200dik gora film finantzatu zituzten iaz FORTAko telebistek

Jon Garaño, Andoni de Carlos, José Mari Goenaga eta Aitor Arregi, gidoi onenari emandako Goya saria jasotzeko momentuan./AFP
Jon Garaño, Andoni de Carlos, José Mari Goenaga eta Aitor Arregi, gidoi onenari emandako Goya saria jasotzeko momentuan. / AFP

Autonomia Erkidegoetako telebista publikoen

FORTA (Federación de Organismos de Radio y Televisión Autonómicos) federazioa osatzen duten 12 telebista kate autonomiko publikoek 200dik gora ikus-entzunezko proiekturen finantziazioan hartu zuten parte 2017 urtean. Fikziozko 91 luzemetraia, 77 dokumental, 19 'tv movie' eta 16 film labur sustatu zituzten, zehazki.

FORTAk nabarmendu duenez, horietako 50etik gora bolada batean itxita egon zen Valentziako telebista publikoak bultzatu zituen, Corporació Valencia de Mitjans de Comunicació delakoak 2014tik 2016 baztertuta gelditu ziren proiektuak berreskuratzeko plan bat jarri baitzuen abian.

Federazioak gogoratu du, halaber, Goya sarien azken edizioan 51 izendapen lortu zituztela ekoizleen artean autonomia erkidegoetako telebista publikoak zituzten 13 filmek, eta horietako seiren artean 18 Goya banatu zirela azkenean.

Ezinbestean aipatu dute, jakina, ETBren partaidetza duen 'Handia', 18 horietatik 10 bereganatu baititu Jon Garaño eta Aitor Arregiren filmak. TV3-ren laguntza izan duen 'Estiu 1993' pelikularen hiru sariak; Canal Sur-ek sustatutako 'El Autor'-en biak eta Balear Uharteetako IB3en laguntza izan duen 'Woody & Woody' animaziozko laburmetraiak lortutako Goya saria dira gainerakoak.

"Proiektu askori erreparatu ere ez diete egiten kate eta ekoizpen etxe handiek hasierako babes finantzariorik ez badute, eta hori eskaintzen diete autonomia erkidegoetako telebista publikoek, nahiz eta haien egitekoa ez den horretara mugatzen. Hain zuzen ere, proiektu batentzat telebista kate bateko profesionalen azterketa gainditu izana sinesgarritasun berme garrantzitsua da", adierazi du FORTAko idazkari nagusi Enrique Laucirikak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos