Gabriel Arestiren ibilbidea gogoratuko dute 'Euskal Harria' poema liburuaren 50. urteurrenaren harira

Ekimenaren aurkezpena, Bilbon

Urriaren 11n idazle eta euskaltzain bilbotarra ondo ezagutu zuen jendea bilduko da Bilboko Plaza Barrian, eta musika kontzertuak ere egingo dituzte udazkenean zehar

Udazken honetan, batetik eta Gabriel Aresti Elkartearekin batera,'Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte' jardunaldia antolatuko dute Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak elkarlanean, urriaren 11n eta Akademiaren egoitza nagusian. Bestetik, Astelehen Buruzuria kontzertu akustikoen zikloa abiatuko da, lehenengoko emanaldia urriaren 9an izango duena. Ekimen bien helburu nagusia da Bizkaiko hiriburuan euskal kultura sustatzea.

Lehen ekintzak Gabriel Aresti poeta du ardatz. Arestiren Euskal Harria poemarioak 50 urte betetzen dituen honetan, urriaren 11n idazle eta euskaltzain bilbotarra ondo ezagutu zuen jendea bilduko da Bilboko Plaza Barrian. Tartean, Xabier Kintana, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Oskorri taldeko kideak -sei pieza joko dituzte- edo Jon Kortazar.

Horrezaz gain, Andoni Egañak eta Mikel Martinezek ere parte hartuko dute jardunaldian. Bertsolariak Arestik ahozko tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia eraikitzen egindako ahaleginak aletuko ditu, eta Mikel Martinez aktoreak idazleak Hernanin emandako hitzaldi ospetsuaren dramatizazioa egingo du.

Arratsaldean (19:00etan), Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaiaren arteko solasaldia izango da, eta ekitaldi berean Joseba Sarrionandiaren hitzak entzun ahal izango dira.

Astelehenetarako plan berriak

'Astelehen Buruzuria' egitasmoa urriaren 9an izango da lehen aldiz, eta Aitor Gorosabel eta Xabi Bastidaren (Su Ta Gar) txanda izango da; urriaren 16an bigarrena, La Basu eta Maisharekin; urriaren 23an Anariren txanda izango da, eta urriaren 30ean Inun zornotzarrarena.

Azaroan, berriz, Gorka Urbizuk joko du (6an), eta zikloa hilabete bereko 13an amaituko da, Niko Etxartek eskainiko duen kontzertuarekin. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 18:30etik aurrera egongo dira salgai 5 euroan, egun berean eta Euskaltzaindiaren egoitzan bertan, agortu arte.

Egitasmo berriaren helburuak Andres Urrutia euskaltzainak azalduta, honakoak dira: "Euskal musika hauspotu nahi dugu, euskaraz jarduten duten musikariei beste plaza bat eskainiz, zuzenean jo dezaten".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos