Flandriak Euskadirekin partekatu du kultura eta sormen industrien inguruko apustua

Jardunaldiaren une bat./IREKIA
Jardunaldiaren une bat. / IREKIA

Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek inauguratu du ‘Sormenaren sustapena Flandrian’ jardunaldia Euskadiko Artxibo Historikoan

2015 urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzak eta Flandriako Gobernuak sinatutako lankidetza-akordioaren esparruan 'Sormenaren sustapena Flandrian' jardunaldia egin da Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon. Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek inauguratu duen jardunaldian Flanders District of Creativity-ko (Flanders DC) ordezkariek hartu dute parte, Flandriako Exekutiboak enpresen eremuan sormena bultzatzeko sortutako erakundeko kideek.

Jardunaldian, Kultura eta Sormen Industrien alde egindako apustua azaldu dute Flanders DCko arduradunek, lurralde horretako kulturaren eta sormenaren inguruan berrikuntza bultzatzeko aukera bat den aldetik. Hala, Pascal Cools Flanders District of Creativity-ko zuzendariak eta Carlo Vuijlsteke sormen-distritua sareko koordinatzaileak Kultura eta Sormen Industriei lotutako sektoreetan berrikuntza bultzatzeko tresnak ezagutzera eman dituzte, baita programa zehatz batzuk ere, diseinua, moda edo bideo-jokoak bezalako sektoreen ingurukoak.

Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek adierazi duenez, "Euskadi garrantzi handiko apustua egiten ari da Kultura eta Sormen Industrien alde, eta Flandria erreferentzia da eremu horretan". "Hau bezalako jardunaldiak balio handikoak dira esperientziak trukatzeko eta etorkizuneko lankidetzei bide emateko", adierazi du. Bilbon egingo duten egonaldian, Flandriako ordezkariek Azuna Zentroa bisitatuko dute, baita Zorrotzaurreko ZWAP proiektua ere, erreferentziazko gunea KSIentzat Bizkaiko hiriburuan.

Eusko Jaurlaritza Creadis 3 Europako proiektuaren buru da; Kultura eta Sormen Industrien (KSI) eremuko ekimena da hau eta Europar Batasuneko sei lurralde lotzen ditu. Proiektu horretan, Euskadirekin batera, Estatu batek eta Europako lau lurraldek parte hartzen dute: Eslovakia, Erdialdeko Finlandia, Emilia-Romagna, Valonia eta Mendebaldeko Grezia. KSIen ikuspegiak sormenari lotutako diziplinak gehitzen ditu kulturaren eremuan, tradizioz kulturaren ertzetan kokatu izan direnak (diseinua, moda, gastronomia, bideo-jokoak…), artearen eta industriaren erdibidean dauden arloetan, alegia. Gainera, Eusko Jaurlaritzaka hainbat diru-laguntza lerro bultzatzen ditu KSIak Euskadin sustatzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos