Ion Fizek Guggenheimen ospatuko du 15. urteurrena

Ion Fiz diseinatzaileak 24 urte zituela sortu zuen bere etxea./
Ion Fiz diseinatzaileak 24 urte zituela sortu zuen bere etxea.

Eibarren jaiotako diseinatzaileak desfile berezia egingo du Bilboko museoan irailaren 25ean

M. IMAZ

Eibarren jaioa eta jaioterriko futbol taldearen zale amorratua bada ere, gazte-gazte zela joan zen Bizkaira Ion Fiz diseinatzailea, eta 2002an sortu zuen moda-etxearen hamargarren urteurrena ospatzeko egin zuen bezala, hamabosgarrena ere Bilboko Guggenheim museoan ospatuko du, irailaren 25ean egingo den desfile berezi batean. 2012ko ospakizunean, 'Fizisimo' izeneko desfilean goi-mailako joskintzako 30 jantzi aurkeztu zituen. Aurten zer egingo duen ez da oraindik argitu, baina egunotan zabaltzen ari diren txostenaren arabera "sustraietara itzuliko da euskal diseinuaren goieneko maila erakusteko". Urtebetze festa partekatu egingo dute alegia Ion Fizek eta Guggenheimek, batak 15 urte bete baditu bestea 20. urteurrena ari baita ospatzen.

Joskintzarako afizioa txikitatik izanik, Bilbon egin zituen modako ikasketak, eta oso-oso gazterik nabarmendu zen. 24 urte baino ez zituen 2002 urtean bere moda-etxea sortu zuenean. Orduz geroztik sari ugari jaso ditu, eta bere deiturapean edo Pertegaz bezalako handientzat arrakasta handiko kolekzioak sortu ditu.

Horrez gain, ez dio sekula muzin egin bere ideiak beste batzuekin partekatzeari. Hala, beste kolaborazio askoren artean, nazioarteko hanburgesategi-kate batentzako uniformeak diseinatu ditu berriki, eta Iberdrolarentzat ere egin zuen iaz bilduma berezi bat.

Une honetan, modaren mundu zailean lehen urratsak egin eta 15 urtera, etapa berri bati ekiteko prest dago Ion Fiz, Bilboko ekitaldia aurkezteko zabaldu duten txostenaren arabera. Iragan otsailean, 15. urteurrena ospatzearren sortutako 'Eccentrica' bilduma aurkeztu zuen Mercedes Benz Fashion Week Madrid-en, eta joskintza-tailerra inauguratu du Madrilen. Bertan, neurrira eta modu pertsonalizatuan egiten du lan bezeroentzat. Bilbon ere izan zuen denda Ion Fizek, baina bete-betean harrapatu zuen krisialdiak, eta 2007 urtean irekitako denda ikusgarria itxi egin behar izan zuen hiru urteren buruan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos