapelketak aurrera egin eta finalerako galbahea estutu ahala, bertsolariak finago ari dira kantatzen. Kalitateak gora egin du, nahiz eta Jai Alai lepo bete zuen saioa ez zen bikaina izan.

Lehen bi sailkatuek eman zioten hasiera saioari, batera suertatu ziren zortziko handiko lanean. Bi urteko haur baten gurasoak ziren. Maialen Lujanbiok aurten eskolatu nahi zuen, baina Elortzak nahiago zuen sei urte bete arte itxarotea. Lujanbio bera hasi zen: «Haurra etxeko nahi dezu baina ez da izango inongo / alternatibak eta eskolak hippy eta hippyondo / etxean gozo hezi nahi dezu ados ta horrarte ondo / baina irtengo da kalera eta han haurrik ez da egongo».

Sailkapena

Kalean lagunik falta bazuen, irtenbidea emateko prest Elortza; «Nirekin berdin ein zuten eta enabil hippy usteko / gogoa daukat gure haurrari maitasunean eusteko / eta prest nago urte hauetan lana in neronek uzteko / goizetan irten kalera eta berarekin jolasteko». Bikain erantzun zion Lujanbiok, bereziegia aterako ote ez zitzaien: «Zuk lana utzi zuk zaindu eta zuk ipini jana mahjaian / aitak gutxitxo izango zaio jolaserako garaian / eskola egoki askoa degu baina zuk ez dezu nahi han / haurra rarotu egiten degu hain berezi egin nahian». Elortzak dena kalterako ez zela izango bota zion, ordea: «Hain berezi ere enuke gura nahiz lanean egon gertu / neuk ere egingo dut hainbat akats ta baita zenbait aziertu / gerora ere ikastolara harek ahalko du agertu / ta izango du nogaz jolastu eta zeinekin aspertu».

Hamarreko txikian ederki

Hamarreko txikian ere ederki aritu zen atzoko irabazlea, Agin Labururekin oraingoan. Alderdi bereko zinegotziak, epe motzean hirugarren alderdikidea auzipetu zieten, ustelkeria leporatuta. Laburu hasi zen kantari, zalantzak aireratuz: «Baten auzian eta bestean demandan / deklaratzera goaz igor txandan txandan / ez dakit nik kontua seuguru nola dan / baino hirugarrena da azken boladan / ta ez dakit eskuak garbi al dauzkadan». Berehala kendu zizkion zalantzak Elortzak: «Gure alderdia da goi puntaren punta / eta korrupzioa gauza bat arrunta / dudatan omen zaude ote duzun kulpa / neuk diotsut eskuak daude zikinduta / sobreak nik neronek eman nizkizun ta». Laburuk ezjakintasuna erabili zuen argudiotzat: «Zuk eman zenizkidan nola ba bestela / baino orain jakin det legala ez dela / zure firmarekin gaur aginen eskela / sobrea emandakoan esanez horrela / hain zuzen normalena hori hartzea zela». Galdera ez zen orain egin beharrekoa, ordea: «Normalena hoixe zen ta bai hartu arin / orain bildurtu zara haragia gordin / enizula esan ta hartzen duzula min / oraingo arriskurik ezin da ekidin / orduan ez zenuen galderarik egin».

Igor Elortza, atzoko saioan.
Igor Elortza, atzoko saioan. / GARI GARAIALDE/XDZ

Gai seriotarako lekurik ere izan zen. Jone Uriak eta Iñaki Apalategik horma bat margotzen egin zuten topo, alkoholemian positibo eman, eta gizarte lanetara kondenatuta. «Ikasiko ote dugun ari naiz pentsatzen / berriro ez egiten horma bat pintatzen», hasi zen Uria, eta «gure patuak zorte on askoa dauka / horma margotzen gaude ta ez hormaren aurka» erantzun zion Apalategik. Honela jarraitu zuen Uriak: «Hortan arrazoi duzu horma hau da proba / ... / zer pasatuko ote da pasata denbora / berriz kotxea hartzean zer aldatuko da?». Apalategi damututa zegoen, eta horma bera ez jotzea espero zuen: «Nahiz ta biok pentsatu hori ez dela berdin / destinoa azaldu leike gordin gordin / gaur izerdia botaz hainbeste ahalegin / ea orain badegun zortea gurekin / bi aldiz ez jotzeko horma berarekin».

Zortziko txikiak zirirako bidea ireki zuen, nahiz eta erabat borobiltzen inork ez zuen asmatu. Julio Sotok urteak zeramatzan egunero, uda ala negu, hondartzan bainatuz. Laburu, berriz, lehen aldiz joana, uretara sartu ez sartu ari zen. Hotzak zegoen galdetu zion Sotok: «Lehenik belaunetara bada nahiko tarte / gero txilborreraino aparte aparte / gero sorbaldetara aparra bitarte / eta segi horrela desagertu arte». Laburuk, gizonezkoa izaki, puntu kritiko bat zuela azaldu zion: «Gizonezkoa zera uler zazun bela / bereizteko zer diran hotza ta epela / termometro bat degu ezin da bestela / ta burua sartzen du dortokak bezela».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos